Arnaitz Gorriti

Israelen jokatu behar du Saski Baskoniak, Euroligako normaltasuna berreskuratu nahian

Bere garaian covid-19agatik bertan behera geratu zen gasteiztarrek Maccabiren aurka astearte honetan jokatu beharreko partida. Ez dago, nonbait, gerra hotsak direla medio geratzeko beldurrik, joan den astean Israelek Siriaren gainera misilak jaurti arren.

Reynolds eta Williams Baskoniaren borrero izan ziren aurreneko itzulian.
Reynolds eta Williams Baskoniaren borrero izan ziren aurreneko itzulian. (Raul BOGAJO / FOKU)

Bitci Baskoniak ia hiru aste partidarik jokatzeke egon eta gero, astearte arratsaldean hautsiko du lehorte hori. Tel Aviveko Menora Mictachim Arena –edo beti esan zaion bezala, «Eliasen Eskua»– izango da gasteiztarren itzulera hori bedeinkatuko duen lekua, 20.05etatik aurrera Maccabiren aurka.

Joan zen ostegunean Unics Kazan talde tartariarra izan behar zuten arerio arabarrek Buesa Arenan, baina egun hartan bertan hasi zen Errusiak Ukrainako lurretan ekindako eraso armatua, eta hargatik, talde errusiarrek jokatu beharreko partidak bertan behera uztea erabaki zen. Biharamunean, errusiarrek lehiatzen jarraitzeko baimena ez zutela galtzen ebatzi zuen Euroligak, baina beren etxeko neurketak «kantxa neutralean» jokatzeko baldintzarekin –errusiarrek beren artean jokatu beharrekoak izan ezik, noski–. Asteburuan zehar jakina izan da, bestalde, Moskuko CSKAk Shengelia, Lundberg, Voigtmann eta Grigonis galdu dituela –Joel Bolonboy ukraniarra, antza denez, ez–, eta San Petersburgoko Zenitek Shabazz Napier Puerto Ricoko antolatzailea.

Eraso militarrak egiten dituen herrialde bati kontuak eskatzea zilegi dirudi eta hargatik, ez da harritzekoa Euroligak «kondena irmoa» adierazi izana hilaren 24tik atzera gertatzen ari den hau guztiagatik.

«Kondena irmoa» adierazi duten horien guztien artean Israelgo estatua bera ere hortxe dago. Geografikoki Asian egonagatik, aspalditik Europako txapelketetan dihardu Israelek eta Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka piztu zelarik, «Nazioarteko Zuzenbidea urratu» izana leporatu zion Errusiari; akaso arrazoi osoz, baina hain justu Errusiaren erasoa gertatu bezperan Golaneko Tontorretatik –Siriari Sei Egunetako Gudan, 1967ko ekainean, Israelek kendutako lurrak, hain zuzen– kalte materialak –kalte pertsonalik ez, zorionez– eragin zituzten misilak israeldarrek, SANA Siriako albiste agentzia ofizialaren arabera. Are gehiago, hilaren 16an Siriako hiriburu den Damascoko hegoaldean dagoen Zakyia hirira ere Israelek zenbait misil bota zituen eta kalte material handiak eragin.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak esandakoaren arabera, 2022 urtea hasi denez geroztik Israelek bost eraso burutu ditu Siriaren aurka. Hilaren 22an, berriz, Israelek okupatzen duen Cisjordaniako lurretan, protestaldi batean 14 urteko mutiko bat hil zuten Israelgo ejerzitoko soldaduek. Mohamed Shehadeh zuen izena.

Bada, aritmetika hutsagatik, esan genezake injustizia bati beste bat gehituz gero, bi injustiziaren aurrean gaudela. Alabaina, Saski Baskoniak ez zuen joan zen ostegunean Unics Kazanen aurka etxean jokatzerik izan baina astearte gauean ez du, antza, arazorik izango Tel Avivera joan, han jokatu eta ostera etxerako biderik hartzeko.

Gaitzerdi, neurri baten, nahikoa arazo baitago Eurasia zaharrean beste bat gehiago bizkar gainera botatzeko, baina era berean, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak sortu duen harrabotsa bezain adierazgarria da Israelek urteak joan eta urteak etorri egiten dituen injustizia guztien aurrean dagoen isiltasuna. Ezin jakin hildako horiek balio gutxiago ote duten beren ikuspuntuarekiko ala borreroa bakean utzi behar ote den kasu honetan.

Talde biak krisian

Bitci Baskoniak oraindik ez daki 2022 honetan Euroligan irabaztea zer den. 7-17 balantzea aldean daramala, sailkapeneko azkenaurreko postuan daude Neven Spahijarenak eta, talde errusiarrekin gertatzen dena gertatzen dela ere, ez dirudi gasteiztarrek Top 8ari usanik ere hartzerik izango ote duten aurtengo Euroligan.

Urrutiko helburuei so egiteke, hurrengo neurketei begirako lana zehaztu du batez ere Saski Baskoniak, aste honetan bertan hiru partida jokatu beharko dituela jakitun. Izan ere, Tel Aviven jokatu eta gero, ostegunean Belgraden ariko dira Neven Spahijaren gizonak, Izar Gorriaren aurka eta aste honetako «maratoia» Real Madrilen etxean amaituko dute igande arratsaldeko 18.30etan.

«Min hartutakoak sendatzeko eta behar bezala elkarrekin entrenatzeko baliatu dugu partida gabezia bolada hau», onartu du Neven Spahiajk partida bezperako prentsa agerraldian.

«Unicsen aurka etxean irabazteko moduan geundela uste dut, baina nazioarteko liskar hau sortu delako ezin izan genuen frogatu. Orain, aste honetan etxetik kanpo hiru neurketa jokatzea tokatzen zaigu eta, lastima da, zaleei garaipena eskaini nahi genien kanpoan jokatu beharreko partida hauen bezperan, baina tira, ikusi egin behar nola gauden», gaineratu du Sibenikeko entrenatzaileak.

Egunotan bizi den errealitatea ere hizpide izan du Spahijak. «Aurten gertatzen ari zaiguna ez zaigu sekula gehiago berriz gertatuko», bota du, bestalde, Baskoniaren entrenatzaileak. «Covid-19a pasa dugu, orain atzeratutako partida hauei egin behar diegu aurre, eta gutxi balitz, guda hau ere sartu zaigu erdian. Kirolean eta gure bizitza pribatuetan ez al zaigu berriz sekula halakorik pasako», desiatu du entrenatzaile kroaziarrak.

Alabaina, Maccabi bera ere ez dago kriskitinak jotzeko moduan. Azken sei neurketatik lau irabazi ditu talde israeldarrak, baina Top 8tik at jarraitzen dute hauek ere, 11-13 balantzearekin. Baina hori baino larriagoa dena, Giannis Sfairopoulos entrenatzailea bota berri du Maccabik Israelgo Kopan finalerdietako partida galdu eta gero.

Ondorioz, Baskoniak 16 egun jokatu gabe daramatzalako eta Maccabik entrenatzaile berriarekin zer atarramendu aterako duen ikusteke dagoelako, nekez antzeman dakioke astearteko neurketa nondik nora joango den.

Pasa den azaroaren 5ean jokatu zuten elkarren aurka Baskoniak eta Maccabik Zurbaon. Orduko hartan nahi bezala aritu ziren israeldarrak, 69-87 nagusitu baitziren, batez ere barruko jokalarien lan bikainari esker. Ante Zizic, Jalen Reynolds eta Derrick Williamsen artean 53 puntu sartu eta gasteiztarrak airean erabili zituzten.

«Maccabirentzat ere denboraldiko une hau nahiko arraroa da, entrenatzailea aldatu berritan. Baina beraiek beren etxean beste maila bat erakusten dute, zaleek bultza egiten dute beraien alde, baina partida hau prestatzeko nahikoa egun izan dugu eta prest gaude beraien aurka lehiatzeko», laburbildu du Saski Baskoniako entrenatzaileak, Euroligako normaltasuna berreskuratzeko gogoz, Israelen bada ere.