Jon Ormazabal

Joseba Ezkurdiaren azkenetariko erronka

Azken bi urteetan, denera hirutan, igandean arerio izango duen Jokin Altunak eten du arbizuarraren ibilbidea Buruz Burukoan, txapela janzteko geratzen zaion lehiaketa bakarra.

Arazorik ez da izan iganderako material aukeraketan.
Arazorik ez da izan iganderako material aukeraketan. (ASPEPELOTA.EUS)

Aurreko asteburuan eramandako jipoi fisiko eta mentaletik oraindik osatzeke –garaipena eskuratuta lan horiek beti dira errazagoak– Buruz Buruko txapelketan jarraitzen duten pilotariek dagoeneko hurrengo jardunaldian dute burua eta jokatuko diren partiden artean Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak elkarren artean jokatu beharrekoak aparteko ikusmina sortu du, biak baitira txapela janzteko faborito garbiak, are gehiago ligaxkako lehen puntua zakuratuta. Aspeko bi aurrelari nagusienek enpresaren pilotalekuan jokatuko dute elkarren aurka eta puntuaz harago, partidak baditu pizgarri bereziak, bereziki arbizuarrarentzat.

Izan ere, Binaka eta Lau eta erdian bina txapel jantzita, Buruz Burukoa da irabazteko geratzen zaion bakarra eta finalerako bide horretan, Jokin Altuna izan du azken urteetan gainditu ezineko arerioa. 2018an finalerdietan, Bilbon, 22-17 gailendu zitzaion amezketarra, 2020an final laurdenetan 22-18 Eibarren bertan eta iaz, berriz ere final laurdenetan 15-22 Donostian.

Ezin ukatu, beraz, txapelduna gainditzea buruan oso sartua duen zerbait izatea, nahiz eta oraingoan partida ez izan hil edo bizikoa. «Bai azkenean Jokin piloatri handi bat da eta beti da zaila berari irabaztea eta beti dut horretarako gogoa. Beti partida gogorrak jokatu ditugu elkarren aurka, baina azkenean bera gailendu zait. Espero bera gainditzeko eguna gero eta gertuago egotea ea igande honetan den, azaldu du arbizuarrak goizeko material aukeraketan.

Oparirik ez

Irabazten diren partidetatik baino, galtzen diren horietaz ikasten omen da gehien eta aurrelari nafarrak atera ditu bere ikasgaiak aurrekari horietatik. «Jokinen aurkakoak partida exigenteak izaten dira, erritmo handikoak, baian kontua da Jokinek oso pilota gutxi oparitzen dituela eta ia perfekziora heltzea behartzen zaitu. Sentsazioa daukat batzuetan opari batzuk gehitxo egin ditudala, baina helburua azkenera arte borrokatzea da. Irabazi nahi badut, sakean hobetu beharra daukat eta hortik, erritmoa ni jartzen saiatu», azaldu du.

Garrantzia kendu nahi izan dion arren, zuzenean ez bada ere, Jokin Altunak onartu du igandeko partida eskuetatik justu xamar amaitu zuela eta igandera begira ondo egotea espero du, azkar errekuperatzen ohitua dagoelako.

Aurkariari neurria hartua ote dion galdetua, txapeldunak argi dauka hori ez dela horrela. «Lau eta erdiko bi finalak bere aurka galdu nituenean antzeko zerbait esaten zen nitaz eta hori ez da horrela. Elkarren aurka  partida oso orekatuak eta gogorrak jokatu ditugu buruz buru, detaileengatik erabaki direnak. Era guztietako esperientziak izan ditugu eta pilotari ikaragarria da Joseba, bere aurka asko ikasi izan dut», azaldu du final erdietarako txartel erdia eman diezaiokeen lehiaren aurretik.