NAIZ

Zinegoak-ek aurtengo edizioko spota aurkeztu du, ‘Nik aukeratuak eta ez inposatuak’ lelopean

Zinegoak jaialdiak aurtengo edizioko spota aurkeztu du ostegun honetan, ‘Soy lo que quiero ser / Nik aukeratuak eta ez inposatuak’ izenburuarekin. Bertan hainbat kidek etiketen eta nortasunen inguruan hausnartzen dute.

Zinegoakek 19. edizioko spota aurkeztu ditu ostegun hoentan.
Zinegoakek 19. edizioko spota aurkeztu ditu ostegun hoentan. (@Zinegoak)

Zinegoak-ek 19. edizioko spota aurkeztu du ostegun honetan. ‘Soy lo que quiero ser / Nik aukeratuak eta ez inposatuak’ izenburupean, hainbat kidek etiketen eta nortasunen inguruan hausnartzen dute: beharrezkoak diren edo ez, zer nolako kontzeptuak erabiltzen ditugun gure buruak izendatzeko, askatasunez gure nortasuna bizitzeko aldarria...

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da, sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramanez.

Zinegoaken aurtengo irudia lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei erreferentzia egiten dieten hainbat kartelek osatuko dute, ‘Marioker’, ‘Lumatza’, ‘Soropila’, ‘Kapaza’ edo ‘Kuir’ bezalako hitzekin. Kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoakek bultzatutako ‘Nola izan/esan bollera euskaraz’ proiektuan bildu dira. Proiektu horretan, Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute.

Hiztegi horretan, Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira. Beste hitz batzuk, aldiz, hitz-jokoen bidez sortu dira, «beharra dugulako gure buruak berriro izendatzeko, erakusteko, identifikatzeko eta munduan gure lekua egiteko». Zinegoakeko kartelek, beraz, aldarrikatuko dute «eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, izanak egiten baitu izena».

Zinegoakek bere ohiko egiturari eutsiko dio, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak eginez, sexu eta genero aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jaialdiko jarduera guztiak unean indarrean dauden osasun neurriei egokituta egingo dira.

Zuzendaritza berria Zinegoaken

Gainera, Zinegoakek zuzendaritza artistiko berria izango du 19. edizioan. Alaitz Arenzana artista bilbotarrak, jaialdiaren azken edizioetan zuzendari lanak egin dituenak, lidergoa hartu du. Jaialdiak azken edizioan 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen eta urtez urte gero eta nabariagoa da hazkundea. Egoera honetan, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.

Norabide horretan, Alaitz Arenzana izango da Zinegoakeko zuzendari artistiko eta aurpegi nagusia, azken hiru urteetan Zinegoakeko zuzendaritza taldean egon ostean, Pau Guillenen lekukoa jasota.