Ane Baranguan, abiadura hutsetik haratago

Gero eta motor indartsuagoa duen bere BMW gorriaren ondoan egin du hitzordua GAUR8rekin Ane Baranguanek. Autoaren kontrolaren artea da Eskuko Drift Family taldeko kidearen pasioa. Motorraren lehen orroa entzutean, errazago ulertzen da bere ametsa: Dakar rallya.

Autoak ziren Ane Baranguan haurrak gustukoen zituen jostailuak. Txiki-txikitatik autozalea izan dela kontatu du Eskuko Drift Family taldeko kideak. Aitak autoen tailer batean egin zuen lan, baina zaletasuna ez du etxekoengandik jaso. Lagun batzuk hasi zien drift-aren munduan, «eta ni haien atzetik joan nintzen», azaldu du usansolotarrak. Motor-kirola ezagutu zuenetik kondukzioaren estiloan zentratzen den praktika horretan trebatzen joan da, «gero eta emakume gehiagok praktikatzen duten kirol batean», nabarmendu duenez. Japonian jaioa, publiko orokorrarentzat ez da oso praktika ezaguna, drift txapelketek (Drift Masters) ez baitute komunikabideetan bestelako proben oihartzuna izaten. Hala ere, Euskal Herrian jarraitzaile nahikotxo dituzte.

Taldeko kideekin batera prestatutako BMW gorriaren ondoan, kaskoa eskuetan, Dakar rallya egitea bere ametsetako bat dela kontatu dio GAUR8ri. Dakar rallya egitea eta Drif Masters txapelketa batean parte hartzea. Basamortuaren handitasunean, hareaz inguratuta autoa askatasun osoz gidatzea «sekulako aukera» izango litzateke Usansoloko gaztearentzat. «Desertua eta topera! Autoa topera korri ahal izatea izugarria litzateke», erantzun du amets horren zergatiaren inguruan galdetuta. Erantsi duenez, lagun batek parte hartzeko aukera izan zuen, eta haren bidez jakin dute zer-nolako esperientzia den, eta bai, «pilotuen eta abenturazaleen paradisua» da hura, azpimarratu duenez.

Mundu mailan ezagunenen artean kokatzen den lasterketa ospetsuan espazioaren zabaltasuna da pilotu baten ikuspuntutik erakargarritasunetako bat, baina ez da mugagabetasun hori bakarrik. Jendea, giroa, abentura, erremintarik gabe sortzen diren oztopoei aurre egin behar izate hori ere nabarmendu ditu. «Kable batekin zoaz, ahal duten moduan lotzen dute eta aurrera, horrela aguantatu behar! Niretzat polita da ikustea daukaten gutxi horrekin zelan moldatzen diren», kontatu du.

Esan bezala, Ane Baranguan 32 urteko usansolotarra drifting gidaria da. Irakurle askok rallyen munduarekin lotuko du praktika agian, baina ez du zerikusi handiegirik. Hasteko, drift-ean ez dira denborak neurtzen, maniobren edertasuna da epaileek baloratzen dutena. Nabigatzailean aurkitutako definizio orokor batek gidatzeko estilo gisa deskribatzen du drifting edo drift izenarekin ezagutzen den motor-kirola. Finean, zirkuitu batean biratzean datza, ibilgailuak mugimenduaren norabidea duen angelu bat osa dezan. Baranguanen hitzetan, drift-ean, denborak neurtu gabe, autoa gurutzatuta doan bitartean albo batetik bestera egin beharreko mugimendua da gakoa, bata bestearen atzetik egindako “tronpoen” antzera.

«Sei urte inguru daramatzat praktikatzen, ez naiz oso ona. Zirkuituan bi urte edo izango dira», zehaztu du bere ibilbidearen inguruan. Komentatu duenez, «batzuetan esaten dizute, ‘zuk derrapatu egiten duzu’, gauza baita trazatua ondo egin behar duzula». «Nik ez dut asko kontrolatzen, baina badakit trazatuak egiten, horretan trebatzen saiatu naizelako», esplikatu du.

«Drift-ean trazatu politena egiten duenak irabazten du, epaileek trazatu onena egin duena hautatzen dute; gero batzuek deskontrolaren kontrol gisa ere deskribatzen dute drift-a, edota beste auto batekin dantzan egitea bezala», azaldu du. Beste detaile bat ere argitu du autoaren aldeetako markak adieraziz: «proba egiten den artean beste auto bat ukitu dezakezu, baina ezin da bultzatu edota desbideratu».

Bere ibilbideaz ari denean askotan aipatzen du taldea. Drift-a ez baita bakardadean praktikatzen den kirol bat. Gidariaren ondoan, autoaren prestaketan laguntzen duen taldea dago. Baranguanek azaldu duenez, gustuko du autoa bakarrik probatzea, baina normalean pilotukidea eramaten du. «Zu gidatzen zoaz, eta ondoan doan horrek animatu egiten zaitu, norbait badator ohartarazi egiten dizu... Kanpotik ikusten dutenak, berriz, auto barrutik ikusten ez diren gauzak ikusten dituzte, autoa izaten ari den erantzuna...».

Euskal Herrian drift-ak duen jarraipenaz galdetuta, jarraitzaileak badituela aipatu du. «Praktikatzen duen jende asko dago eta, gainera, gero eta neska gehiago», azpimarratu du, askotan sare sozialen bidez egiten diren gidarien arteko harreman sendoak aipatuz. Sareetako harreman horiek gustuko dituela onartu du, askotan elkarri laguntzeko aukera izaten dutelako gidariek.

Probei dagokienez, gauzak ez daude hain ondo. Eslalomak izaten dira batik bat egiten diren erakustaldiak, baina covid-19aren izurritea heldu zenetik agendatik guztiz ezabatu direla ematen du. Lehen, besteak beste, Bedian bertan, Barakaldon edota Zamudion egiten ziren probak. Pentsa daitekeenaren kontra, probak antolatzeko ez dago zirkuitu profesional bat izan beharrik. «Parking bat izatearekin nahikoa da, ez da oso leku zabala izan behar. Adibidez, Bilbondoko parkingak berak balioko luke proba bat antolatzeko», jarri du adibide gisa.

Solasaldian, Euskal Herrian eta batez ere Durangaldean aspalditik dagoen rallyekiko zaletasun handia aipatu dugu. Komentatu duenez, baserri askotan gorde da zaletasun hori. Azken bi urteetan lasterketa bakar batzuk bakarrik egin ahal izan badira ere, espero du orain proba gehiago berreskuratzen hasiko direla, eta «ea gazte gehiago ere hasten den».

Gero eta motor indartsuagoa

“Txuu Hippie Drift” idatzita duen itzelezko BMW gorria tailer txiki baten itxura duen garajean gorde du. “Txuu” hori Anetxutik datorrela kontatu du. “Angel, beti gurekin” ere irakur daiteke autoaren aurrealdean. Zendu zen lagun handi bat omentzeko jarri zuten. «Gaixotu egin zen, drift-a oso gustuko zuen eta haren oroimenean jarri genuen», azaldu du.

800 euroan erosi zuen auto horren ondoan motorraren hainbat atal daude pilatuta. Azaldu duenez, etengabe egokitzen dute autoa ondoren probetan onena eman ahal izateko. Motorra ere piztu du eta daukan soinuak zirkuitu batera eramaten zaitu nahi gabe ere. Abiadura palanka eta eskuko frenoa ez dira ohiko ibilgailuetakoen modukoak. Bereziki prestatuta daude drift gidatze estilorako. Motorrak har dezakeen tenperatura altuak direla eta, aire-sorgailu bereziak ditu autoak, baita elektrizitatea guztiz mozteko sistema ere, suteak prebenitzeko.

Motorrek egiten duten zarata handiagatik eta autoa probatzeko leku seguru bat behar delako, entrenamenduen zati bat simulagailu bidez egiten dute, zirkuituan autoa probatzeko egindako saioez gain. Kirolak, dionez, ez dauka adinik. Nabarmendu duenez, bederatzi urteko gaztetxo batek goi mailako emaitzak lortu ditu simulagailuetan, gidari handien pare, eta autoan berarentzat egokitutako jesarlekua jartzeko asmoa dute.

Halere, gainontzeko motor-kirolak bezala, arriskuari lotuta doa askotan drift-a ere, eta ez da bidezkoa Baranguanen ustez, «arazoa da zelan komunikatzen duzun, beste kirol askotan ere gertatzen baitira istripuak. Drift-ak, gainera, arau zehatzak ditu». Dakarrean edota Ingalaterrako zirkuitu handi batean, Baranguanek atzerako ispilua alde batera mugitu eta lasterketan «gauzak ondo egitea» du amets.