NAIZ

Lazaro Galarza iheslari ohia Mexikon hil da, lan istripuz

32 urte iheslari eman ostean eta jada etxera buelta hasia zuela, Mexikon hil da Lazaro Galarza Larrayoz oderiztarra, lan istripu baten ondorioz, Etxeratek baieztatu duenez.

Lazaro Galarza, 2001. urtean Mexikon.
Lazaro Galarza, 2001. urtean Mexikon. (La Jornada)

Lazaro Galarza Larrayoz iheslari ohia Mexikon hil da azken orduetan, Etxeratek baieztatu duenez. Lan istripu baten ondorioa izan da. Garraio lanetan zebilela, zama gainera etorri zaio eta bizia galdu du. 67 urterekin hil da.

Pasa den apirilaren 16an Euskal Herria itzuli zen Galarza, Iruñera hain zuzen ere, bere aurkako auzibide guztiak gaindituta zeudela egiaztatu ondoren, beste dozenaka iheslarik egin duten bezala.

Bisita horren ostean Mexikora itzuli zen, bertan denbora puxka bat emateko baina berriz ere bere jaioterrira etortzeko asmoz. Ezin izan du helburua lortu, istripu honen erruz.

1994. urtetik Mexikon egon da Lazaro Galarza, espainiar auzitegien jazarpenari izkin eginez. Bere garaian Morelian atxilotu eta Mexiko D.F.ean kartzelaratu zuten, Auzitegi Nazionalak horren estradizioa eskatu zuelako. Baina azkenean Mexikok ukatu egin zuen Baltasar Garzonen agindua eta aske segitzeko aukera izan zuen.

1990. urtean Guardia Zibilaren Lekunberriko koartela erasotzeko laguntza eman izana leporatzen zioten Madrilen. Urte hartatik etxetik alde egin zuen Galarzak, polizi-iturriek zabaldutakoaren arabera. Irunberrin Susana Agerri eta Jon Lizarralde hil ostean joan ziren uniformedunak bere bila lehenbizikoz.

Bi seme mexikar utzi ditu Lazaro Galarzak. Bigarrenak 40 egun baino ez zituen aita kartzelaratu zutenean. Hamalau hilabetez egon zen preso orduan, 2000 eta 2001 urteren artean.

Atzerriko bidea hartu aurretik HBko zinegotzia izan zen Galarza, bai eta nekazarien ordezkaria ere. Larraungo bailarako Oderitz herriko semea zen.