Asier Robles

Prekarietatea salatzeagatik epaitzen hasi diren zazpi gazteei babesa eman diete Bilbon

2021eko maiatzean gazteen larrialdi egoera eta bizi baldintza prekarioak salatzeko kalera ateratako zazpi gazte epaitzen hasi dira asteazken honetan. Epaitegien aurrean ehun gazte inguru bildu dira epaituei babesa emateko, Ernaik deitutako elkarretaratzean.

Zazpi gazteen aurkako epaiketa salatzeko elkarretaratzea Bilboko auzitegiaren aurrean.
Zazpi gazteen aurkako epaiketa salatzeko elkarretaratzea Bilboko auzitegiaren aurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Asteazken honetan hasi da 2021eko maiatzean Ernaik deitutako mobilizazioen baitan Bilbon atxilotutako zazpi gazteen aurkako epaiketa.

Egun hartan, ‘Larrialde egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza’ lelopean, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatu zituzten gazteek. Bilbon eta Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu zitzaien gazteei eta, haietako zortzi atxilotzeaz gain, 60 baino gehiago zauritu zituen.

Gaurkoan, ‘Ez gaituzue geldituko’ leloa zeukan pankarta baten hatzean, 100 gazte inguru bildu dira Bilboko Buenos Aires kalean dagoen auzitegiaren aurrean zazpi epaituei babesa helarazteko. Epaitegi barruan, zazpi auzipetuek, ertzainek, abokatuek eta hainbat lekuko hitz egin zuten eta epaiaren zain geratu zen auzia. 10.00ak aldera hasi da epaiketa, eta 16.00etan bukatu da saioa. Datorren asteazkenean beste saio bat egingo dute eta orduan espero dute ebazpenaren zain amaitutzat ematea. 

«Argi eta garbi esan nahi dugu gezurrez beteriko atestatu baten ondorioa dela epaiketa, eta ez dela soilik gazteriaren aurkakoa, baizik eta gazte mugimendua eta orokorrean mugimendu soziala eta borroka sozialen aurkako estrategia baten aurrean gaudela. Ez gara bakarrak borrokatzeagatik epaituak izan garenak azken hilabeteetan eta gainontzeko mugimendu sozialekin elkartasuna adierazi nahi diegu ere», adierazi du Ane Alava Ernaiko bozeramaileak.

Bestetik, gazte borrokak «merezi duela» eta horretan jarraituko dutela nabarmendu du: «Ez gaituztela geldituko argi utzi dugu dinamika osoan zehar, argi utzi genuen ekainaren 4ko mobilizazioan eta argi utziko dugu hemendik aurrera».

Zazpi gazteren aurkako epaiketari aurre egiteko kontu korronte bat ireki du gazte antolakundeak, herritarrek ekarpena egin dezaten. Epaiketaren gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko erabiliko dute bildutako dirua.