Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Denboraren poderioz balio handiagoa hartuko duten emaitza olinpikoak

Neguko Olinpiar Jokoak amaitu zirela kasik astebete pasa denean, Rojok eta Eguibarrek beraien parte-hartzearen balorazio «positiboa» egin dute. Bi gipuzkoarrez gain, Adur Etxezarreta eta Manex Salsamendi ere lehiatu dira hitzordu olinpikoan eta beraz, lau ordezkari euskaldun izan zituen Pekinek. 

Imanol Rojo eta Lucas Eguibar, Donostian.
Imanol Rojo eta Lucas Eguibar, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Oso pozik» eta denboraldi amaierari tentuz begira azaldu dira Imanol Rojo eta Lucas Eguibar ostiral honetan Donostiako Londres Hotelean emandako prentsaurrekoan. Basque Team Fundazioko bekadun hauek Euskal Herriak Pekinen izan dituen lau ordezkarietako bi direla eta oro har, guztientzat izan da positiboa Neguko Olinpiar Jokoetako esperientzia hau. 

Adur Etxezarreta, bere debut olinpikoan, «onenekin borrokan» aritzearekin pozik agertu zen NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan; Manex Salsamendirentzat, bestalde, bere lehendabiziko Olinpiar Jokoak izan dira 19 urte besterik ez dituela –Brasilgo selekzioarekin lehiatu du–. 

Hitzordu olinpikoan esperientzia zabalagoa daukate Lucas Eguibar snowboardeko kirolariak zein Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak, bientzako hirugarren Olinpiar Jokoak izan dira Pekinekoak eta lortutako emaitzekin harro daude. Donostiarrak Sochiko zazpigarren postua berdindu du baina azken urtean bizkarreko lesioak emandako gerrarekin, «zapore ona dauka diploma olinpiko honek». Ez du ezkutatu domina bat irabaztea gustatuko litzaiokeela baina Olinpiar Jokoetarako ibilbidea «erlojuaren kontrako borroka» izanda, pozik agertu da. 

Imanol Rojok, bestalde, aise hobetu ditu Pyeongchang eta Sochiko emaitzak, Lakuako Kirol sailburu Jon Redondok gogoratu bezala. Lehiatu den hiru probetan onenen artean egon da tolosarra eta 20 onenen artean lekua egitetik gertu izan da 15x15 eskiatloi proban eta azken unean 30 kilometrora murriztu zen lasterketan –21. bukatu zuen bietan–. 15 kilometroetako estilo klasikoan 39. helmugaratu zen eta Sarajevon Girok erdietsitako emaitza hobetu zuen. 

Onartu du bere espezialitatea den 50 kilometroetako proba murriztu izanak «amorrua» sorrarazi ziola, denbora asko eman baitzuen horretarako lantzen eta sentsazio onekin iristen zelako. Nolanahi ere, egoera onartu eta onena eman ostean, Espainiako marka hautsi zuen 21. postuarekin: «Juan Jose Gutierrezen marka hobetu nahi nuen, 19. postu hori; alde horretatik, arantzarekin geratu naiz baina, oro har, pozik nago eta hemendik 20 egunetara gehiago baloratuko dut». 

Hain zuzen ere, denborarekin balio handiagoa hartuko duten emaitzak erdietsi dituzte euskaldunek eta ondorioz, Basque Teameko koordinatzaile Olatz Legarza eta Lakuako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendariak «eskerrak» eman nahi izan dizkie erakutsitako «konpromisoarengatik». Azpimarra egin zuten neguko kirol hauetan mailarik onena lortzeko etxetik kanpo atera behar izaten direla. 

Datorrenari begira

Denboraldia bere amaierara ari da iristen eta Eguibarren kasuan, Munduko Kopako bi proba geratzen zaizkio, gogoko dituen zirkuituan eta beraz, «gogotsu» dago aurre egiteko. Horren ostean, bizkarreko lesioarekin zer egin baloratu behar duela ere onartu du eta ondorioz, Milan oso urrun ikusten du. 

Mina nabaria dela helarazi nahi izan du baina «zorionez, ez du operazio kirurgikorik behar, ez oraingoz behintzat». Bizkarrezurreko disko zanpatuta dituela zehaztu du baina ez dagoela desplazamendurik eta hori ontzat jo du. Nolanahi ere, ez du aurreratu nahi izan zeintzuk izango diren bere asmoak, minak baldintzatuko baitu datorrena. «Azken urtean izan dudan minarekin jarraitu beharko banu, ez dut bideragarri ikusten hurrengo hitzordu olinpikoa», azaldu du. 

Imanol Rojo tolosarra ere tentuz agertu da datorrenari begira. Pekinen lortutako emaitza hauek motibazioz bete duten arren, urtez urte joan nahi du. Ikusi nahi du ea langa jo duen, behin betiko, edo hobetzeko ahalmena baduen. «Duela urte batzuetatik hona emaitzak hobetzen joan naiz; hasieran, lehendabiziko 30en artean, gero 20an eta orain langa jo dut, ikusiko dugu hobetzeko gai banaiz», esan du.

Dena den, sasoia bukatzeko falta zaizkion hiru probetan lehiatzeko irrikan dago, batez ere Osloko 50 kilometroetako lasterketan, «klasiko bat, lasterketa mitikoena». «Lehendabiziko 30en artean bukatuz gero, konformatuko nintzateke baina ea helmugaratu naitekeen aurreneko 20 edo 15en artean, hori oso ondo legoke», azaldu du.