Arnaitz Gorriti

Yannick Wetzell Baskoniako pibot berriak aitortu du ez diola beldurrik «gogor jokatzeari»

Zeelanda Berriko jokalariak bere burua ostegun honetan erakutsi du Saski Baskoniako jokalari berri gisa. Talde gasteiztarraren «profesionaltasuna» goraipatu du ezer baino lehen, eta hegal-pibot zein pibot moduan jokatzeko prest azaldu da. 10 zenbakia eramango du.

Yannick Wetzell Felix Fernandez Saski Baskoniako zuzendari orokorrarekin bere aurkezpenean.
Yannick Wetzell Felix Fernandez Saski Baskoniako zuzendari orokorrarekin bere aurkezpenean. (SASKI BASKONIA)

Landry Nnokok Bitci Baskonia laga zuenetik pibot baten faltan zebilen talde gasteiztarra, baina halakoren batean azaldu da: Yannick Wetzell, 25 urte –26 beteko ditu uztailean– eta 2,08 metroko Zeelanda Berriko hegal-pibota. New Zealand Breakers taldetik dator denboraldi hau eta 2022/23 sasoia jokatzeko Saski Baskoniak egin duen fitxaketa. Ostegun honetan aurkeztu du bere burua kazetarien aurrean, nahiz eta aurreko egunetan Saski Baskoniaren webgunean adierazpen gutxi batzuk egin. 10 zenbakiarekin jokatuko du Samoako hiritartasuna duen jokalari honek –hargatik, "Cotonouko Hitzarmenari" atxikita, komunitario izango da– eta «gogor jokatzeko beldurrik gabe» datorrela aitortu du.

«Ikaragarria izan da klub honetara etortzea. Erabaki zaila izan da, halaber, nire aurreko taldearekin denboraldia amaitu bitarte lotura nuelako, baina erraztasun guztiak eman dizkidate hona etorri ahal izateko», adierazi du Wetzellek. Aipatu behar da New Zealand Breakers taldeko arduradunetako bat Matt Walsh jokalari ohia dela, bere sasoian Saski Baskonian hilabete gutxi batzutan jokatutakoa eta, neurri batean, erraztasunak ere hortik etorri dira, nolabait esateko.

Ozeaniako jokalarien ohiko ezaugarria da ez inori ez ezeri beldurrik izatea, talentua gorabehera. Zentzu horretan, «jokoa lohitzen denean ere gogor ekiteko» beldurrik ez duela azpimarratu du Wetzellek, jakinean uneotan Saski Baskoniak pibot argi bakarra duela: Steven Enoch, alegia, Matt Costello bera ere pibot eta hegal-pibot postuan dantzan aritzen delako; zer esanik ez Tadas Sedekerskis edo Alec Petersi buruz.

«Saskibaloian egiaz bi postu bakarrik daude: kantxa barruan edo kanpoan», erantzun du Wetzellek bere postuari buruz galdetu zaionean. «Australian pibot legez aritu naiz batez ere –17,7 puntu eta 8,2 errebote lortu ditu batez beste, gogan izan behar da–, baina entrenatzaileak zer eskatu, hura emateko ez daukat arazorik. Defentsako zati garrantzitsu izatea gustuko dut eta erasoan, berriz, blokeo eta jarraipenean fina naizela esango nuke, oin arinak dauzkadalako», laburbildu du bere jokamoldea.

Oraindik taldekide berriak ia ez ditu ezagutzen, entrenamendu gutxi batzuk baino ez baititu egin, baina klubaren «profesionaltasunarekin» pozarren azaldu da Baskoniako jokalari berria. «Buesa Arena ikusgarria da, baina batez ere klub hau oso prefesionala dela, behar bezala koipezturiko makina bat bailitzan», aipatu du.

«Nire betebeharra hemen entrenatzailea lerratzen den horretara egokitzea, gogor jokatzea eta ahalik eta partida gehien irabaztea da. Noraino iritsi naitekeen entrenatzaileak esandakoari ohitzera joaten naizen heinean eta neurketetan erakusten dudan horren arabera ikusi beharko», amaitu du bere aurkezpena Yannick Wetzellek.

Zurbao «gotorleku» bihurtu

Ohikoa den moduan, Felix Fernandez Saski Baskoniako zuzendari orokorra izan du lagun Yannick Wetzellek bere aurkezpenean. «Jokalari konpletoa, goitik beherakoa» dela azpimarratu du Fernandezek. Printzipioz pibot postuan jokatzeko letorke, baina «egungo saskibaloian postu espezifikoak desagertze bidean daude», ohartarazi du, bide batez.

Bost jardunaldi falta dira ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko eta ikusteko dago Bitci Baskonia play-offetara sailkatuko den. Uneotan muga-mugan daude Neven Spahijarenak, zortzigarren postuan, UCAM Murtziarekiko garaipen bakarreko aldearekin.

«Bost partida falta zaizkigu eta bost final dira guretzat», aitortu du Fernandezek eta Buesa Arena «gotorleku» bihurtu behar dela ere azpimarratu du. «Erregulartasuna falta zaio taldeari, eta hargatik ez dugu gure etxea gotorleku bihurtzerik lortu, baina horrek behar du gure xedea», aipatu du.

Izan ere, bost neurketetatik hiru etxean jokatu behar ditu talde arabarrak: igande honetan Manresa iritsiko da Buesa Arenara, eta hurrengo jardunaldietan Zaragoza eta Joventut –Fase Erregularreko azken aurkaria– etorriko dira. Etxetik kanpo, berriz, Ibon Navarrok zuzentzen duen Unicaja izango du arerio Malagan eta Txus Vidorretaren aginduetara dabilen Lenovo Teneriferi egin beharko dio bisita azkenaurreko jardunaldian.

«Taldeak tarteka aurrerapauso bat ematen duela nabarmena da, baina hurrengoan berriz ere atzerantz egiten du. Erregulartasun hori falta zaio taldeari, baina zer emateko gai den badakigulako, gehiago eskatu behar zaio», azaldu du Fernandezek.

Azkenik, eta ohikoa duen moduan, ez du jokalarien multzoa «itxitzat» jo Saski Baskoniako zuzendari orokorrak. «Badakizue kluba beti merkatuan zer aurkituko dabilela eta hainbat operazio martxan jartzen ahalegindu gara. Baina zaila da sasoi honetan jokalari onak ekartzea, jatorrizko taldeek ere eurekin nahi izaten dituztelako jokalariok», onartu du.