R.S.

Hirugarren gradua eskuratu du Atristainek, espainiar auzitegiek berriz espetxeratu ostean

Xabier Atristain Martuteneko espetxetik atera da ostiral honetan, hirugarren gradua onartu baitio Lakuako Gobernuak. Aski ezaguna da bere kasua: berari ezarritako zigorra Europak bidegabetzat jo zuen arren, kondena bere horretan utzi dute espainiar auzitegiek.

Xabier Atristain, otsailean lehen aldiz aske gelditu zenean.
Xabier Atristain, otsailean lehen aldiz aske gelditu zenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azken aldian beste zenbait presorekin gertatu den bezala, legeak aurreikusten dituen baldintzak betetzen dituela onartu du eta hirugarren gradua eman dio Lakuako Gobernuak Xabier Atristaini. Gauzak honela, gaur ostiralean kalera atera da berriz preso donostiarra Martuteneko espetxetik eta hurrengo egunetan zehaztuko da hirugarren gradu honen gauzapen zehatza.

Gorabehera handiak izan ditu Atristainen egoerak urte hasieratik hona. 2010. urtetik zuten preso baina urtarrilean onartu zuen Europako Giza Eskubideen Entzutegiak bere helegitea eta Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra bidegabea dela agindu zuen. Inkomunikazioan jasan zuen babes juridiko falta nabarmendu zuen epaiak, paradigma berria ezarriz, beste preso askoren auzietan ere eragina izan beharko lukeena.

Honen ondorioz, otsailaren 18an atera zen aske Atristain Martutenetik, eta pentsa zitekeen zigorra baliogabetua izango zela espainiar auzitegien aldetik. Baina horretarako eskaria planteatu zenean, legez beharreko den bezala, Gorenak ezetz esan zuen eta kondena bere horretan uztea erabaki zuen.

Larriago, hautu hori egin bezain laster kartzeleratu zuten berriz Xabier Atristain, Donostiako Parte Zaharrean atxilotu ostean, ekainaren 2an.

Geroztik Martutenen preso egon da berriz, baina kondena oso aurreratua dagoenez eta gainerako baldintzak ere betetzen direnez hirugarren gradua jaso du orain. Erabakia Lakuako Gobernuak hartu du, eskumena pasa den urritik berea da eta.

Bitartean, sakoneko arazoari heltzeko zenbait ekimen iragarri ditu bere defentsak, bai espainiar auzitegien aurrean bai eta Europa mailan ere.