Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Josu Ibargutxi: «Herriak atera gintuen gu, ez lege batek»

Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kideak ez du erraz ahaztuko 1977ko Amnistiaren Aldeko Astea, bete-betean parte hartu baitzuen espetxetik irten berritan

Frankismaoren Krimenen Aurkako Plataformaren prensaurrekoa; ezkerrean, Josu Ibargutxi.
Frankismaoren Krimenen Aurkako Plataformaren prensaurrekoa; ezkerrean, Josu Ibargutxi. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Izugarria da 77ko maiatz hartan indar errepresiboek zer nolako jarrera kriminala izan zuten Euskal Herrian. Oraindik dagoen joerak adierazten du frankismoa ez dela bukatu, eta trantsizioan ez zirela gauzak ondo egin; batez ere, hamarkada hartan. Franco hil eta Konstituzioa ezarri zenean, frankismoari ez zioten hesirik jarri Alemanian edo Italian nazismoari eta faxismoari jarri zieten bezala. Beraz, trantsizioaren ondorio nagusietako bat hori izan da».

2007an Rodriguez Zapateroren Gobernuak Memoria Legea egin zuen lehen aldiz; «oso ahula», dio Ibargutxik. «Handik lau urtera, baina, konpentsatzeko, Mariano Rajoyk biktimen aintzatespen eta babes osoko legea atera zuen, eta lege horrek duen sendotasuna oraindik ez diote eman orain dela urtebetetik hona lantzen ari diren memoria historikoaren lege berriaren zirriborroari ere. Horrek adierazten du hau ez dela sistema demokratiko oso bat, ezin da izan oraindik trantsizioaren hainbat ondorio daudelako. Ez dugu guk bakarrik esaten. Trantsizio hura berriz antolatu eta Amnistiaren Lege hori bertan behera utzi beharko litzatekeela esan du NBEko Giza Eskubideen arloko kontalari Fabian Salviolik. Zer gertatzen da kasu honetan? Tira, Voxek eta PPk trantsizioa ukitzea nahi ez izatea normala da, frankistak direlako eta horrela ondo jarduten dutelako, baina PSOEk oraindik gogorik ez izatea benetako justizia egiteko…? Horrek berak adierazten du 78ko erregimena hor dagoela, eta ez dutela ezer aldatzerik nahi. Tartean ehunka eraile dauzkagu hor, 74tik 82ra bitartean 300dik gora. 45 urteko sasidemokrazia honetan ez da sekula santa justiziarik izan».

1977ko Amnistia Legea, preso politikoen askatasun eskaerari erantzun zion aldetik, herriaren mobilizazioek behartua izan zen; hala ere, Ibargutxik gogora ekarri duenez, frankismoak bere aparatu osoari eutsi zion, «baita haren dinamikari ere. Lehen hauteskunde demokratikoak urte hartako ekainean izan ziren, eta kristorenak eta bi egin zituzten, hainbat hilketa, frankismoaren dinamika errepresiboari berdin-berdin eutsi ziotelako, botere militarrari, botere errepresiboari, ekonomikoari… baina ondoren ere bai».

Amnistia «herri presio ikaragarriari esker» lortu zela dio Ibargutxik. Ondo gogoan du, bera urte hartako apirilean atera baitzen Puerto de Santa Mariako kartzelatik: «Gu herriak atera gintuen, ez lege batek. Oraindik papera daukat etxean, apirilaren 1ean kaleratu nindutela dioena, eta askatasunaren kausa, ‘Amnistia’. Nola da hori, Amnistiaren Legea urrian aldarrikatu zen eta? Hori denori momentuko akordio politiko bat izan zen. Oraindik maiatzean Amnistiaren Aldeko Astea izan zen; ni ere ibili nintzen hor, amnistiatu berri. Ekainean hauteskundeak izan ziren eta urrian formalizatu eta aldarrikatu zuten Amnistiaren Legea». Halaber, gogorarazi du Madrilgo Kongresuko diputatu Pako Letamendia abstenitu eta salatu egin zuela Amnistiaren Lege hori azken momentuan aldatu zutela; besteak beste, «ordena publikoko funtzionarioek eta agenteek pertsonen eskubideen aurka egindako delituak» zigorgabe uzteko. Horrela laburbildu du Ibargutxik aldaketa haren ondorioa: «40 errepresio urte, paragrafo txiki bitan amnistiatuta».