NAIZ

Trikitixa doinuz beteta iritsi da Araba Euskarazen aurtengo kanta, ‘Zortzi alaba dantzari’

Manex Agirre bertsolariak, Sukasuan taldeak eta Dupla bikoteak ‘Zortzi alaba dantzari’ kanta aurkeztu dute, Araba Euskaraz-en 42.edizio honetako kanta ofiziala izango dena.

‘Zortzigarren alaba dantzari’ kantaren aurkezpen ekitaldia.
‘Zortzigarren alaba dantzari’ kantaren aurkezpen ekitaldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Manex Agirre bertsolariak, Sukasuan eta Dupla talde aguraindarrek ostiral honetan Gasteizen aurkeztu dute Araba Euskaraz-en edizio honetako kanta ofiziala eta bere bideoklipa izango dena: ‘Zortzi alaba dantzari’ (hemen ikusgai). Agirrek letra idatzi duen bitartean, Sukasuan eta Dupla taldeak melodia jartzeaz arduratu dira. Kantan, Sukasuan taldeak ohikoak dituen trikitxa doinuen aldeko apustua egin dute musikariek.

Bideoklipari dagokionez, Unai Martinek eta Julen Garciak hartu dute hau burutzeko lana; Martinek zuzendari gisa eta Garciak, aldiz, kameraren atzean. Guztien artean, abesti «alai, dantzagarri eta mezuz betea» sortu dutela ebatzi du lantaldeak. Gainera, Araba Euskaraz-en aburuz, «bideoklipak ikusgarritasuna ematen die abestiaren ezaugarri nagusiei».

Kantak izan ditzakeen bertuteen artean, elkarlana nabarmendu dute egileek, Araba Euskaraz ekimenaren funtsezko elementua baita: «Elkarlanean eta auzolanean eginiko kanta duzue, elkarlana eta auzolana baitira gure jaia antolatzeko ardatz».

Abestiaren izenburuari dagokionez, aurtengo leloarekin lotura zuzena duela azaldu du Araba Euskaraz-ek: «‘Zortzigarren alaba’ da lelo hori; Trebiñuri eta Argantzun ikastolari egiten dio erreferentzia, eta baita Gorka Knörr-en ‘Araba’ abestiari ere. Era berean, batasuna ere adierazten du, zortziak bat direlako, kuadrillak bezala, ikastolak, eta lehen aipatu bezala, zortzi ikastolak elkarrekin ari direlako Araba Euskaraz antolatzen».

Olarizu, ekainak 19

Araba Euskaraz datorren ekainaren 19an, larunbatean, ospatuko da Olarizun, Gasteizen. Hori horrela, bertan plazaratuko dituzten aldarrikapen nagusiak Arabako ikastolen batasuna eta Trebiñu Araba dela izango dira, besteak beste.

«Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba», esplikatu du Araba Euskaraz ekimenak.