Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

0-3 Plataforma: «Borondate politiko gutxi dago eta astelehenean greba mugagabea hasiko da»

0-3 Plataforma Iruñeko Parlamentuaren atarian bildu da gaur arratsaldean, bertan eztabaidatuko den mozioaren harira, zeinetan hezkuntza ziklo hau «duintzea» eskatzen zaion nafar Gobernuari. Astelehenean greba abiatuko dute haur eskoletako langileek.

0-3 Plataformako kideak, nafar Parlamentuaren atarian.
0-3 Plataformako kideak, nafar Parlamentuaren atarian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Parlamentuak 0-3 Plataformaren aldarrikapenak babestu eta 0-3 zikloa «hezkuntza ziklo gisa duintzearen» aldeko apustua egiten duen mozioa eztabaidatuko du, EH Bilduk, Geroa Baik eta I-Ek aurkeztuta.

Astelehenean abiatuko dute graba mugagabea Nafarroako haur eskoletan eta gaur arratsaldean Parlamentuaren aurrean elkartu dira plataformako kideak. Bertan, haien aldarrikapenak ekarri dituzte gogora. «Alde batetik, udalentzako finantzaketa nahikoa, 0-3 urteko zikloari eusteko, doakotasuna eta hau lantzeko mahaiaren sorreran gu eragile aktiboa izatea, parte hartzeko eta gure aldarrikapenak planteatzeko».

Gaur alderdi politikoen jarrera agerian geratuko dela iritzi dute. «Ikusiko dugu ea egia den Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko batzuek haiekin izan ditugun bileretan esan digutena». Bitartean «itxarotea» eta «ondorioak ateratzea» dagokiela uste du Gardek.

Hori bai, mozioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Aurrera aterako balitz, mugarri bat jarriko luke, Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio sor dezala eragile aktibo gisa nahi ez gaituzten mahai hori». Hala ere, mahai horren nondik norakoak ez dakizkitela azpimarratu du. «Ez dakigu erakunde hori zenbatean behin bilduko den, zer helburu dituen, zer lan-plan eta zer epe dituen. Ez da nahikoa greba bertan behera uzteko».

Atzo Hezkuntza Departamentuarekin, Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin eta Nafarroako Herri eta Kontzejuen Federazioarekin bildu ziren. «Presaka eta azken unean gonbidatu gintuzten», kritikatu du. «Ikusi dugu borondate politiko gutxi dagoela arazo horri irtenbidea emateko».

«Zalantzak izan genituen atzoko bilerara joateko, nola gonbidatu gintuzten ikusita. Baina plataformatik beti defendatu dugu 0-3 zikloa landu egin behar dela, hitz egitera eseri, eta erabaki genuen ez ginela geu izango mahai horri boikota egingo geniokeenak. Gure aldarrikapenak entzun zituzten, baina argi dago ez dutela zezena adarretatik hartzeko asmorik. Atzo, Hezkuntzako sailburuak udaletako teilatura bota zuen berriro pilota, eta arazo guztien erantzukizuna udalei egotzi zien», gehitu du Gardek.

Hori dela-eta, argi dute: grebak aurrera jarraitzen du. Eta astelehenean, Sarrigurengo haur eskolara gerturatuko dira, babesa ematera. «Bertan gertatzen ari dena basakeria bat da. Ezer gertatzen ez bada zorionez izango da, astelehenean haurrek edozer gertatzeko arriskua baitute». Izan ere, %50eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte bertan. Gardek jakinarazi duenez, hainbat gurasok, haiekin bat eginez, baieztatu diete ez dituztela seme-alabak haur eskolara eramango.