NAIZ

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko parte-hartzaileen izenak jakinarazi dituzte

Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek. Arabako parte-hartzaileen izenen faltan, bertsolarien behin-behineko zerrenda jakinarazi du Bertsozale Elkarteak.

Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean.
Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean. (Aritz Loiola)

Bertsozale Elkarteak jakinarazi ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioko parte-hartzaileak. Duela zenbait hilabete iragarri bezala, udazkenean jokatuko da. Irailaren 24an abiatuko da Getxon eta Iruñeko Nafarroa Arenan egingo da finala, abenduaren 18an.

Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek. 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 2021ean amaitutako Bizkaikoan, Nafarroakoan eta Xilaban (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa), eta oraintxe jokatzen ari den Arabako Bertsolari Txapelketan.

«Azken hau ezustean atzeratu behar izan zen neguko osasun egoera tarteko eta ekainean amaitzen denean irekiko zaie sailkatuei izena emateko aukera; orduan ezagutuko ditugu Txapelketa Nagusiko ordezkari arabarrak», azaldu dute Bertsozale Elkartetik.

Beraz, Arabako parte-hartzaileen izenen faltan, hau da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolarien behin-behineko zerrenda:

Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amets Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Maialen Lujanbio Zugasti, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Sustrai Colina Acordarrementeria, Unai Agirre Goia, Unai Gaztelumendi Arandia, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria.

Ekainaren 22an aurkeztuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta orduan emango ditu xehetasun gehiago Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.

Jon Maiaren agurra

Jon Maiak agur esan dio txapelketari sare sozialen bitartez. 4 aldiz finalista izandako bertsolariak 2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalean botatako azken agurra gogoratu du txapelketa agurtzeko:

Jon Maiarekin batera, honako hauek ere uko egin diote txapelketan parte hartzeari: Etxahun Lekue Etxebarria, Odei Barroso Gomila, Jokin Uranga Isuskiza, Beñat Lizaso Alberdi, Unai Muñoa Amundarain eta Iñigo Izagirre Urteagak.