Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nanogune, mundu oso bat sartzen da milimetro baten milioirenean

CIC nanoGUNE nanozientzia ikerketa kooperatiboko zentroan, Donostian, arruntena soilik ikusten da; berezi eta garrantzitsuena ezkutuan dago. Hori ezagutzera goaz hain zuzen, asmakizunak jaiotzen diren tokira –materialak autokonpontzeko teknologia eta covida detektatzeko makina, adibidez–.

Ainara Garcia teknologia transferentziaren arduraduna eta Jose Mari Pitarke CIC nanoGUNEren zuzendaria.
Ainara Garcia teknologia transferentziaren arduraduna eta Jose Mari Pitarke CIC nanoGUNEren zuzendaria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Igara aldean kokatutako CIC nanoGUNE puntako ikerketa zentroan sartu orduko jende gaztea ikusiko duzu lan mahaietan, giro lasaian. Kafea usainduko duzu eta ingelesa adituko. Kideren bat giltzarekin ateak irekitzen hasi eta labirinto batean beherantz joan ahala barneratuko zara Nanoguneren tripetan. Proiektuen posterrak, horiz argiztatutako gelak, buzo zuriekin babestutako zientzialariak laginei beha, makina harrigarriak...

Nanozientzia eskala hagitz ttipian egindako zientzia da. Nanometro bat milimetro baten milioirena da. Nanoeskalan, materiaren oinarrizko osagaiak aurkitzen dira, baita biologiaren funtsezko egiturenak ere. Baina tamaina ez da garrantzitsua den bakarra; materiaren izaera berezia da.

Zentroaren jaiotzara goaz, 2006ra. Nanozientzien boomaren garaian sortu zen CIC nanoGUNE, Lakuako Gobernuaren ekimenez, puntako ikerketa egiteko eta ezagutza hori merkaturatzeko. Hiru solairuko eraikinean, bereziena eta garrantzitsuena ezkutuan dago, lur azpian, bertan gertatzen diren prozesuak kanpo eraginetatik isolatu behar baitira.

«Ikerketan inoiz ez dakigu zer izango den garrantzitsua etorkizunean, baina lerro nagusietan asmatu genuen. Bi dimentsioko materialekin, adibidez», adierazi digu hasieratik zentroa zuzentzen duen Jose Mari Pitarkek. Hamar lantalde sortu dituzte eta guztietan egiten dute bikaintasunezko ikerketa. Gero deskubritutakoa partekatzen dute, bertze batzuek oinarri horren gainean ikertzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Aldizkari zientifiko prestigiotsuetan argitaratuz kontatzen dute egiten dutenaren berri. «Beste ikerlariek beren argitalpenetan aipatzen bagaituzte badakigu gure lanak eragina duela eta hori neurtzen dugu. Lerro hori ondo doa, baina tentsioari eutsi behar zaio hala ere».

Errotazio handia daukate, denbora osoan ari dira ikerlariak aldatzen. Iaz 70 berri sartu ziren eta ehun langile dira guztira. 70 berri sartzeak bertze 70 atera zirela erran nahi du. Nora joan ziren horiek? Bertan trebatutako zientzialarietako batzuk Euskal Herriko enpresetara joan daitezen saiatzen dira.

Zientzialarien etengabeko berritze horrekin, zentroa gazte mantentzen da. 50 herrialde ingurutako pertsonak pasatu dira Nanogunetik eta une honetan 27 herritako kideak dituzte, Alemania, Italia eta Errusiakoak aunitz. Hamabi taldeburu dituzte. «Berriren bat ekarri nahi dugu dibertsifikatzeko eta hor ere asmatu behar dugu. Okertu gaitezke, baina behin puntako ikerlariak ekarrita puntako ikerketa egingo dute ziur. Behar dutena emanez gero, hori berez doa. Zailena ikerlari bikainak ekartzea da, lehia handia dagoelako munduan», agertu du Jose Mari Pitarkek.

Langileen %60 gizonak eta %40 emakumeak dira Nanogunen. Baina oro har zientzian gertatzen den bezala, ardura postuetan igo ahala gutxitzen doaz emakumeak. «Karrera akademikoa segitzen duten gizonak gehiago dira; oreka falta da hor. Badaukagu genero berdintasuneko plan bat eta horren barruan kontzientziazio ekintzak egiten ditugu, besteak beste, emakumezkoek ere ikusteko bide akademikoa egin dezaketela gizonek bezala».

Zientzialariak laborategian lanean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zientzialariak laborategian lanean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Emakumeek erreferenteak behar dituzte eta horri erantzunez mentoretza programa bat martxan jartzen ari dira. Gainera, hizlariak gonbidatzen dituztenean kontuan hartzen dute emakumeak egotea eta beraien sareratzea errazten dute kongresuetan. «Taldeburu gehienak, arlo batzuetan batez ere, gizonak izaten direnez kongresuetara eurak gonbidatu ohi dira. Hortaz, ahalegin bat egin behar dugu emakumezko zientzialariak ere gonbidatuak izan daitezen», esplikatu du zuzendariak.

Zailena ikerlariak ekartzea dela aipatu dugu. Baina teknologia transferentziaren erronka ere ez da makala.

Teknologia transferentzia «oso garrantzitsua eta zaila» da Pitarkek ohartarazi duenez. «Ikertzaile batzuekin borrokatu behar izaten da, ikertzaileen helburua ez baita batzuetan transferentzia, baizik eta puntako ikerketa egitea, aurretik inork egin ez duena, eta, ondotik, aitortza jasotzea. Horregatik, adi begiratu behar diegu merkatuan egon daitezkeen aukerei, ikerketa industriala ere egiteko asmoz».

Teknologia transferentzia planak hiru zutabe dauzkala azaldu du Ainara Garcia arloko arduradunak. Lehenengoa, enpresekin zuzenean berrikuntza proiektuak garatzea da. «Esanguratsuena Intel multinazionalarekin daukagun egitasmoa da, bertan ‘spintronika’ izeneko teknologia garatzen dugu. Gure berrikuntza nazioartean zabaltzeko eta erreferente izateko xedea dugu eta horren adibide da proiektua».

Garapen handiko berrikuntza horiek Euskal Herriko enpresetara eramaten saiatzen dira, beraien lehiakortasuna handitzeko asmoz. «Azken bi urteetan, gure proiektu pribatuak, finantzaketa pribatua eta bezeroen zorroa hobetu dira».

Teknologia transferentziaren bigarren zutabea enpresa berriak sortzea da. Nanogunek bost enpresa dauzka, teknologian oinarritutakoak, eta joan den urtean seigarren baten sorreran parte hartu zuen, Biotech Foods izenekoan.

Patenteak dira hirugarren oinarria. Helburua teknologia bat babestea eta berau hirugarren bati lizentziatzea da. «Hau da, teknologia hori enpresa bati ematen diogu eta berarekin hitzartzen dugu horrekin lortzen dituen irabazien zer zati eta nola emango digun. Itunaren arabera, enpresak teknologia hori ustiatzeko esklusibitatea izan dezake edo ez. Gure jarduera, ezagutza eta teknologia merkatuan jartzen ditugu, hortik diru bat jasotzen dugu eta diru hori ikerketan inbertitzen dugu berriro», azaldu du Ainara Garciak.

Patenteen zorroa handitu dute eta benetan garrantzitsua da hori, merkatuan parte hartzeko aukera ematen dielako.

26 patente dituzte. Horietatik 17 lizentziatuak daude. Eta bertze hiru eskaera berri dituzte Europako patenteen bulegoari eginak. «Zerbait asmatu dugula esatea ez da nahikoa; frogatu egin behar dugu. Gure asmakizuna bidaltzen dugu, azter dezaten, eta onartzen baldin badute geuk edukiko ditugu horren gaineko eskubideak. Hiru eta sei urte bitartean pasatu daitezke onartu arte. Baina lehenago has gaitezke ustiatzen, eskaerarekin nolabaiteko babesa lortzen baitugu».

Patente horietako bat optikan oinarritutako teknologia bat da, magnetismoa neurtzeko. Bertze biak bioteknologian oinarrituak daude.

Duela milaka milioi urteko entzima bat birsortu dute, industria baldintza gogorrak jasan ditzakeena. Ehungintza, papergintza, bioerregaien ekoizpena... aplikazio ugaritarako erabil daiteke. Entzima hori naturan egon zen duela zenbait mila milioi urte. Orduan munduko baldintzak puskaz bortitzagoak ziren.

Arloko arduradunak esplikatu duenez, sekuentzia informatikoen bidez lortzen da hori. Zuhaitz filogenetikoak egiten dituzte. Zuhaitz genealogikoetan pertsonen arbasoak aztertzen diren bezala, gaur egun existitzen den entzima baten aurrekoak bilatzen dituzte.

Materialak autokonpontzeko teknologia bat da eskatu dituzten hiru patente berrietako bat. Material jasangarriak, biziraupen luzeagokoak lortzeko helburua du. Beste eskari bat, Nanoguneko makina batekin lotuta dago. «Novaspider deitzen da eta merkatuan dago. Mikro tamainako zuntzak egiten ditu. Horien bidez zelulak garatzen dira, esate baterako miokardioko ehunak sortzeko».

Bertze teknologia bat ere badute, Danimarkako unibertsitate batekin garatua. Horren ondorioz, enpresa bat sortu zen Europa iparraldeko herrialdean. «Honek makina batzuk egiten ditu. Printzipioz birus tropikalak detektatzeko ziren. Baina covida detektatzeko erabiltzen hasi ziren eta mundu osoan merkaturatzen ari dira. Patente eskaerarekin babestua dago makina».

Bistan denez, nanozientzia horizontala da eta egunerokoan ukitzen gaituzten kontuetan izan dezake eragina.

Hamasei urte bete ditu CIC nanoGUNEk, eta nolako etorkizuna izanen du? Jose Mari Pitarke zuzendariak aitortu duenez, egun duten bikaintasun maila mantentze hutsa jada bada erronka, baita egunean jarraitzen asmatzea ere. «Orain dela hamar urte nanoteknologia oso garrantzitsua zen, eta orain teknologia kuantikoak ere bai. Hor ere lanean ari gara, teknologia kuantikoak garatzeko bidean nanoteknologia beharrezkoa baita. Zentroak munduan sortzen diren aukeretara egokitu behar du, erreferente izaten segitzeko, betiere puntako gaietan lanean».

Hemendik, giltzarekin ateak irekitzen jarraitzea opa diogu, errotatzen eta biraka, milimetro baten milioirenean kabitzen den mundu infinitua ezagutzen eta guri ezagutarazten.