Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Lakuak bi urteko epea aurreikusten du Eskola publikorako Plan estrategikoa prest izateko

Lakuako Hezkuntza Sailak, Gasteizko Parlamentuko lau alderdi nagusiek onartutako Hezkuntza Hitzarmenean jasotako 43 ekintza zehatz identifikatu ditu eta horiek gauzatzeko egutegia zehaztu du gaur. Iragarri duenez, 2024ko bigarren hiruhilekorako egongo da prest Eskola publikorako Plan estrategikoa.

Lakuako Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Parlamentuko Hezkuntza Batzordean
Lakuako Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Parlamentuko Hezkuntza Batzordean (IREKIA)

Jokin Bildarratz, Lakuako Hezkuntza sailburuak, astelehen eguerdi honetan aurkeztu du, Parlamentuan, apirilaren 7an Ganberako lau alderdi nagusiek sinatutako Hezkuntza Hitzarmenari lotuta bere Sailak bultzatuko dituen jardueren egutegia. Eta, adierazi duenez, 2024ko aurreikusten du hitzarmen horrek jasotzen duen Eskola publikorako Plan estrategikoa martxan izatea.

Urtebete lehenagorako espero da eskola-segregazioaren aurkako ituna lortzea. Zehazki, gaineratu duenez, Hezkuntza Sailaren kronogramaren arabera, aurtengo azken seihilekoan segregazioari buruzko diagnostikoa eta horri aurre egiteko proposamenak aurkeztuko dira Legebiltzarrean, 2023an eskola-segregazioaren aurkako ituna lortzeko helburuarekin.

Aurreikusitako neurrien artean, ikasleak onartzeko araudia eguneratzea dago, ikastetxea askatasunez aukeratzea eta ikastetxeen arteko kohesioa eta eskolatze orekatua bateratuz. Horretarako, baremazio-irizpideak birpentsatu direla iragarri du Bildarratzek, eta hainbat neurri betetzen direla egiaztatuko da, hala nola ikasle kalteberentzako plazak gordetzea.

Lau jarduera-eremu

Sailburuak Hezkuntza Batzordean azaldu duenez, Hezkuntza Sailak Hitzarmenean jasotzen diren 43 ekintza zehatz identifikatu eta horientzako egutegia egin du, betiere, «Euskal Hezkuntza Sistemak dituen erronkei erantzuteko» xedearekin.

Horiek hala, Legebiltzarrean gaur aurkeztutako ekintzak 2022tik 2028ra bitarteko plangintza batean daude jasota, eta, aldian-aldian, sailburuak, aurreikusitako egutegiaren bilakaeraren berri emango die akordioa sinatu duten legebiltzar-taldeei.

Lakuaren dokumentuan jasotako neurriak lau eremu bereizitan kokatzen dira: Euskal Hezkuntza Sistemaren planifikazio estrategikoa, Gobernantza eta parte-hartzea, Ekitatea eta segregazioaren aurkako politikak eta Eraldaketa pedagogikoa.

Plangintza estrategikoari dagokionean, 2022ko uda osterako espero da Hezkuntza-itunen hurrengo seiurtekoa berritzea, eta urte bukaerarako, Euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoa delakoaren funtzionamendua eta printzipioak birformulatzea, Eskola-plangintza eta hezkuntza-itunen gaineko araudia eguneratzea, eta Itunpeko ikastetxeak, «gizarte-intereseko zentro» gisa aitortzea, Administrazioaren ikastetxeen antzeko irizpideekin.

Honekin batera, datorren urteko udaberrirako espero da, adibidez, Haurreskolak indartzea, eskaintza unibertsaleko, kalitatezko eta doako zerbitzua bihurtuz. Eta 2024ko udaberrirako, Plan estrategikoa izateaz gain, honako ekintzak burutu beharko lirateke: Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua eratzeko araudia onartzea, ikastetxe publikoen autonomia bideratzeko arau-esparrua sustatzea, ikastetxe publikoetan irakasleen plazen profilak definitzea, ikastetxe publikoetako zuzendaritzei buruzko araudia eguneratzea, eta zentroen publifikaziorako arauen garapena.

Gobernantza eta parte hartzeari buruzko mugarri nagusiak, 2024ko bigarren hiruhilekorako aurreikusten dira, baina ekitatea eta segregazioari buruzko atalean, Hezkuntza Sailak nabarmentzen du dagoeneko zenbait ekintza abian daudela, eta beste asko heldu den ikasturtean (2022-2023) jarriko direla martxan.

Horien artean daude, lehen aipatutako Eskola-segregazioaren aurkako itunaz aparte, ikasleen onarpenari buruzko araudiaren eguneraketa; HKI (hezkuntza konplexutasunaren indizea) izaera publikoz arautzea; ikastetxeei baliabide ekonomikoak eta pertsonalak bereizita esleitzeko mekanismoak ezartzea; eta Hezkuntza Premia Berezietako ikasleei buruz indarrean dagoen araudia eguneratzea.

Eta laugarren jarduera-eremu den Eraldaketa pedagogikoari buruzko ekintza batzuen egutegia –gutxi gora beherako datak dira– hauxe izango litzateke, gaur aurkeztutakoaren arabera: Digitalizazio-plan bat egitea eta garatzea (2022ko bigarren hiruhilekoa); Hezkuntza eleaniztuneko esparru bat eratzea (2023ko lehen hiruhilekoa); Curriculum dekretuak birformulatzea (2023ko bigarren hiruhilekoa); Hezkuntza Eraldatzeko Plana egitea eta garatzea (2023ko bigarren hiruhilekoa); Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa sortzea (2023ko bigarren hiruhilekoa); Ebaluaziorako eta ikerketarako esparru propioa sortzea (2023ko bigarren hiruhilekoa); eta Euskararen Ikaskuntzarako Institutua sortzea (2024ko bigarren hiruhilekoa).

Bildarratzen esan du neurri hauen guztien helburua euskal hezkuntza-sistema «aurrerakoia, integratzailea, berdintasunezkoa, arrakastatsua eta kalitatezkoa» izan dadin lortzea dela, «epe luzerako konpromiso eta lorpenekin». Onartu duenez, «Ez da ariketa erraza izango», eta Hezkuntza Lege berri bat izatea aurreikusitako «jarduerak benetan garatzeko gakoa» izango dela azpimarratu du, ekintza hauek guztiek «lasaitasun eta konfiantzazko testuingurua eta giroa" eskatzen baitute».