Iraide Ibarrondo

Ernaik mobilizazioak deitu ditu Bilbon epaituko dituzten zazpi gazteei babesa helarazteko

Ernaik manifestazioa egingo du ekainaren 4an Bilbon, iazko maiatzean Ertzaintzak Bizkaiko hiriburuan atxilotu zituen zazpi gazteei babesa helarazteko helburuarekin. Ekainaren 15ean epaituko dituzte auziperatuak.

Ane Alavak, Ernaiko 50 kide ingururekin batera, mobilizazioak iragarri ditu datorren ekainaren 4rako.
Ane Alavak, Ernaiko 50 kide ingururekin batera, mobilizazioak iragarri ditu datorren ekainaren 4rako. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ernai gazte antolakundeak agerraldia egin du ostegun honetan Bilboko Albia lorategietan, Sabin Etxearen, EAJren egoitzaren, aurrean. Ez da kasualitatez aukeratutako toki bat izan, iazko maiatzean Ertzaintzak zazpi gazte atxilotu baitzituen bertan. Gazte hauek datorren ekainaren 15ean epaituko dituzte, «autoritatearen aurkako atentatua» eta lesio delituak egotzita. Erantzun gisa, Ernaik auzipetuei babesa helarazteko manifestazioa deitu du datorren ekainaren 4rako, Bilbon: 17.30ean abiatuko da, Plaza Eliptikotik. Epaiketaren egunean ere elkarretaratze bat egingo dute auzitegiaren aurrean helburu berdinarekin.

Ane Alavak, Ernaiko bozeramaileak, kritikatu du auziperatutako gazteek, orotara, hamabi eta hemezortzi hilabete bitarteko espetxe zigor eta 20.000 euro baino gehiagoko isun eskaerei egin beharko dietela aurre. Zehazki, Fiskaltzak urtebeteko espetxe zigorra eskatzen du sei akusaturentzat eta zazpigarrenarentzat, aldiz, 18 hilabeteko kartzela zigorra.

Hori horrela, Alavak salatu du «muntai polizial» berri baten aurrean daudela, eta epaiketa gazte borrokaren aurkako «beste eraso bat» dela. «Ondo dakigu hau ez dela zazpi gazteren kontrako epaiketa hutsa, hau gazteon eskubide bizitza duinen alde lan egiten dugun guztion aurkako epaiketa da», deitoratu du, bere atzean kokatuta zeuden Ernaiko beste 50 kide inguruk bere adierazpenak berretsi dituzten bitartean.

Hortaz gain, Ernaik gaitzetsi du iaz mobilizatzeko izan zituzten arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela: «Duela urtebete, gazteon langabezia eta prekarizazio estrukturala, etxebizitza lortu eta emantzipatzeko ezintasuna, hezkuntza sistemaren pribatizazioa, osasun mentalean gaixotasun psikosozialen areagotzea eta gazteriaren kontrako kriminalizazioagatik irten ginen kalera. Egun, egoera hori ez da aldatu, are gehiago, okertzen jarraitzen du».

‘Larrialdi egoeran gaude’

Iragan den maiatzean ‘Larrialdi egoeran gaude’ lelopean Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioen ostean, Ertzaintzak zortzigarren lagun bat atxilotu zuen Gasteizen. Alabaina, Alavak azaldu du zortzigarren gazte hau, galdeketa baten ostean, absolbitua gelditu zela.

Atxiloketez gain, Ernairen kalkuluen arabera, «60 gazte baino gehiago» zauritu zituzten ertzainek mobilizazio horietan eta, ildo horretatik, Alavak Lakuako Gobernuari indarkeria poliziala «bere arduragabekeria estaltzeko» erabili zuela aurpegiratu dio.