Oihane Larretxea
Donostia

‘31 ipuin’, Anton Txekhoven obra antologia batean kondentsatu du Iker Sanchok

Ipuingintza modernoaren aitatzat dute askok Anton Txekhov eta bere heriotzaz geroztik mende baino gehiago pasa den honetan, bere obrak ez du eraginik galdu. Kultura eta hizkuntza errusiarrean aditua den Iker Sanchok egin du 31 ipuinen aukeraketa eta itzulpena antologia eder bat osatuz.

Iker Sancho, ‘31 ipuin’ liburuarekin.
Iker Sancho, ‘31 ipuin’ liburuarekin. (Jon URBE | FOKU)

Errusiar idazleekin gertatzen omen da gauza bitxi bat ezagutza mailaren aldetik. Alegia, Errusian idazle batzuek duten ospearen eta hortik kanpo izaten duten ospearen artean. «Bi herrien artean bueltaka gabiltzanok horrela badakigu dela», adierazi du Iker Sanchok. «Egin froga», gonbidatu du. Dostoievski nor den galdetuta, Tolstoi, edo ‘Gerra eta Bakea’ eta ‘Krimena eta Zigorra’ obrak… «Bizitza guztian liburu bat irakurri ez duenak ere ideia izango du», erantsi du.

Hori da kategoria bat. Beste kategoria bat badago, eta osatzen dute bigarren maila batean gelditzen direnak; Errusia eta literatura zaleen artean ospea handia izan dezaketenak baina publiko orokorrean oihartzunik ez duten idazleak dira. Eta hortxe kokatzen da Anton Txekhov (1860-1904), Errusiako bere garaiko gizartearen erretratu ezin finagoak egiteagatik nabarmendu zena.

Errusian eta bertako hizkuntzan zein kulturan duela hiru hamarkada erabat murgilduta, Iker Sanchok badaki zertaz ari den. Txekhoven obran sakondu du, luze eta zabal, patxadaz, ez baitago munduan gauza ederragorik. Edo gauza gutxi. Ostiral honetan aurkeztu du, Elkarren eskutik, ‘31 ipuin’, errusiarraren obra kondentsatzen duen antologia bat, aukeraketa fin eta aberats bat, horien bitartez gurutzatu ahal izango duelako irakurleak idazlearen obra-emaria.

Umore tristea, tristezia umoretsua

Bere begien aurretik pasatzen zena jaso zuen ipuinetan egileak, inguratzen zuen errealitateari ez zion sekula bizkarrik eman eta hura narrazio laburretan jasotzeko trebezia erakutsi zuen. Umore tristeaz, edo tristezia umoretsuaz egin zuen garai hartako Errusiaren erradiografia, azaldu du Sanchok.

Jendarte guztia dago Txekhoven ipuinetan: XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasieran Errusian egon zitezkeen pertsonaiak bildu zituen, eta aritu zen ustelkeriaz, noble txikiez, funtzionarioez eta baserritarrez. Badaude poliziak oso apal jokatzen dutenak bere gainetik daudenekin, baina guztiz gorrotagarriak direnak azpian daudenekin. Familia ere bada beste gai nuklear bat. «Oso harreman zaila izan zuen aitarekin. Txekhoven aita jaio zenean, ez zen eskubide guztiak zituen hiritarra, serbu bat zen, eta bere askatasuna erosi zuen. Hori ere asko islatu zuen, jarri zuen askotan zalantzan bere aitak erositako askatasun hori benetan askatasuna ote zen,eta  benetan libre ote garen hausnartu zuen…».

Bera medikua zen, eta garai hartan sentsibilitate sozial bat bazuen, ikusten zituen gauza asko besteek ikusten ez zituztenak. Baina bere bizitza erdian mediku gaixo bat izan zen, tuberkulosiak jota bizi izan zelako. Garaiko Errusiako janaria agertzen da eta Siberiara erbesteratutako jendearen errealitatea ere kontatzen da. Dena delako gaia, «ipuinek giro goxo batean murgiltzen gaituzte, egoera triste edo umoretsu bat islatzen ari denean sensazio berdina duzu gutxi gorabehera. Goxotasuna iradokitzen didate», esan du itzultzaileak. 

Aurreiritzirik gabe, irakurri

Aukeraketa bera Sanchok egin du, eta ez da gai makala izan. 700 ipuinetik gora idatzi zituen, eta lehen garaikoak gehiago dira, baina laburrak dira; aldiz azken aroan idatzi zituenak gutxiago dira, baina luzeagoak eta sakonagoak. Oreka bilatzea izan da gakoetako bat.

«Txekhovek erregistro guztiak ditu. Gaur egungo irakurketa modurako edo bizimodurako nahiko egokia da, zeren jende askok ez du denbora, gogoa edo pazientzientziarik ‘Gerra eta bakea’ irakurtzeko, baina Txekhoven ipuinak aldiz oso erraz irakurtzen dira, gaztetan idatzitakoak oso motzak dira, hirizpalau orri baino ez dituzte, erraz irakurtzen dira baina ez dira arinak, beti ematen baitute zer pentsatua».

Sanchoren aburuz, «bai egoera orokorragatik, bere idazkeragatik, eta mundu guztiak onartzen duen kalitateagatik, benetan Txekhoven ipuinak irakurri beharrekoak dira. Gauza asko esan daitezke Txekhovi buruz eta haien ipuinei buruz. Baina aldarrikatu nahiko nuke hain zuzen literaturak duen eta izan beharko lukeen ahalmen hori pertsonengan, enpatia bultzatzeko edo indartzeko, eta ez bakarrik gurean», eskatu du.

Gaur egungo egoera alde batera utzita, historikoki «aurreiritzi gutxi dugunez Errusiaz», egileak uste du enpatiarako tarte handiagoa dugula, hau da «Txekhov hartu eta ikusi zer esan behar digun, eta ausartuko nintzateke, Txekhov irakurri behar duela ez bakarrik euskaldunak, munduko biztanleak, baizik Errusiako biztanleak».

Bere ustez, Errusian literaturarekin Euskal Herrian euskararekin bezala gertatzen da. «Maite nazazu gutxiago eta hitzegin nazazu gehiago», erantsi du.

Errusiak Ukrainari eraso egin zionean, «histeria kolektibo neurri batean ulergarri horren testuinguruan», izan zen albiste Dostoyevskiri buruzko ikastaro baten debekua, ‘Solaris’ pelikularen debekua…  «Iker, momentu ederra aukeratu duk Txekhov itzuli eta argitaratzeko», esan omen zion bere buruari. Baina bere ustez, momentu egoki bat badago («ez dut uste desegokia dagoenik», esan du), Txekhov irakurtzeko, hau da.

Zentzu horretan, Euskal Herria eta Errusiaren arteko harremanaz mintzatu da itzultzailea, «Espainiara ere zabaldu daitekeena». «Badugu berezitasun bat (…), eta da exotikoak garela elkarrentzat. Gu Errusiarentzat, eta alderantziz. Urrun dago, ez dago harremanik, ez dugu gerrarik izan, ez dugu elkar inbaditu… ez dago aurreiritzirik oro har. Uste dut gai garela exotikoa den neurrian eta urrunekoa, Txekhov bezalako bat irakurtzeko burua garbi, aurreiritzirik gabe». Egungo errealitatea alde batera utziz.

«Anton Txekhov poeta XIX. mendeko ipungile handiena izan zen, ospetsuena, ipuingintza modernoaren taxua ezarri zuena, eta askok ipuingintza errealistaren aitatzat dute», esan dute aurkezpenean. Bkoitzari dagokiona.