NAIZ

Bake Bideak hautagaiengana jo du bake prozesuarekiko engaimendu zehatza eskatzeko

Hiru euskal barrutietan hauteskunde legegileetarara aurkeztuko diren 32 hautagairi konponbide prozesuaren alde engaiamendua azaltzeko aukera eskaini die Bake Bideak. Hilaren 9an, Jakes Esnalen auziari buruzko erabakia ezagutuko den egunean, dei horren emaitza ezagutzera emanen du elkarteak.

Baionako Auzitegia blokeatu zuten maiatzaren 20an bake ekintzaileek presoen auziarentzat irtenbidea galdetzeko.
Baionako Auzitegia blokeatu zuten maiatzaren 20an bake ekintzaileek presoen auziarentzat irtenbidea galdetzeko. (Bob EDME)

32 urte kartzelan daramatzaten Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal presoek baldintzapeko askatasuna lortzeko eginiko eskaeren gainean erabakiak jakinen dira ondoko egunetan. Hilaren 9an jakinaraziko dute Esnalek aurkeztu duen bigarren eskaeraren gaineko erabakia. Ion Kepa Parotek defendatu duen seigarren galderari buruzko emaitza, berriz, handik egun batzuetara, ekainaren 15ean ezagutuko da.

Testuinguru berezi horretan Bake Bideak euskal hautesbarrutietan Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren 32 hautagairengana jo du konponbide prozesuaren gainean duten engaiamendua azaltzeko aukera emanez.

Hain zuzen, preso lohizundarraren askatasun eskaeraren gaineko erabakia ezagutuko den egunean, ekainaren 9an, Bake Bideak publiko eginen ditu hautagaiek emandako erantzunak.

Hautagaiei engaiamendu zehatza hartzea proposatu die Bake Bideak. Horrela dio izenpetzea proposatzen zaien adierazpenk: «Aieteko Nazioarteko Konferentziaren baitan abiatu zen bake prozesua sostengatzera, eta nire kargualdian, Bake Bidearen baitako bake prozesuaren gaia eramatera engaiatzen naiz».

Elkarlanean, bereizketa politiko guzien gainetik

32 hautagairi zuzenduriko gutunean «bereizketa politiko guzien gainetik» Aieteko Adierazpena (2011) izenpetu zenetik eta gaur arte Ipar Euskal Herrian landu den adostasuna ezinbestekoa dela konponbide prozesua aurrera eramateko azaldu du Bake Bideak.

«Egun, bake prozesua desblokeatzeko dagoen larritasunari buruz arreta piztu nahi dizugu. Hauteskunde kanpainan erakutsiko duzun engaiamendua gehigarri garrantzitsu bat izanen da Estatuak eztabaida guneak berriz ireki ditzan», gehitu du elkarteak hautagaiei igorritako gutunak.

Era berean, presoen egoerari irtenbidea emateko beharra nabarmendu du. «Hau ezinezkoa izanen da konpontzea, presoen gaia terrorismoaren kontrako ikuspegitik soilik tratatzen bada, Euskal Herriak bizi duen aldaketa erradikala eta egoeraren aitzinamenduak kontuan hartu gabe», azaldu du Bake Bideak.

Bere gutun horren bidez bake prozesuaren aldeko atxikimendua argiki erakustea eta engaiamendu itun bat izenpetzea proposatzen die Bake Bideak hautagaiei.

Era barean, ekainaren 11n Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu die ekainaren 12 eta 19an iraganen diren bozetara aurkeztuko diren hautagaiei.