NAIZ

Lau langile hilik egun bakar batean: bi Garesen, bat Bermeon eta bestea Iruñeko erietxean

Gareseko Señorio de Sarria esne ekoizpenerako instalazioetan lanean ari ziren bi behargin zendu dira, 45 eta 36 urterekin. Bestalde, astelehen honetan jakin da behargin bat zendu zela pasa den ostiralean Bermeon bihotzekoak jota, eta Iruñeko erietxean beste bat hil da.

Garesko etxalde batean izan da ezbeharra.
Garesko etxalde batean izan da ezbeharra. (@policiaforal_na)

Bi behargin zendu dira astelehen eguerdi honetan Garesen izan den lan istripuaren ondorioz. Ezbeharra 12.40ean gertatu da Señorio de Sarria esne ekoizpenerako instalazioetan, ureztatzeko erabiltzen den ur biltegi batean, Foru Poliziak berri eman duenez.

 

 

Larrialdi zerbitzuak iritsi direnerako bietako bat hilda zegoen, eta bestea oso larri, baina ordu batzuetara zendu da ospitalean.

Antza denez, beharginetako bat hutsik zegoen ur biltegian sartu da, estoldako zuloa garbitzera, eta zorabiatu egin da, oxigeno faltagatik. Beste langilea laguntzera sartu da eta hark ere konortea galdu du. Horixe izan da, lehen zantzuen arabera, ezbeharraren arrazoia.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, lehenengo hildakoak Jose Luis Coral Hidalgo zuen izena, 45 urte zituen eta Perutik etorria zen Euskal Herrira. Gero zendu denak –Jonathan Salvador Perez– 36 urte zituen. ‘Diario de Navarra‘k argitaratutakoaren arabera, lantokian bertan bizi ziren, Señorio de Sarriak utzitako eraikin batean.

Coral momentuan hil zen. Salvador Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten helikopteroz, egoera kritikoan, baina ezin izan zuten salbatu.

Garesko Udalak doluminak helarazi dizkie hildako langileen senideei eta bi eguneko dolua ezarri du.

Sindikatuen salaketak

LABek istripua salatu du eta eremu konfinatuetan ezagunak diren arriskuen aurrean aplikatu beharreko protokoloak ez direla jarraitu nabarmendu du. «Jakinik arrisku aktibitate espezifiko eta arautua dela, nola ez du Noploiek eta inspekzioak jarraipena egiten? Utzikeria horrek eramaten gaitu 2022 urtean oraindik ere istripu ekidingarri hauek pairatzera, emaitza beldurgarriekin», erantsi du.

Euskal Herrian 34 langile hil direla istripuaz aurten, horietatik zortzi Nafarroan izan direlarik.

ELAk, berriz, premiazko neurriak eskatu ditu lan ezbeharren aurrean Nafarroan. «Onura ekonomikoaren aurrean plantillen segurtasuna leheneste eta lan baldintzak kontrolatzeko bitarteko publikoak areagotzea eskatzen du, eta, aldi berean, langileak mobilizatzera deitzen ditu, hiltzen eta gaixotzen gaituen prekaritatearen aurka eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea defendatzeko».

CCOOk gertatutakoa ikertzeko eskatu du eta heriotzekin amaitzeko beharrezkoak diren neurriak eskatu ditu. Enpresek lan istripuak ekiditzeko neurri guztiak jarri behar dituztela gogoratu du.

UGTk lan istripuak ebitatzeko neurriak arintzea ez dela onargarriak nabarmendu du. Gauzak horrela, arauak ez direla betetzen, neurriak falta direla eta informazioa ez dagoela salatu du.

Ollokiko istripuaren ondorioz

Astelehen honetan ere jakin da Nafarroako Olloki herrian maiatzaren 20ean zauriturik geratu zen langile batek ezin izan dituela zauriak gainditu eta azkenean hil egin dela. Iruñeko erietxe batean eman du azken hatsa.

60 urteko atarrabiarra da hildako langilea; Agustin Escobes Ecay zuen izena, herrian aski ezaguna eta bi seme-alaba zituena. Eraikuntzako enpresa batean jarduten zuen eta erorikoa jasan zuen, hiru metro eta erdiko altueratik.

Lehenengo momentutik oso kinka larrian zen Escobes, eta istriputik bi astetara hil egin da, zenbait hedabidek baieztatu dutenez.

Hildako bat bihotzekoak jota Bermeon

Bestalde, pasa den ostiralean 50 urteko langile bat hil zen Bermeon bihotzekoak jota, Coviran sareko denda batean lanean ari zen bitartean. Hala adierazi du LABek.

«Herriko frankizia denda txiki bateko langile autonomoa izan da hildakoa. Komertzio handiaren aurrean bizirauteko borrokan, ez da harritzekoa, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan heriotzaraino», azpimarratu du sindikatuak.

Nabarmendu duenez, «denbora daramagu salatzen egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. 2022an 11 heriotza ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna».

«Honela, ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun materian ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Inspekzioaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara? Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka? Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?», galdetu du.

Eta neurriak hartu behar direla azpimarratu du: «Administrazioei lan istripuen eta lanbide gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu».