NAIZ

Gerra guztien kontrako manifestazioa deitu dute Iruñean intsumituak izandakoek

Gerra guztien kontrako manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean intsumitu izandako talde batek. ‘Gerrei intsumisioa: Putin ez, NATO kanpora’ lelopean egingo da manifestazioa, Gaztelu Plazatik Intsumisioaren Parkeraino.

Emakume antimilitaristek aurkeztu dute gaur Iruñean gerra guztien kontrako manifestazioa.
Emakume antimilitaristek aurkeztu dute gaur Iruñean gerra guztien kontrako manifestazioa. (@haritzpg)

‘Gerrei intsumisioa: Putin ez, NATO kanpora’ lelopean manifestazio batera deitu dute bere garaian intsumisioaren zein kontzientzia eragozpenaren aldeko mugimenduan parte hartu zuen lagun talde batek. Gaurko agerraldian lau emakume antimilitarista izan dira. Larunbatean 18.00etan Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuko da mobilizazioa Intsumisioaren Parkeraino heltzeko.

Deialdiaren atzean dagoen agiria dagoeneko 532 lagunek sinatu dute Hego Euskal Herrian. Horietatik 348 nafarrak dira. Estatu espainolean beste 1.500 lagunek sinatu dute gerra guztien kontra manifestua.

«Soldadutzaren edo Golkoko gerraren kontra borrokatu ginenok berriro gerraren aurka protesta egitera deitzen dugu», iragarri du Argiñe Salanuevak. Argiñe Unai Salanueva zenaren arreba da. Unai Txantreako intsumisoa zen eta bere buruaz beste egin zuen, Iruñeko espetxera itzuli behar ez izateko, 1997ko otsailaren 10ean. 

«Sarraskia gelditu behar da», gaineratu du Salanuevak. «Elkar ezagutzen ez dira gazteak elkarri hiltzen ari dira», nabarmendu du. Gobernuei exijitu diete alde bateko zein besteko desertoreei asilo politikoa eman diezaietela, Ukrainara armak bidaltzearen kontra egin du eta gogor kritikatu du gerraren aitzakiarekin aurrekontu militarra handitu nahi izatea.