Jon Ormazabal

Ezker eskuko bigarren hatzean zuen noduloa kenduta, etxean da Jokin Altuna

Amezketako aurrelariari Bilbon egin dio ebakuntza Galan doktoreak eta hiru edo lau aste eman beharko ditu geldirik.

Jokin Altuna, ebakuntza egin duen klinikako ohean.
Jokin Altuna, ebakuntza egin duen klinikako ohean. (ASPEPELOTA)

Ezker eskuko bigarren hatzean zuen noduloa kentzeko ebakuntza uste bezala joan da eta alta jasota, etxean da dagoeneko Jokin Altuna. Bilboko Indautxu Klinikan Galan doktoreak egin dion ebakuntza ez zen larria, baina amezketarrak lehiaketan izan duen geldialdi hau aprobetxatu nahi izan du duela urtebete baino gehiago zeraman arazo hau behin betiko konpontzeko.

2021eko Binakakoan –Jon Mariezkurrenarekin jokatu zuenekoan– jasotako kolpe txar batek konkor bat atera zion ezker eskuan Jokin Altunari eta ordutik lehiatzen jarraitu ahal izan badu ere, baita emaitza bikainak lortu ere, egutegiak eman dion atsedenalditxo honi etekina atera nahi izan dio egungo Buruz Buruko txapeldunak behar bezala osatzeko. Iñigo Urrutiak azaldutakoaren arabera, orain hiru eta lau aste artean egon beharko du pilotarik jo gabe zauria erabat itxi dadin eta ekainaren erdi aldera itzultzeko moduan egongo dela espero dute. 

«Ebakuntza ondo atera da, ordubete inguru iraun du eta orain zaindu beharra daukat, sendaketak eta ondo egin eta erabat errekuperatu. Sendatzen hasten naizenean hasiko naiz berriz ere entrenatzen», azaldu du aurrelariak Aspek zabaldutako bideo batean. 

Zauria ondo sendatuko balitz, enpresaren nahia litzateke Jokin Altuna ekainaren 17an itzultzea litzateke, Urrestillan iragarritako jaialdian. Bizkaia txapelketaren barruan Arrigorriagan jokatzeko ere bazegoen deitua amezketarra, baina zauriaren garapenak argituko du noiz itzuliko den kantxetara.