NAIZ

Errenta baxuko familietako 310 haur eta nerabek gozatuko dute Save The Childrenen udalekuez

Save the Children GKEak familia zaurgarrietako haurrentzako udalekuen bosgarren edizioa antolatu du Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen. Orotara, 310 ume eta nerabek gozatuko dute udako aisialdiaz.

Save the Childrenek antolatutako errenta gutxiko familietako haurrei zuzendutako udalekuak.
Save the Childrenek antolatutako errenta gutxiko familietako haurrei zuzendutako udalekuak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) pobrezia-arriskuan edo gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden umeei zuzenduta dauden udaleku irekiak antolatu ditu bosgarren urtez. Orotara, 310 haur eta nerabek hartuko dute parte ekainaren 20tik uztailaren 22ra bitartean Bilbo, Barakaldo eta Gasteizko kaleak girotuko dituzten udaleku hauetan.

Save the Childrenek azaldu duenez, udaleku hauen helburua baliabide gutxiko familietako umeek «aukera berdinak» izan ditzaten bermatzea da. Horregatik, udalekuak guztiz doakoak dira, GKEaren asmoa udan klase sozial desberdinetako umeen arteko desorekak areagotu daitezen ekiditea baita.

«Familia askorentzat, aparteko euskarri hau funtsezkoa da beraien seme-alabak atzean gera ez daitezen», azaldu du Charo Arranzek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Save the Childreneko zuzendariak.

Familien diru-sarrerak alde batera utzita, Euskal Herriko beste edozein txokotan topa daitezken udalekuak bezalakoak dira; irteera kulturalak, txangoak, sentsibilizazio-jarduerak, igerilekuetarako irteerak eta bestelako tailerrak egiten baitituzte. Aurten, esaterako, zirkua da tailer eta ekintzen gai nagusia. «Zirku moduko bat antolatzen ari gara, eta zirku hori prestatzeko, acrosport magia, pailazo-ekintzak… egiten ditugu», deskribatu dute Barakaldoko udalekuetan parte hartzen ari diren hiru lagunek, Ainarak, Thamarak eta Samanthak.

«Atzean gera ez daitezen»

Eli Azkorrak, Save the Childreneko Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroko zuzendariak esplikatu duenez, hiru udalerrietako udalekin elkarlanean antolatu dute haurrentzako aisialdi eskaintza hau. Izan ere, Azkorraren esanetan, sarritan, udalek antolatzen dituzten udalekuetan ez dago plaza nahikorik izena ematen duten ume guztientzako eta baliabide gutxien dituzten haurrak «atzean ez geratzea» bermatu nahi du GKEak.

Hori horrela, Save the Childrenek ondoko eskaera luzatu die Aldundi, udaletxe, Lakua eta gizarte eragileei: «Beren hezkuntza-eskaintza heda dezatela udan, gaitasunekin lotutako edukiak txerta ditzatela –barnean hartuta ikasleei gizarte-ikuspegitik, akademikoki eta lan-arloan garatzeko aukera emango dieten ezaguerak, prozedurak eta jarrerak–, eta maila sozioekonomiko txikiko familiei doan eskain diezaietela sarbidea».

Urtean zehar, Save the Childrenek eskolaz kanpoko laguntza eskaintzen die umeei etxeko lanak egiteko eta euskara errefortzurako, alabaina, euskararen presentzia ez da udalekuen indargune nagusia.

Azkorrak azaldu duenez, udalekuetan parte-hartzen duten umeetako askok denbora gutxi daramate Euskal Herrian, beraz, «hesi linguistikoa orokortua den zerbait da». Hori horrela, egun, «udalekuen hizkuntza nagusia gaztelania da».