NAIZ

Ukrainatik ihes egin dute gutxienez 2,5 milioi errefuxiatuk azken bi asteotan

Errusiak Ukrainari militarki eraso egin zionetik herrialdetik ihes egin dute, gutxienez, 2,5 milioi lagunek, bizitza beste herrialde batean bermatu asmoz. Era berean, bi milioi pertsona baino gehiagok beren etxea utzi dute, Ukrainaren baitan baina beste leku batean babestuz.

Errusiaren erasoaldi militarrak modu zuzenean 12 milioi pertsonari eragin die, GKE-en arabera.
Errusiaren erasoaldi militarrak modu zuzenean 12 milioi pertsonari eragin die, GKE-en arabera. (Emre CAYLAK | AFP)

Ukrainan gerra hasi zenetik, orain hamabost egun, 2,5 milioi errefuxiatuk beren sorterria utzi eta babes bila ihes egin dute beste herrialde batera. Beste asko, ordea, herrialdean bertan gelditu dira, baina haien etxeak uztera derrigortuak izan dira. Hala, Ukrainaren barruan mugiaraziak izan diren biztanleak gutxienez bi milioi dira.

Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatuentzako duen ACNUR agentziak ostiral honetan eman ditu datuok aditzera, baina zifra handitzen doa etengabe, eta joera goranzkoa dela deitoratu dute iturri berberek. Filippo Grandi ACNUReko buruak zenbaki tamalgarriak salatu ditu Twitter bidez eta gogorarazi du larriak direla, halaber, herrialdetik irten ez baina beren etxeak utzi eta lekualdatu behar izan dituztenak. «Zentzurik ez duen gerra honek milioika [pertsona] mugiarazi ditu», idatzi du.

Zenbakiak behin-behinekoak dira eta Nazio Batuen Erakundeak egin dituen lehen aurreikuspenen arabera, lau milioi pertsonek utziko dute Ukraina sorterria atzean gerrak etenik ez badu. Gobernuz kanpoko erakunde nagusien kalkuluen arabera, 12,6 milioi pertsonari eragin die modu zuzenean Errusiaren erasoaldi militarrak eta Poloniak jaso du, momentuz, errefuxiatu kopururik handiena, 1,5 milioi pertsona.

«Bakea da irtenbide bakarra»

Unicefek arreta berezia jarri du gerrak umeengan eragin dituen kalteetan. Ostiral honetan aditzera eman duenez, otsailaren 24az geroztik Ukrainatik milioi bat haurrek egin dute ihes; gehienek beren familiekin hanka egin dute Polonia, Hungaria, Eslovakia, Moldavia eta Errumaniara.

«Sorterria atzean utzi behar izan duen ume kopurua zirraragarria da, familientzat eta haien haurrentzat egoera zein etsigarria den erakusten du», adierazi du Afshan Khan Unicefek Europa eta Asia erdialdean duen ordezkariak. «Segurtasunaren bila atzean uzten ari dira ezagutzen duten guztia», erantsi du.

Unicefek bere eskuetan dagoen guztia egiten ari dela baieztatu du, baina aldarrikatu du gerraren irtenbide bakarra «bakea» dela. Erakundeak, momentuz, 318 milioi euro eskatu ditu Ukrainan gelditu diren adin txikikoen zein beste herrialde batzuetara ihe egin dutenen egoera are gehiago okertu ez dadin.