Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Entrevista
Zigor Etxebarria
Gernika Jai alai-ko arduradunetako bat

«Bertigo puntu handi bat ematen du, jende askoren ilusioa dago jokoan»

Umetan Gernikako Jai Alai eskolan aritu bazen ere, bizitzak beste bide batzuetatik eraman zuen Zigor Etxebarria eta Berde Produkzioak –Jai Alai News, Amerikanuak– ekoiztetxea izan du ogibide. Azken urteetan, ordea, bere pasioetako bi uztartzen ari da bere sorterrian, zinemagintza eta zesta-punta.

Zigor Etxebarria.
Zigor Etxebarria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azaroaren amaieran, malko artean Daniako pilotalekuak, AEBetako azkenak, ateak itxi zituenean, mundu guztiak argi zuen zesta-punta garai berri batean sartzera zihoala. Koadro profesionalik gabe, etorkizunak ez zuen baikor izateko motibo handirik ematen, baina era berean gauzak beste modu batera egiteko aukerak ere zabaltzen zituen. Ate horietako bat ireki zuen Gernika Jai Alaik eta, ETB-ren bultzadarekin, Winter Series  neguko txapelketa jarri zuten martxan, kirol honek neguan ere Euskal Herrian funtziona zezakeela sinetsita. Eta, bat-batean, proba gisa hasi zen hura pilotalekuetan azken urteetan bizi izan dugun iraultzarik handienetako bat izatera pasatu da. Lurrikara honek Gernikan izan du epizentroa eta bertako arduradunetako batekin izan gara, fenomeno honen berri izateko.

Winter Series edo neguko txapelketa honek sekulako mugimendua sortu du eta gu behintzat ezustean harrapatu gaitu. Espero zenuten halakorik?

Gu ere ezustean harrapatu gaitu; udan frontoia betetzea ohitura izan da azken urteetan. Ezohikoa zen gu, ia kasualitatez, hasi ginenean, baina apurka-apurka betetzen joan zen pilotalekua eta udan betetzea ohikoa bihurtu zen, baina astelehenero 1.400 pertsona sartze hau erabat ezustekoa izan da.

Hasierako asmoa beste bat zen ezta? ETBk emandako aukerari zukua atera eta eurentzat telebista saio bat osatzea.

Neguko txapelketen hau ETB eta gure arteko ekimen bat da, Estatu Batuetako azken frontoia itxi zelako, eta horren ostean pentsatu genuen ‘zerbait egin beharko da’, edo ‘hau da negu inguruan zerbait egiten saiatzeko momentua’. Udan zesta-puntak mugimendu handia dauka, agian gehiegizkoa, eta  jaialdi guztiak udan pilatzen ziren eta momentua zen gutxienez saiatzeko. Eta saiakera horretan pentsatu genuen neguko txapelketa bat egitea, eta ETBren aukera bakarra astelehenetan egitea zen. 

«Gernikan publikoa izan da lortu dugunaren gakoa eta hasiera batean publikorik gabe zerbait egitea atzerapauso bat ematea izan zitekeela uste nuen»

Nik pentsatzen nuen atzerapauso bat ere izan ahal zela. Nik beste ezertaz ezin dizut berba egin, baina Gernikan uste dut publikoa dela lortu dugunaren giltza; egon den aldaketa publiko berria, gaztea, sartzean egon da eta publikorik gabe zerbait egitea atzerapausoa ematea izan zitekeela uste nuen. Baina hori zen telebistaren aukera bakarra, aprobetxatu beharra zegoen eta esan genuen ‘astelehenetan igual bakarrik egongo gara’, baina behintzat adostu genuen hasiera eta bukaera asteburuan ematea; lehen gaua larunbatean izan zen eta finala igandearekin izango da.
Eta bat-batean dena lehertu zen. Lehen astelehenean ez genuen ezer esan eta 400 bat pertsona agertu ziren pilotalekuan; gero, ahoz aho eta Whatsappez zabaldu zen eta hurrengorako 800 ziren; hurrengoan beste hainbeste; hori zen gure muga pandemiarengatik, gero handitu zuten eta pandemiak utzi duen neurri horretan sarrera guztiak amaitu dira.

Bakarrik egotearen beldur izatetik eskakizun guztiei erantzun ezin izatera pasatu zarete, beraz?

Hori da, orain ematen du Gernikako Jai Alai txiki geratu dela. Pentsa, aste honetan 300 sarrera jarri genituen salgai finalerako, aurretik 800 salduta genituen bost egunean eta 7 minutuan  agortu dira salgai jarritakoak. 1.100 saldu ditugu, gainontzekoak konpromisoetarako dira eta gehiago ez gara kabitzen. Erabat flipatzen ari gara.

Ez dakit halako hazkunde batek bertigo apur bat ere ez ote duen emango?

Gu oraintxe momentua disfrutatzen ari gara; horretarako garaia dela uste dut eta ez buruari asko emateko. Bai, zuk esaten duzun bezala, bertigo puntu handi bat ematen du, ze jende askoren ilusioa dago jokoan eta jendeari ‘eta gero zer?’ hori gustatzen zaio. Bueno ba, orain uste dut denon artean uneaz gozatzeko unea dela.

Proposamen berri bat ekarri duzue pilotalekuetara, «speaker»-a, argiak, musika... show-ak garrantzia du eta hori izan daiteke arrakastaren parte bat?

Hau dena hasi zen “Jai Alai Blues”-en azken sekuentzia grabatzera joan ginenean. Dokumentalerako azken sekuentzia grabatu nahi genuen apur bat optimista zena; guk lau bat urte eman genituen dokumentatzen AEBetan, Mexikon, Kuban... eta zesta-puntaren dekadentzia ez dator itxi duten azken frontoitik, aspalditik datorren zerbait da. Frontoiak husten joan dira eta dekadentzia usain hori oso zinematografikoa da. Guk, zinegile moduan, pentsatu genuen ikuspuntu optimista bat eman nahi geniola gure dokumentalari, mezu baikor   bat zabaldu eta lanean jarri ginen tope.

90eko hamarkadatik Gernikako frontoia erdi hutsik egon da, babestutako ondarea  da, oso eraikin ederra. Nik betidanik ezagutu dut hangoa naizelako eta zergatik ez? Beti egon gara gauzak antolatzen, Gernikan ohitura handia dugu horretan. Lantaldeko batzuk Trinkete Antitxokoatik gatoz, 20 urtean kontzertuak eta antzerkia antolatzen aritu garenak lokal batean, eta dibertsio bezala hasi zen. Gure lanbidea era badagoenez fantasia eta ondo pasatzearekin lotuta, funtzio hori muntatu genuenean ikuskizun moduan pentsatu genuen.

Eta ez dugu ezer asmatu, speakerra, argiak eta zuzeneko musika leku askotan daude, baina bai, frontoian ez dira ikusi eta guk pentsatu genuen hauek denak jarrita ondo pasatuko genuela hau antolatzen. Eta bat-batean frontoian sekulako betekada eta giroa izan zen eta, zulo hori betetzeko beharra egon denez, jende asko batu zaigu bidean, animatu gaituzte eta zazpi urte pasatu dira ordutik.

Jende gaztearekin konektatu duzue eta hori ez da erraza gaur pilota munduan...

Bai, ikusten da jende gazte asko datorrela, baina nagusiagoak kanpoan utzi gabe. Erreleboa badago, hori da garrantzitsua. Gu ere orain ez gara hasi ginenean bezain gazteak, baina gazte ikuspuntu batetik antolatu dugu; guri gustatzen zaizkigun gauzak sartu ditugu. Gernikan funtzioa antolatu dugunean musikak eta ikuskizunak ondo funtzionatu du, baina kritika asko ere jaso ditugu, ez pentsa –barrez–. Jendeari beldurra ematen dio gauzak aldatzeak, baina orain uste dut denak pozik daudela.

Paradigma ere guztiz aldatu da oso denbora gutxian; Ameriketako Estatu Batuetan apustua zen denaren ardatza eta Gernikan hori guztia desagertu egin da, kirol ikuskizun bat da eta ez dago besterik.

Bai, guk aukera izan genuen betiko artekariekin jarraitzeko, baina inolako momentutan ez genuen pentsatu halakorik sartzea gure funtzioetan. Apusturik gabe aritzeak ez zaitu horrenbeste behartzen ez partidak berdintzera, ez ezer; bikote gazte bat kontsakratu baten aurka jar dezakezu eta ezustekoa eman. Apusturako txarra izan daiteke aukera hori, baina kentzen baduzu, ate asko zabaltzen dira.

Eta pilotariak ere erantzuten ari dira; sekulako maila erakusten ari dira eta ikuskizuna ematen.
Kristorena, argi, musika eta artefaktu guztiak atontzeko dira, baina klabea da, eta beti izango da, dauden pilotaririk onenak jartzea. Gainera, beraiek oso motibatuta daude; astean bitan edo hirutan etortzen dira Gernikara entseatzera, baita Goiko eta Lopez Zumaiatik edo Olharan eta Etcheto Iparraldetik. Ilusio handia dute eta maila ere bai.

Eta finalerdiak nola ikusten dituzu –gaur Erkiaga-Zabala/ Beaskoetxea-Aldazabal eta hurrengo astean Olharan-Etcheto / Goikoetxea-Aimar–?

Txapelketa oso orekatua dago hasieratik. Esaterako, Diegoren –Beaskoetxea– lehen partida ikusi eta pentsatu genuen ‘hauek txapelketa irabaz dezakete’, ze perfektu egin zuten dena, eta hurrengo partidan kontrakoa ez, baina erraz galdu zuten. Olharan-Etchetoren lehen partida ikusita uste genuen hauek ez zeudela oso urrun iristeko; maila baxuagoan aritu ziren, baina hurrengo jardunaldian ikaragarri jokatu zuten. Orokorrean, oso orekatua dago. Erkiaga eta Zabala dira finalerdietan bi partidak irabazita sartu den bikote bakarra baina, hala ere, lehen partidan azken set-ean irabazi zuten eta Barandikak pilota hura txapara bota izan ez balu... edozein aldetara eror zitekeen partida hura. Nik baditut nire faboritoak, baina niretzat gordeko ditut.

Aipatu duzu hau gozatzeko momentua dela, baina aurrera begira hau guztia zerbait lokala da, hau da, Gernikan bakarrik funtzionatuko duena, edo  zabal daiteke?

Ez dut uste batere produktu lokala denik. Gernikan funtzionatzen du baldintza onak daudelako, bai eraikinaren aldetik bai jendeak ondo erantzuten duelako, baina ez dut pentsatzen lokala denik, ze Gernikan bertan ikusten da astelehenero leku askotatik etortzen dela jendea eta finalerako leku guztietatik etorri nahi duen jendetza daukagu. Frontoia ez da bakarrik Gernikako jendearekin betetzen, leku askotatik etortzen da eta leku askotan funtziona dezake.

Hori ikusi da Barandika-Lekerika bikotea kanporatua geratu zenean eta, halere, azken asteetan frontoia bete izan denean.

Hala da. Ikusi da ez dagoela derrigor gernikarrik egon beharrik frontoia betetzeko. Egia da, duten adinagatik eta, eurek jokatu duten partidetan giro itzela egon dela, eta kubatarrek dioten moduan, euren «fanaticadak» asko berotzen duela giroa, baina Zabalak ere badu berea, Erkiagak ere bai... jokatzen duten tokian han agertzen dira.

Nik uste fenomeno honetan klabea izan dela guk jakin dugula azken urteetan publiko hori erakartzen, giro hori sartzen, baina honi gero batu zaio telebistaren kirol departamentuak egindako apustua. Telebista orokorrean sartu da laguntzeko gogo handiarekin; promozioan ere esfortzu handi bat egin da eta horrek sekulako bultzada eman dio honi guztiari.