NAIZ

Orio eta Donostiarra, nagusi Hondarribiako XXII. Traineru Jaitsieran

Sekulako aldeak izan dira estropada guztietan. Hala, Donostiarrak 20 segundu atera dizkio bigarren sailkatu den etxeko traineruari, honek aurreneko ziabogan arraun txikia apurtu ostean. Emakumeen artean ere, Oriok ez du estutu duen inor aurkitu bidean.

Donostiarra, guztietan onena Hondarrribian.
Donostiarra, guztietan onena Hondarrribian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Donostiarra eta Orio izan dira nagusi Hondarribiko XXII. Traineru Jaitsieran. Ez dute areriorik aurkitu Txingudiko Badian jokatu den estropadan, egundoko aldeak atera dituztelako zein gizonen nola emakumeen estropadetan.

Donostiarrak bere palmaresa estreinatu du Hondarribian, neurri handi baten etxeko traineruari esker. Izan ere, «Ama Guadalupekoak» aurreneko ziabogan arraun txikia hautsi du eta handik aurrera, nahiz eta bigarren postuan amaitu duen, ez du inigo aukerarik izan etxeko estropadako bandera irabazteko.

Donostiarraren ondotik, Hondarribia, Zierbena, Ondarroa eta Getaria sailkatu dira aurreneko bost postuetan, hurrenez hurren.ç

Bidean inongo istripurik izan ez bada ere, emakumeen estropada antzera erabaki da. Oriok hasi eta buka aurretik eraman baitu bere proba. Lehenengo luzetik aurrera, «Txiki» trainerua jaun eta jabe izan da. Hala, 20 segunduko aldea atera dio bigarren postuan sailkatu den Arraun Lagunaki. Donostiarra sailkatu da hirugarren, Hibaika eta Tolosaldearen aurretik, hurrenez hurren.

Beteranoen kategorian, berriz, Fortuna nagusitu da, bigarren sailkatu den Zumaiak baino 24 segundu gutxiago erabilita.

Hondarribiko XXII. Traineru Jaitsiera Gizonen Sailkapena

1-Donostiarra 21:09.60

2-Hondarribia 21:29.67

3-Zierbena 21:38.67

4-Ondarroa 21:47.42

5-Getaria 21:49.32

Hondarribiko XXII. Traineru Jaitsiera. Emakumeen Sailkapena

1-Orio 11:52.30

2-Arraun Lagunak 12:12.17

3-Donostiarra 12:29.05

4-Hibaika 12:30.64

5-Tolosaldea 12:34.66