Maitane Aldanondo
Entrevista
Maddi Garmendia eta Ane Urkiri
‘Kirolari gaittun’ podcast-aren sortzaileak

«Kirol mundua, emakume mundua, euskaraz... argi dago hutsune bat zegoela»

Irratian ezagutu zuten elkar Maddi Garmendiak (Lazkao, 1996) eta Ane Urkirik (Mutriku, 1993). Zenbait joan-etorriren ondoren, ‘Kirolari Gaittun’ podcasta abiatu zuten iaz. Falta zen plaza eman nahi diete emakume kirolariei eta horren ezagunak ez diren kirolei.

Maddi Garmendia eta Ane Urkiri.
Maddi Garmendia eta Ane Urkiri. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nonahi eta noiznahi entzun daitekeen edukia delako erabaki zuten ‘Kirolari Gaittun’ podcast bat izatea. Luzera malgua du eta horrek gaiak patxadaz lantzeko aukera ematen die, hedabide tradizionalek dituzten neurriak ahaztuta. Gainera, «debalde» da, egiteagatik kobratzen duten prezioan, alegia.

Nola sortu zen ‘Kirolari Gaittun’?

Maddi Garmendia: Anek Euskadi Irratian egiten zuen kolaborazioa entzuten nuen. Emakume kazetari bat, emakumezko kirola jarraitzen duena, gustatzen zait nola hitz egiten duen... ‘Hiru Erregeen Mahaia’ saioan kazetari nenbilen eta behin zuzenean sartzeko zain zegoela, eseri, eta aurkeztu egin nintzaion.

Ane Urkiri: Uste dut futbolaz aipamen bat egin zidala eta hizketan hasi ginen. Hortik hilabete batzuetara galdetu zidan Youtubeko ‘El Patio’ kanala ikusten nuen. Ezagutzen nuen, emakume futbolariak elkarrizketatzen dituzte. Hemen ere egin ahalko zela bota zidan. Hor gelditu zen. Futbolariak bakarrik izan beharrean, euskal emakumezko kirolariak har genitzakeela idatzi nion. Pandemiagatik alboratuta eduki genuen eta iazko udan egingarria zen aztertzen hasi ginen. Irailean elkartu, eta urriaren 18an grabatu genuen lehen atala, Maitane Urbietarekin.

Zailagoa izango zela uste zenuten?

A.U.: Karmele Gisasolak, adibidez, erantzun aurretik zer zen ikusten uzteko eskatu zigun. Ikusi, eta lehen egunean bertan baietz esan zigun.

M.G.: Ez dakit nola gertatu den, baina azkenaldian gertatzen ari zaigu norbaiti idatzi eta entzuten duela esatea. Orduan, errazagoa da eskatu eta baietz esatea. Hasieran geneukan beldurra ezezkoak jasotzea zen. Proiektu ezezagun bat, ez dakizu zertarako den...  

Zer harrera izan du saioak?

M.G.: Momentuz ez dugu inongo kritika negatiborik jaso.

A.U.: Kirolariek entzuten dute, kirolzaleek eta ez direnek ere bai; horrek adoretu egin gaitu. Kirolaz harago doan zerbait da; kirolariak dira erreferentzia eta uste dut kontatzen dituzten anekdotak-eta gizartearen isla direla. Horrek pozten nau. Arraun Lagunakeko presidenteak entzuten duela esatea, Bera Berako prentsa arduradunak, Maialen Chourrautek, Irene Paredesek... Ona da, baina gehienbat ingurukoek esandakoa eta izan duen hedadura.

M.G.: Gabonetan irratian Erasmusen zeuden hiru neska elkarrizketatu genituen eta bi estudiora etorri ziren. ‘Aizu, zu zara ‘Kirolari Gaittun’-ekoa?’, esan zidan batek eta pila bat gustatzen zitzaiola. Ezagutzen ez dudan norbaitek hori esateak kristoren ilusioa egin zidan.

A.U.: Sare sozialetan ere Ainara Manterolaren aurrerapen klipa, testigantza nahiko esanguratsua zena, jende askok entzun  zuen. Aletxo bat da.

Harrituta dirudizue...

A.U.: Ez genuen espero. Euskaraz, kirol mundua, emakume mundua... Argi dago hutsune bat bazegoela, baina ez genekien zer harrera izango zuen. Eta horren ona izatea... Harritzen gaitu ehundik gora erreprodukzio izateak.

M.G.: Arlo oso mugatua da. Ez genuen publiko bat bilatzeko egin, hutsune bat dagoela uste dugulako baizik.

Emakumezkoen kirolak ikusgarritasun handixeagoa lortu du azken urteetan, baina ‘Kirolari Gaittun’ bezalako bozgorailu bat falta zen.

A.U.: Hutsune bat ikusten genuen. Estatu espainiarrean bazegoen ‘El Patio’, eta Euskal Herrian horrenbeste emakume kirolari izanda, ez zegoen horrelako ezer. Bozgorailurik ez dute, garaipenik lortzen ez badute, eta lortzen badute, astebeteko kontua izaten da; gero, ahanzturan jausten da.

M.G.: Kirolari gisa ezagutzeaz gain, pertsona gisa ere ezagutzen ditugu eta hori oso garrantzitsua da ikusle edo entzuleek enpatia izateko eta hortik aurrera, nahiz eta kirola ez jarraitu, pertsona hori jarraitu edo bera gogoratzeko.

Zein helburu du proiektuak?

A.U.: Batez ere, eurei sinetsaraztea badutela zer kontatu. Plaza bat ematea, desberdintasun honek jarraitzen duen heinean, uste dugulako eurek ere espazio konkretu bat merezi dutela. Igual, diskriminazio positiboa da, baina hori egiten duten edukiak behar dira berdintasuna jomugan izateko.

Kirol minoritarioez ere aritzen zarete eta horietan ez dira emakumeak falta.

M.G.: Kirol minoritarioen elitean emakume pila bat daude; ez dugu pentsatu ere egiten! Neguko triatloia egiten duen neska segurar batek Munduko Txapelketa irabazi berri du. Trialean Irene Caminos, pilotan edo softbolean Europako Txapelketak irabazitakoak...

A.U.: Nahiko ohikoa da emakume futbolariak ikustea, baina ez da horren ohikoa ume batek trialean aritu nahi duela esatea. Ikustea bidea egin duen emakume bat badela eta posible dela, hori ere nahi dugu.

Zerrenda luzea prest

Kanpin-mahaia, bi aulki, hiru mikro, soinu-mahaia eta ordenagailua. Batetik bestera eramaten dituzte horiek, elkarrizketatua dagoen lekura. Kirolariei beren ibilbidea azaltzea eta lasai hitz egitea errazteko, haiek gustura dauden eremura joaten dira bi elkarrizketatzaileak. «Eroso egon direla adierazi digute eta horrelako saio baten beharra zegoela», esan du Ane Urkirik. Garaipenez harago joateak, gainera, hain kirolzale ez direnen jakin-mina pizten du. Maddi Garmendiak aitortu duenez, denak «miresten» ditu. «Nire erreferenteak dira; beraiengana jo, beraiekin egon eta ordubete beraiek ezagutzen pasatzea izugarria da».

Batzuk pasatu dira jada, baina badakite nor jarri nahi duten mikrofonoaren aurrean. Urkirik, Maialen Chourraut (ebakuntza bategatik elkarrizketa atzeratu du) edo pertika jauzian aritzen zen Naroa Agirre. Garmendiak, berriz, Irene Paredes; «futbolzalea naizen heinean, nire erreferente gehienak elkarrizketatu ditut, bera izan ezik. Daukadan arantzatxoa da». Baiezkoa ziur emango zietenekin hasi ziren, baina orain beste batzuekin ere saiatzeko konfiantza dute. Zerrenda prest dute eta «gero eta luzeagoa da».