NAIZ

Joseba Iraola pilotuarekin, «Euskal Selekzioa» eskuderiak bere burua aurkeztu du

Balmasedako pilotua buru dela, Mendi Lasterketen Europako Txapelketan parte hartuko du «Euskal Selekzioak». Iraolak berak azaldu duenez, helburua «txapelketa osoa egitea da», probaren batean aurreneko hiru postuen artean sartzeko asmoaz, gainera.

«Euskal Selekzioa» eskuderiaren aurkezpena, Joseba Iraola pilotua buru dela.
«Euskal Selekzioa» eskuderiaren aurkezpena, Joseba Iraola pilotua buru dela. (EKFB)

Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Lakuako Gobernuaren lankidetzarekin, «Euskal Selekzioa» talde berria aurkeztu da ostegun honetan. Joseba Iraola pilotua izango da gidari, eta Euskal Herriko koloreak ordezkatuko ditu nazioarteko zenbait probatan, Mendi Lasterketen Europako Txapelketan.

Aurkezpen ekitaldia Bilboko Itsas Museumeko zelaigunean egin da, Angel Gurrutxaga EKFBko lehendakaria eta Iraola pilotua bertan zirela. «Proiektu polit hau aurkezteko eguna iritsi da. Oso pozik gaude. Gure helburua txapelketa osoa egitea da. Frantsesak eta italiarrak dira erreferentzia, eta nire partetik dena emango dut. Top 3en bat lortzea ideala litzateke; proba batzuetan podiumagatik borrokatuko gara, euria egiten duen edo ez ikusi behar hortarako. Joan den munduko txapelketan erakutsi genuen goian egon gaitezkeela», esan du Iraolak aurkezpenean.

Joseba Iraola, Balmasedako 39 urteko pilotua izango da «Euskal Selekzioa» automobilismo proiektuaren buru. Txirrindulari izan zen lehenengo eta automobilismoan Espainiako txapelduna da mendiko probetan. Orotara 100 lasterketa baino gehiago irabazi ditu bizkaitarak 12 urtean zehar. Esaterako, Jaizkibelgo igoera bost aldiz eraman du, eta bosgarrena izan zena 2021eko Portugalgo Munduko Mendi Txapelketan.

2022ko lehen lasterketan Aiako igoeran irabazi egin du eta errekor berria ezarri gainera. Bada, sentsazio oso onak ditu apirilaren 8an eta 9an Frantzian egingo den Europako aurreneko lasterketarako. Gero Portugalen, El Fito (Estatu espainola), Txekiar Errepublikan, Italian, Suitzan, Eslovenian eta Kroazian defendatuko ditu «Euskal Selekzioaren» koloreak.

«Lehenengo lau edo bosten artean geratu nahiko nuke, baina ikusiko dugu. Errepideak berak jartzen zaitu zure lekuan», dio Iraolak.

Txirrindularitza laga eta gero, aurrenekourtean Espainiako Txapelketan izena eman zuen eta lehen lasterketan kategoria goreneko podiumera igo zen. Asier Lasa eta Endika Garairekin Espainiako Mendi Txapelketa irabazi zuen 2016. urtean. Tamalez, 2017an ezin izan zuen titulua defendatu, istripu larri bat jasan zuelako. Autoak su hartu zuen eta gidariak erredura larriak nozitu zituen.

Ondoren, 2018ko Espainiako Mendi Txapelketako kategoria gorenera bueltatu zen, Norma M20 auto baten bolantean. Huraxe izan zuen unerik onena, Javier Villari buruz buruko lehia irabazi baitzion.

Bestalde, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak nabarmendu duenez, «gure helburu nagusietako bat euskal selekzioa sustazea dela. Zenbait modalitatetan pausoak ematen dihardugu, eta orain automobilismoan egiten da. Joseba Iraola izango da gure enbaxadorea nazioarteko proba batzuetan. Nor, Joseba baino hoberik alor honetan gu ordezkatzeko».