Josetxo Zubillaga

Oierren golik onena

Egun gure arteko bat gehiago da bisitan datorrenean.  Bueno, bat gehiago ez. Orain,  Oier Sanjurjo Maté Araitz edo Betelura hurbiltzen den bakoitzean,  eredu, erreferente eta inspirazioa da txikientzat, eta horren txiki ez direnentzat ere bai.

Un emocionado Oier en su acto de despedida.
Un emocionado Oier en su acto de despedida. (Iñigo URIZ | FOKU)

2012. urtean  Peña bat sortzeko proposamena airera bota genuenean Oierrek agudo egin zuen errematea. Soilik berak dakien moduan egin zigun “errematea”. Orduan jabetu ginen goresten genuen futbolari profetsionala baino askoz gehiago zela Oier. Ordurarte, ibilbide luzeko harrobiko jokalaria zelako ordezkatzen gintuen beste inork baino gehiago. Bera gu bezala, Montiliviko igoera malkoei eutsi ezinda  ospatu zuen Osasunzalea zelako. Euskalduna delako, gu garen bezala…Baina gertutik ezagututa, hori baino gehiago da, are gehiago ordezkatzen gaitu Oierren gizatasunak.

Hasiera hartan, bere aldetik dena eman zuen geure proposamena egi bihurtzeko, gure kaleak  Osasunako kamisetez bete zitezen inoiz ez bezala, beste edozein taldetakoak baino ugariago. 

Jakin bagenekien Oierrekin hogeita hamaika eskutik genuela. Ongi genekien hori, gure artean inork ez duelako inoiz zalantzarik izan bere lidergotzaz, taldearekin duen konpromiso hautsiezinaz. Baina jokaldi ona zela susmatzen genuena, bere ibilbide osoan Oierrek sartu duen golik onena bihurtu da. Eta Oierren golei buruz badakigu zerbait, kontuan hartuta gazta batekin saritu dugula  sartu izan duen gol bakoitza!

Jokaldi honek, izan dezakeen kalitate ikuturik onena dauka: giza kalitatea. Bere bisita bakoitzean  helarazten diguna. Bere giza kalitatea erakutsi digu haur futbolari bat lesionatu izan den bakoitzean edo jokalari beterano bati ebakuntza egin behar izan ziotenean…hortxe beti etortzen zitzaizkigun Oierren animo eta sostengu hitzak-Zorioneko Watsappa!-. Inoiz ez du hutsik egin, beti iritsi zaizkigu Oierren mezuak. Bere bisita eta gertutasunak gorriz jantzi eta tintatu digu bailara.

“Osasunaren egungo egoerak merezi du babesa, Osasunaren alde egiten badugu bandera gorria duen Iruñeko taldeari emanen diogulako laguntza. Soilik gorria (…) Osasunaren bandera soilik gorria baita, bere atorra bezala” idatzi zuen Ramon Bengarayk,  klubeko sortzaileetako batek.  Bengarayk,  egun,  Araitzetik edo Betelutik pasiatzeko aukera balu, guk sentitzen dugun harrotasun berbera izanen luke nonnahi  kamiseta gorriak ikusterakoan.

Harro legoke baita ere, lorpen horretan ezinbestekoa izan delako Lizarratik iritsitako gure kapitaina (bai, Lizarrakoa,  Fortunato Aguirre bezala). Horregatik Oier beti izanen da gure kapitaina.

Oharra: Oier, Getaferi sartutako golagatik dagokizun gazta zor dizugu