Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Hidenao Dohino, Yokohamatik Euskal Herrira eta euskarara

Yokohamakoa (Japonia) da, 27 urte ditu eta Oñatiko Artxibo Historikoan topatu dugu 1758. urteko liburu batekin lanean. Historialaria da eta doktoretza tesia egiten ari da XVIII. mendeko Gipuzkoako matxinaden inguruan.

Hidenao Dohino historialari japoniarra.
Hidenao Dohino historialari japoniarra. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskaraz ondo egiten du. «Pandemiaren bi urteak Yokohaman eman ditut eta makaldu egin da nire euskara. Duela bi urte askoz errazago egiten nuen». Euskararen gramatika Japonian ikasi zuen eta Lekeition blaitu da euskaraz batez ere. Kuadrilla bertan dauka eta lagunarte horretan eta kale horietan jantzi du mingainean euskara. Berak ez dio ezer berezirik ikusten horri. «Konturatuta nago euskaldunentzat zein bitxia den japoniar batek euskara ikastea, asko eskertzen duzue. Hasieran harritu egiten nintzen taberna batean kafesnea euskaraz eskatu eta tabernariak zoriondu egiten ninduelako, euskaraz eskatu izanagatik. Gauza normala da herri batean bertako hizkuntza erabiltzea , ezta?».

Euskaraz dakien japoniarra da Hidenao Dohino eta horrek askoren arreta erakartzen du. Famatua egin da. «Exajeratua iruditzen zait. Asko harritzen naiz horrekin. Konturatu naiz euskaldunek zenbat eskertzen duten beren hizkuntzan hitz egitea. Ez dakit, arraroa egiten zait erreakzio hori...».

Pandemiaren latzena Yokohaman pasatu eta gero, duela bi bat hilabete bueltatu da Euskal Herrira eta hiru aste daramatza Oñatin bizitzen.

«Historia luzea da nirea. Europako historia ikasi nuen lehendabizi eta gero Espainiako historia. Madrilen masterra egin nuen. Duela 300 urteko Madrilgo langileen historia ikertu nuen; migratzaileen historia, zer-nolako sarea osatzen zuten, nolako harremanak zituzten beren herrikideekin, joan-etorrian ibiltzen ote ziren...».

Gaztelera Japonian ikasi zuen, unibertsitatean. 2014an etorri zen Estatu espainolera eta Salamancan eman zituen aste batzuk, hizkuntzaren ikasketan sakontzeko asmoz. «Hiru aste eman nituen Salamancan eta konturatu nintzen han ez nuela hizkuntza barneratuko. Salamanca hiri zoragarria da, baina kanpotar mordoa dago eta ikusi nuen ez zela gaztelania ikasteko toki onena. Benetako Espainia ezagutzeko Cuencara joan nintzen eta toki bat ezagutzeko nire metodoa erabili nuen».

Metodo horri buruz galdetuta, artxiboko lana eta kalekoa uztartzen dituela esan daiteke. «Bertako jendearekin hitz egin, festetara joan, museo etnografikoak bisitatu, liburutegietan bertako gaien inguruko liburuak miatu, unibertsitatera joan, nolako ikerketak egin diren ikusi, aurretik toki horri buruz irakurritakoak bertako jendearekin kontrastatu, bati eta besteari galdetu...».

Dohino bada artxiboko satorra, liburuetan murgiltzen den historialaria, baina antropologia ere maite du, herrien eta herritarren behatzailea ere bada. «Liburuekin bakarrik ezin da herri bat ulertu. Liburuek ez dute herri baten historia osoa kontatzen. Horregatik gustatzen zait jendearekin egotea».

Madrilen masterra egiten ari zela, aukera guztiak baliatzen zituen toki desberdinak ezagutzeko. Euskal Herriko lehen bisitan Donostia, Bilbo eta Gernika ezagutu zituen, «euskara jakin gabe etorri nintzen hasieran. Oso desberdina da Euskal Herria euskara jakinda, asko aldatzen da. Jakin-mina piztu zitzaidan eta euskarazko liburu bat erosi nuen. Oraindik ez nuen gaztelera oso ondo hitz egiten eta pentsatu nuen akaso gaztelera gehiago menderatu eta gero, euskara ikas nezakeela».

Lekeition topatu zuen euskarara hurbiltzeko modua, bertako lagun kuadrilla baten eskutik. Madrilen ikasketak egiten ari zela, hilean behin saiatzen zen Lekeitiora etortzen asteburu pasa, «oporretan bezala etortzen nintzen Lekeitiora ahal nuen guztietan». Lekeitio maite du, batez ere bertako jendea, herri bat herritarrek egiten dutela uste duelako.

Aipatu bezala, euskal gramatika Japonian ikasi zuen. Madrilen bizi zela, bertako Euskal Etxean hasi zen astean pare bat aldiz euskara klaseak hartzen. Eta, hortik, Lekeitiora. Bertako euskalkia agertzen da etengabe Dohinoren hitzetan. «Nekatuta nagoenean ez hainbeste, baina ondo sentitzen naizenean Lekeitioko euskalkia irteten zait nahi gabe. Ez naiz hizkuntzalaria, baina baditut lagun hizkuntzalariak eta haiekin asko hitz egiten dut euskarari buruz. Liburuak ere irakurtzen ditut. Egunero pentsatzen dut euskararen inguruan, beti dago nire buruan. Askotan ez dut ezer ulertzen, baina belarria jarrita, ikasten joaten naiz. Adibidez, autobus geltokian zain baldin banago, erne entzuten ditut ingurukoen elkarrizketak eta euskalkiak igartzen saiatzen naiz. Nongoak diren galdetzen diet eta euskalki bakoitza kokatzen saiatzen naiz».

Euskara interesatzen zaio eta bertsolaritza ere deskubritu du. Martxoaren hasieran, Donostiako Ibaeta auzoko Aingeru Guardakoaren jaian, oholtzara igo zen bertsolari profesionalekin eta bertso bat bota zuen. «Lehendabiziko aldiz bertso saio bat Diman ikusi nuen. Harrituta geratu nintzen eta interesa piztu zitzaidan. Bati eta besteari galdezka, bertso neurriak zeintzuk diren jakin nuen, errima nola kokatzen den... pandemian, Yokohaman itxita nengoela, bertsoak egiten hasi nintzen eta lagunei bidaltzen, urtebetetzea zoriontzeko, adibidez. Eta horrela hasi nintzen bertsoak idazten, nire kasara. Lagunek bidalitako bertsoak ikusi, analizatu, eta antzekoa egiten saiatzen naiz. Besterik gabe. Baina oraindik ez dut ondo ikasi. Badakit egitura nola den eta gutxi gorabehera nola osatzen den, baina ezin dut esan bertsotan badakidanik».

Aurten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren urtea dela esan diogu. «Joan behar dut hori ikustera, bai, noski». Eta martxan den Korrikaren berri ere ondo daki. «Niretzat bigarren Korrika izango da, aurreko edizioan ere parte hartu nuelako. Lehendabizi Ispasterretik Lekeitiora egin nuen. Gero Ermuan ere izan nintzen eta azken egunean, Gasteizen».

Gipuzkoako matxinadak

Doktoretza tesia egiten ari da duela hiru mende Gipuzkoan gertatutako matxinaden inguruan. «XVIII. mendean, 60ko hamarkadan gertatutako matxinadak ikertzen ari naiz. Matxinadak baino gehiago, herritarrek nola bizi zituzten gertaera horiek. Gariaren prezioaren igoeragatik izan ziren matxinadak, espekulazioa tarteko. Dokumentu historikoetan normalean ez da eguneroko bizitza kontatzen. Matxinaden inguruan idatzitako dokumentuetan eta erregistroetan, aldiz, informazio mordoa ageri da eguneroko bizitzari buruz. Nola bizi ziren, zergatik altxatu ziren batzuk eta beste batzuk ez, zergatik gertatu zen matxinada modu horretan, katean, herri batetik bestera zabalduz... Hori da nire ikergaia».

Duela hiru mendeko euskal herritarren matxinadak ikertzen ari da. Horrek laguntzen ote dio gaurko euskal herritarrak gehiago ulertzen? «Agian goizegi da horrelako ondorioak ateratzeko. Baina egia da euskal herritarrek beti badutela zeren alde edo zeren kontra borrokatu. Jende oso aktiboa da, antolatua, kritikoa... agian horregatik interesatzen zaizkit duela hiru mendeko matxinada horiek. Japoniako gizartea desberdina da, kolektiboa da besteak errespetatzeko eta ez molestatzeko orduan. Baina kolektiboki zerbait antolatzea gehiago kostatzen da, pausatuagoa da, lasaiagoa, ez da hainbeste mugitzen».

Hiruzpalau urtetan ikerketa horretan buru-belarri aritzea espero du; Oñatiko, Azpeitiko, Azkoitiko, Tolosako, Bergarako, Mutrikuko, Debako, Eibarko, Elgoibarko, Tolosako artxiboetan arituko da eta tarteka, agian, baita Madrilgo artxiboren batean ere.

«Orain Euskal Herrian nago eta nire ikerketarekin hemen jarraituko dut. Gero, zer? Auskalo. Urtez urte gauza mordoa gertatzen zait, jende berria ezagutzen dut eta bizipen horien arabera hartuko ditut erabakiak seguru. Espainiara iritsi eta gero nire bizitza erabat aldatu zen, eta Euskal Herrira etorri naizenean, are gehiago». Yokohamako eta Euskal Herriko bizimoduak agian ez dira hain desberdinak Hidenaorentzat, «baina ni toki batean eta bestean nola bizi naizen bai da desberdina. Japonian dena normala iruditzen zait eta ez zait bereziki ezer interesatzen. Ez naiz kalera asko ateratzen, etxean egoten naiz lanean eta liburuak irakurtzen... Euskal Herrian, berriz, dena da berria, dena jakin nahi dut eta dena ikusi nahi dut. Bertako herri guztietara joaten naiz, dena iruditzen zait berria, desberdina. Interesgarria iruditzen zait hiruzpalau urte etxetik kanpo ematea».

Eta Euskal Herria du etxe orain, nahiz eta gauza batzuetan Japoniako ohiturei eusten dien. «Nik egunero jaten dut arroza. Arroza ondo joaten da elikagai guztiekin. Japonian aukera ugariagoa dago jateko orduan. Hemen, adibidez, ogitartekoak oso lehorrak iruditzen zaizkit. Zertarako hainbeste ogi, interesgarriena ogiaren tartean baldin badago?», bota du umorez. •