Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Nafarroako alargunak XVI. eta XVII. mendean, kontrola eta askatasun poxi bat

XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroako emakume alargunak zorrotz eta bortitz kontrolatzen zituzten, garaiko begiratuaren arabera arriskutsu egiten zituzten ezaugarriak zituztelako: gizonik gabe egotearen askatasuna, esperientzia sexuala eta, askotan, ondarea kudeatzeko gaitasuna.

Amaia Nausia Pimoulier historialaria.
Amaia Nausia Pimoulier historialaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Amaia Nausia Pimoulier Historian doktorea da eta tesia XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroako alargunen inguruan josi zuen. Orain, berriz, tesi mamitsu horren laburpen bat ondu du Txalaparta argitaletxearekin. “Ni casadas ni sepultadas. Las viudas: Una historia de resistencia femenina” izenburuarekin datorren lanak hortxe jartzen du fokua, XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroako alargunen gainean. Baina nahikoa da bista pixka bat altxatzea gaurko lokatz asko ordutik datozela konturatzeko.

«Nire asmoa edo historiarekiko interesa hortik doa; gaur egungoa ulertzeko gakoak lortzea. Gainera, patriarkatuak nola funtzionatzen duen eta diskurtso batzuk nola eraikitzen diren ulertzeko gako asko XVI. mendean daudela uste dut», azaldu du GAUR8ko kolaboratzaileak. Historia eta historiografia tradizionalaren inguruko liburuetan, hitzaldietan, erakusketetan, ikasmaterialetan... gizonezkoak protagonista diren eremuak dira nagusi. «Historia politikoa, instituzionala, erregeen bizitza, noizbehinka erreginaren baten bizitza... Baina, orokorrean, gizonezkoak protagonista izan diren historiaren partea kontatu digute. Nire interesa beti izan da emakumeok protagonista izan garen eremu horiei buruz hitz egitea. Esan izan zaigu ez garela protagonista izan, baina kontua da begirada aldatu behar dela. Badaude beste eremu batzuk garrantzirik eman ez zaienak, hain zuzen ere emakumeak egon garelako hor. Historiaren bazterretan geratu bagara emakumeak, alargunak bazter horien bazterretan geratu dira eta horregatik iruditzen zitzaidan interesgarria».

Eta zergatik XVI. eta XVII. mendeak? «Historialari bezala oso interesgarriak iruditzen zaizkit, gaur egun ditugun egitura mental asko garai horretan eraikitzen direla uste dudalako. Oso atzetik datozen kontuak dira, baina XVI. eta XVII. mendeetan errotzen dira. Estatu modernoa eta gaur egun Europan ditugun estatu gehienak XVI. mendean sortu ziren; estatu hori nola eraikitzen den, jendea diziplinatzeko eta doktrinatzeko zer-nolako diskurtsoak erabiltzen dituen... interesgarria da. Eta batez ere, ikustea emakumeentzat zein bortitzak izan ziren mende horiek, atzerapauso asko izan genituelako. Iruditzen zitzaidan oso ongi islatzen zutela patriarkatuaren errotzea une horretan».

Hartara, testuinguru horretan, XVI. eta XVII. mendeetako alargunak «arriskutsuak» ziren sistemarentzat. «Gizonik gabeko emakumeak ziren eta hein batean askeago izan zitezkeen. Hala ere, aldi berean, askatasun horrek kontrol zorrotzagoa ekartzen zuen. Figura bezala interesgarria iruditzen zitzaidan txanponaren bi aldeak biltzen dituelako. Batetik, mina dakar eta gogorra da; galera, tristura eta kasu gehienetan, pobrezia zekarrelako. Baina, bestetik, beren bizitzan lehen aldiz erabakitzeko gaitasuna izatea ekartzen zien alarguntasunak. Konplexua da alarguntasuna eta interesgarria horregatik».

Txanponaren bi aldeak

Senarraren heriotzak orokorrean pobrezia ekartzen zien emakumeei. «Berdin zen zein egoera ekonomiko zuen emakume horrek, azkenean gizarte patriarkal horretan iturri ekonomiko nagusia gizonaren lanaren bidez lortzen baitzuen familia horrek. Galera horrek askotan pobrezia eta mendekotasuna zekartzan. Oso egoera latzak bizi izan zituzten». Babesgabetasun sentsazioa eta jendartearen erabateko kontrola sufritzen zituen alargunak bere azalean. Bestetik, askatasun modukoa ere bazekarren alarguntasunak, jabetzen ardura eta kudeaketa emaztearen esku geratzen zirelako. Hortik «txanponaren bi aldeak» aipatzea, estuasuna eta askatasuna.

Nausiaren hitzetan, «emakumeak historian zehar beti klasifikatuak izan gara gertuen zegoen gizonarekin genuen harremanaren arabera. Beti ginen norbaiten alaba, norbaiten emaztea edo norbaiten alarguna. Alarguntasunak, gizonaren falta horrek, nolabaiteko askatasuna ematen zion emakume horri. Ez zegoen gizon baten mende, ez aita ez senarra, eta nolabait bere kabuz har zitzakeen bere erabaki propioak ondasunen inguruan, bere bizitzaren inguruan… auzitegietara ere beren izen propioz joaten ziren borrokatzera. Lan eremuan ere izan zituzten zenbait egoera berezi beste emakume ezkondu edo ezkongabeek bizitzen ez zituztenak. Kontraesankorra bada ere, alarguntasunak pobrezia eta mendekotasuna zekarren, baina, beste alde batetik, askatasuna ere bazekarren».

Emakume borrokalariak

Epaitegietan XVI. eta XVII. mendeetako alargunen inguruko informazio asko topatu du ikertzaileak, «hori izan da seguruen nire informazio iturri nagusia». Nafarroako Artxibo Orokorrean tribunales reales deiturikoetan topatutako epaiak miatuz ulertu ditu garaiko egoera asko. Aipatutako bi mende horietan Nafarroako Artxibo Orokorrean 150.000 prozesu judizial inguru daude eta horietatik %12k alargunak dituzte protagonista. «Horrek esan nahi du oso figura auzilariak zirela, beren eskubideen alde borrokatzen zutela epaitegian. Alargun asko agertzen dira beren ondare eskubideengatik borrokan; usufruktua, dotea... Beste asko beren seme-alaben tutoretzaren harira borrokan. Askotan ikusten ditugu beraiek protagonista bezala edo askotan beraien kontrako auziak, batez ere jokabidearekin lotutako kontuengatik; ohorea, adulterioa, sorginkeria… horrelako salaketak ugariak ziren alargunen kontra. Horrek erakusten digu batetik borrokalariak zirela eta, bestetik, beren askatasun horrek kezka sortzen zuela gizartean eta beren inguruan kontrol zorrotza zegoela, baita kontrol juridikoa ere».

Alargunaren ideala

Alargunaren figurak, beraz, kezka handia sortzen zuen garaiko gizartean eta haien gaineko kontrola zorrotza zen. Alargunaren idealak pisu handia zeukan; zenbat negar egin behar zuen eta nola, zenbat denbora iraun behar zuen lutoak, nola jantzi behar zuen, nola hezi behar zituen seme-alabak...

«Liburua irakurri dutenek esan didate itogarriak direla emakume horien inguruan inposatzen ziren arau horiek guztiak. Bere alarguntasuna gizartean nola erakutsi behar zuen agintzen zioten emakumeari, baina baita bere sentimenduek nolakoak izan behar zuten ere. Kanpotik eta barrutik kontrolatzen zen alarguna», azaldu du Nausiak.

Negarraren kontua, esaterako, oso argigarria da. «Alargunei eskatzen zitzaien negar egitea. Baina negar gutxi egiten bazuten, susmagarriak ziren. Liburuan badago kasu bat. Senarra hil eta herrikoak agertu ziren etxera. Haien ustez, alargun horrek ez zuen egiten negar senarra hiltzean egin behar zen bezala, ‘alargun on’ batek egingo lukeen bezala. Bere sentimenduak ez omen zirenez nahikoa tristeak, susmagarritzat hartu zuten eta esan zuten berak hil zuela senarra. Aldiz, negar gehiegi egiten bazuen, orduan apaizek esaten zioten ez zuela sinisten Jaungoikoan, hil ondorengo bizitza horretan, eta kristau txarra zela. Sentsazioa itogarria zen inoiz ez zelako nahikoa. Berdin zen zer egiten zuen, alde batera edo bestera, alarguna epaitua izango zen».

Janzkera ere neurritsua

Garaiko gizarteak agintzen zuen nola jantzi behar zuen alargun onak, alargunaren ideal zurrun horren barruan. «Pentsatu behar dugu garai horretako jendartea analfabetoa baldin bazen ere, gu baino gaitasun handiagoa zeukala sinbologia irakurtzeko. Eta janzkerak sinbologia handia zeukan, oso garrantzitsua zen pertsona horren maila soziala, egoera zibila… jakiteko. Garrantzia handia ematen zioten horri. Alargunekin, berdin. Esaten zitzaien umiltasunez jantzi behar zutela, beltzez eta grisez, arreta piztu gabe, kolorerik gabe. Nolabait, senarra hiltzen zenean emakumeak desagertu egin behar zuen. Bere bizitzak dagoeneko ez zuen baliorik. Senarrak emazteari jabetza zigilu bat jarri izan balio bezala zen, eta zigilu horrek berekin jarraitzen zuen bizitza guztian. Senarra hildakoan, emakumearen bizitzak ez zuen hainbeste balio eta eskatzen zitzaion ia desagertzea. Bere janzkeran ere hori islatu behar zuen: ‘Nire senarra hil da eta ja ez naiz ia existitu ere egiten’. Janzkera baliagarria zen hori islatzeko».

Amatasunaren bidezko kontrola

Alargunak epaitu behar horretan, ama bezala ere gogor epaituak ziren. Senarraren faltan, alargunari esaten zitzaion aitaren eta amaren papera hartu behar zuela. «Garai hartan bazegoen ustea –eta nik uste dut oraindik badagoela– emakumearen maitasuna emozionalegia zela, fisikoagoa. Aldiz, aitak arrazoia jartzen duela eta mutiko bat hezteko garaian, hobe zela aitaren rol hori izatea. Alargunen ardura bikoitza zen zentzu horretan, gabezia hori bete behar zutelako. Neskatilekin ere ardura handia jartzen zen alargunen bizkarrean. Nolako ama, halako alaba. Indar handia egiten zen alaba hori hezi zezan emakumeen lanak zirenetan; amatasuna, zaintza… Amatasunaren bitartez ere kontrol izugarria zegoen alargunengan. Esaten zitzaien seme-alabak izanez gero, hori zela beren ardura nagusia, ama izatea. Amatasunaren bidez agian gizarte horretan leku on bat izan zezaketela, beren gaineko iritzia ona izan zitekeela».

Esperientzia sexuala zutenak

Alargunak esperientzia sexuala zuten emakumeak ziren eta horrek kezka handia sortzen zuen garaiko gizartean. Amaia Nausiak azaldu duenez, «kastitatearen kontua aspalditik dator, patriarkatua sortu zenetik. Kastitatearen bidez emakumearen erreprodukziorako gaitasuna kontrolatu nahi da. Nik zure jarrera sexualak kontrolatzen baditut eta esaten badizut zure sexualitateak ezkontzari eta erreprodukzioari bakarrik lotuta egon behar duela, zu kontrolatzeko modu bat da. Baita seme-alaben jabetza senarrarena dela ziurtatzeko ere. Gainera, XVI. mendean krisi demografiko eta ekonomiko bat bizi zuten. Estatu modernoa sortzen ari zen garai horretan estatuarentzat eta sortzen ari zen sistema kapitalistarentzat beharrezkoa zen herritar asko egotea, eskulan asko. Krisi demografiko horren aurrean jaiotze-tasen kontua estatu kontu bat bilakatu zen. Horregatik, une horretan emakumeak amatasunaren ideal horretan hezten ziren: beren betebeharra ama izatea zen. Emakumeen sexualitateak erabat amatasunari bideratuta egon behar zuen eta hortik aparteko guztia zigortu beharreko zerbait zen».

Testuinguru horretan ulertzen ditu historialariak zenbait diskurtso oso biologizista, emakumeak gizon baten mende egon behar zuela justifikatzeko sortuak. «Esaten zen emakumeak pasionalak zirela eta, gainera, ez zutela pentsatzeko gaitasunik. Ez zuten pentsatzeko gaitasunik beren sorreratik bertatik. Juan Luis Vivesek esaten zuen emakumearen sabela beroa baldin bazegoen gizonezkoaren hazia jasotzeko unean, mutil bat sortzen zela. Aldiz, sortzeko une horretan emakumearen sabela ez bazegoen behar bezain bero, neskato bat sortzen zela. Alegia, bero faltagatik emakumearen burmuina ez zela garatu behar zuen bezala eta bidean geratu zela, gizon izateko saiakera horretan. Horren arabera, emakumea ez zen iritsi gizon izatera bero faltagatik eta gizaki inperfektua zen sorreratik bertatik, pentsatzeko gaitasunik gabekoa».

Hortik abiatuta, XVI. eta XVII. mende horietan pentsatzen zen emakumeak ezin zuela pentsatu eta ezin zituela bere pasioak kontrolatu. Ondorioz, gizon baten mende egon behar zuen; aita, senarra, Jaungoikoa... «Gainera, tentagarriak ziren gizonezkoentzat eta haiek gaizki egiten bazuten, errua emakumearena zen; tentagarriak ziren, pasionalagoak eta tuntunagoak».

Testuinguru horretan, alargunen kasua kontu handiz zaindu beharrekoa begitantzen zen. «Alargunak ez zeudenez gizon baten mende, arriskutsuak ziren. Are gehiago, esperientzia sexuala zeukaten, ezkonduak egon zirelako. Gainera, garai horretan askotan esaten zen alargunak histerikoak zirela, histeria gaixotasuna zutela. Sexu harremanak izan zituztenez eta ugaltze hazi hori beren barruan zutenez eta ezin ziotenez irteerarik eman, pilaketa horrengatik erotu egiten zirela eta histerikO bihurtzen zirela esaten zen. Horregatik gehiago kontrolatu behar ziren alargunak».

Alargunen gaineko kontrola are bortitzagoa izaten zen beren baitan biltzen zituztelako garaian arriskutsu jotzen ziren egoera asko: askatasuna batetik, gizon gabe egotearen askatasuna; esperientzia sexuala, bestetik; eta, askotan, ondarea kudeatzeko gaitasuna. «Hiru elementu horien ondorioz alargunak arriskutsuak ziren sistemarentzat eta oso irudi ezkorra zabaltzen zen alargunen inguruan».

Gogor zigortuak

Aipatu bezala, alargunei XVI. eta XVII. mendean inposatzen zitzaien ideala oso zorrotza zen. Alargunaren idealaren bitartez emakume horien bizitza kontrolatu nahi zen eta baldintza zurrun horietatik apartatzen zena gogor zigortzen zuten. «Hor ditugu alargun prostituten kasuak, alkaguetak, sorginak… oso gogor zigortzen zituen sistemak».

Sorginak bai, maiz alargunak sorginkeriarekin lotzen zituztelako eta Nausiaren ustez, «ez da kasualitatea». «Ez da kasualitatea sorgin-ehiza XVI. eta XVII. mendeetan kokatzea, Estatu Modernoa sortzen ari zenean. Eta ez da kasualitatea salatuen artean %70-90 bitartean emakumezkoak izatea; horien artean asko, alargunak».

Alarguna baldin bazen emakumeen artean figurarik arriskutsuena, historialariaren ustez ulergarria da bere gainean zegoen kontrol hori bortitza izatea. «Emakume horrek ez zuenean bat egiten alarguntasunaren idealarekin, sistemak bere kontra jotzen zuen. Hori egiteko modu bat sorginkeria salaketen bidez beren kontra egitea zen».

Alargunak gizonen gremioetan

Alargunek bazuten beste berezitasun bat; familia burua beraiek ziren eta ondasunen eta lan eremuaren inguruko erabakiak hartzen zituzten. «Emakume guztiek lan egin behar zuten eta lan egiten zuten. Iturri ofizialek askotan ez digute hitz egiten emakumeen lanbideei buruz, askotan azpitik geratzen ziren lanak zirelako. Alargunen kasuan, familia burua beraiek ziren eta beste emakumeek egin ezin zituzten lan asko beraiek egin ahal izan zituzten. Medikuntzan asko topatzen ditugu; emaginak, zaintza munduan zebiltzan asko –horietako asko sorginkeriagatik salatuak izan zirenak–.... Eta beste alargun asko gremioen kontra borrokatzen aritu ziren».

XVI. mendean emakumeak eremu publikotik, lan eremutik, kanporatuak izan ziren, sistemak zaintza lanetan geratzea eta amatasuna bultzatzea eskatzen zuelako. «Emakumeei debekatu egin zitzaien gremiodun izatea. Salbuespena alargunen kasuan zegoen. Beraiei baimentzen zitzaien urtebetez beren tailerra edo denda irekita izatea, luto urte horren barruan. Horrekin irtenbide bat eman nahi zitzaien, baliabideak, urte horren barruan produktu horiek saldu eta horrekin diru bat izan zezaten aurrera egiteko. Behin urte hori pasata, esaten zitzaien beste gremiodun ofizial bat kontratatu behar zutela, edo denda itxi, edo semeren bat bazuten ikasten, gremiodun ofizial izandakoan, hari pasa negozioa».

Nafarroako artxiboan XVI. eta XVII. mendeetako 200 bat prozesu judizial daude alargunekin eta gremioekin lotuta. Horietan alargunek gremioen kontra borrokatzen dute. «Alargun horiek esaten dute beraiek ere badutela eskubidea denda edo tailerra irekita mantentzeko, gremiodun direla beraiek ere eskubide osoz, beren produktuak besteen kalitate berekoak edo hobeak direla. Finean, beraiek ere ezagutzen dutela negozioa diote eta beren lekua aldarrikatzen dute gizartean. Auzi horietan beste alargun batzuk ere aipatzen dira, beren eskubideen alde aritu direnak eta negozio horien gidaritza izan dutenak urte askoan. Horiek eredu modura jartzen dira auzi horietan. Eta hor ikusten da badagoela erresistentzia bat gremioen kontra, borrokatzeko grina», esan du Nausiak.

Atzera begiratu, gaurkoa ulertu

Duela lauzpabost mendeko alargunen historia irakurrita, nahiko modu mingarrian ulertzen dira egungo egoera asko.«Patriarkatuak bere sorreratik egiten duena da –eta alargunen kasuan argi ikusten da– sistema hierarkizatu hori, emakumeak mende hartzen dituena, justifikatzeko hainbat diskurtso eraiki; ez bakarrik gizonezkoei begira, baita eta batez ere emakumezkoei begira ere. Gu hainbeste mendez gizonen menpe egon bagara, diskurtsoa sinistu egin dugulako izan da. Noski, emakumeen gaineko kontrol eta jazarpen sistema bortitza egon da, baina, bestetik, diskurtso bat egon da eta guk sinistu egin dugu. Alargunen kasuan modu gordinean ikusten da diskurtso horrek nola funtzionatzen duen, emakume hauek kontrolatzeko eta zigortzeko. Eta, aldi berean, beraiek diskurtso hori sinisteko eta jarraitzeko. Baina, liburuaren izenburuan esaten dudanez, erresistentzia historia bat ere bada. Hor itxaropen izpi bat. Emakume askok eutsi eta aurre egin zioten diskurtso horri. Askok beharragatik eta beste batzuek, beren izaeragatik. Baina niretzat emakume hauena eredugarria da guretzat. Haiek eutsi egin zioten eta guk ere eutsi egingo diogu», bukatu du historialariak.