Jon Ormazabal

Ataka zail bati egoki egin dio ihes Iñaki Artolak Zumaian Bakaikoaren aurka (22-11)

Etxarri-Aranatzekoa 7-10 aurreratu da, baina alegiarrak bikain erantzun du bai fisikoki eta sakearekin mina eginez.

Hasieran sufritu arren, partida borobila jokatu du Artolak Zumaian.
Hasieran sufritu arren, partida borobila jokatu du Artolak Zumaian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Azken markagailuari begiratuta bestelakorik eman dezakeen arren, ataka zail bati oso egoki egin dio ihes Iñaki Artolak Zumaian eta, Joanes Bakaikoari 22-11 irabazita, sanferminetako lau eta erdikoaren hurrengo kanporaketan ariko da alegiarra, datorren larunbatean Asier Agirreren aurka.

Inork nahi izaten ez duen aurkari bat, bero sargoria, modalitate berri batera egokitu beharra, nahi baino huts gehiago pilatuta...egoerak ez zirudien xamurra alegiarrarentzat, hasiera gogor baten ostean, gipuzkoarrak galdutako seigarren pilotaren ostean Joanes Bakaikoa 7-10 aurreratu zaionean. Alegiarrak, ordea, sekulako erreakzioa izan du, atal guztietan aurkariari erabat nagusituz 12-0eko partzial batekin partida erabat irauli eta bere aldera ekarriz.

Eta horretarako gauza asko egin ditu ondo Iñaki Artolak. Hasteko defentsan bikain aritu da, hanka oso arinak erakutsiz, baina erasoan aritu behar izan duenean ere dotore moldatu da. Jakaren aurkako Buruz Burukoan airez tanto bakarra ere apuntatu ez bagenion, gaur 7 ere lortu ditu. Horretarako, sakea izan du ardatzetako bat, oso ondo bildu baitu pilota paretara, zuzenean bost tanto egiteaz gain, sake-errematerako aukera ugari sortuz, Etxarri-Aranatzekoa bezalako sake-eramale on baten aurka. Fisikoki ere, aurkariak baino askoz hobeto amaitu du partida eta horren guztiaren baturatik uler daiteke partidaren bigarren erdiak demak hartu duen kolore arras gorria.

FITXA TEKNIKOA:

Artola: 22

Bakaikoa: 11

Pilotakadak: 250. Iraupena: 47,40. Markagailua: 2-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-10, 19-10, 19-11, 22-11. Sakeak: 5 Artolak eta 0 Bakaikoak. Egindakoak: 12 Artolak eta 4 Bakaikoak. Galdutakoak: 7 Artolak eta 5 Bakaikoak. Gorabeherak: Oso sarrera exkaxa Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Mikel Artola aritu da Iñaki anaiaren botilero lanetan eta Aitor Elizegi Joanes Bakaikoarekin.