NAIZ

Beñat Astizek irabazi du 2022ko Nafarroako Eskolartekoa

Arantzan jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 36. edizioa, Bertso Eskolen Topaketen baitan. Zazpi bertsolarik hartu dute parte, eta Barañaingo Beñat Astizek jantzi du txapela. Txapeldunorde, Eki Mateorena izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Nafarroako Eskolartekoan parte hartu zuten bertsolariak eta gai-jartzailea, talde argazkian.
Nafarroako Eskolartekoan parte hartu zuten bertsolariak eta gai-jartzailea, talde argazkian. (Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Arantzako Aterpean jokatu zen larunbatean 36. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, herri horretan bertan ospatzen ari diren Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen baitan. Beñat Astiz Isasi barañaindarrak lortu zuen txapela, eta Eki Mateorena Zozaia leitzarra izan zen txapeldunorde.

Zazpi bertsolari gaztek hartu zuten parte, ondorengoek: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti), Xabier Elizalde Soto (Iruñea), eta lehen bi postuak eskuratu zituzten Isasi eta Mateorena.

Ainhoa Larretxeak aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta aritu ziren epaile lanetan. Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Beñat Astiz eta Eki Mateorena.

Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.

Azkenean, Beñat Astizek bildu zituen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.

60 haur eta gaztetxo, Arantzan bertsoen bueltan gozatzen

Bertsolari barañaindarrak Eneko Fernandez Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, ‘Oinak buruan’ saria. Eki Mateorenak irabazi zuen sari hori. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion garaikurra.

Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen barruan ospatu zen Eskolarteko Txapelketa. Nafarroako haur eta gaztetxoen Bertso Eskoletako 60 lagun inguru elkartu dira Arantzan, eta asteburu osoko egitarauaz gozatzen ari dira.