NAIZ

#badon proiektuak irabazi du Korrika-AEK kultur sorkuntzarako beka

#badon proiektua da aurtengo Korrika-AEK kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea. Egitasmo honek diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat proposatzen du.

Olatz Salvador Zaldua eta Ines Osinaga Urizar #badon proiektuaren ordezkariak.
Olatz Salvador Zaldua eta Ines Osinaga Urizar #badon proiektuaren ordezkariak. (Jon URBE | FOKU)

Azken hilabeteetan Korrika-AEK Kultur sorkuntzarako beka lortzeko aurkeztu diren hamahiru egitasmoak aztertu ondoren, asteazken goiz honetan epaimahaiaren esleipena ezagutu ahal izan da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldian.

Irabazlea #badon izeneko proiektua izan da. Proiektuaren ordezkari Olatz Salvador Zaldua eta Ines Osinaga Urizar izan dira gaurko aurkezpenean, eta bideo baten bidez haiekin batera arituko diren «gorputz konplizeen aurpegiak» azaldu dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «oso maila oneko» hamahiru egitasmo aurkeztu dira, eta epaimahaiaren lana «zail-zaila izanik ere», oso pozik geratu dira bekak izan duen harrerarekin. Hauek izan dira Korrika-AEK kultur sorkuntzarako bekan epaimahaiaren kideak: Maria Rivero, Amaia Merino, Aguxtin Alkhat, Yurre Ugarte eta Irantzu Lekue.

Azpimarratu dutenez, aho batez hartutako erabakia izan da; aintzat hartu dute proiektuak sorkuntza prozesuari emango dion garrantzia, sormen aborategi kolektiboa sortuta.

«Ikuskizun bat egongo bada ere, harago doan proposamena dugu eskuartean, oinarri bat utzi nahi duelako aurrera begira lantzen jarraitzeko, markoak eraikitzeko eta prozesuak bultzatzeko. Hori gutxi balitz, orain arte ertzetan egon diren ideiak, ahotsak, gorputzak eta abar erdigunera ekartzeko proposamena egiten duelako», adierazi dute.

Sormen laborategia

#badon proiektuak diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat proposatzen du. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek, diziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz.

Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz. «Gu egiten gaituen hori ez dela neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak islatzen baitituzte» aintzat hartuta, besteak beste, xedea du genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea.