Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Orio txapeldun izan da etxean eta Hondarribiak kolpe handi bat eman du mahai gainean

Orioko emakumezkoen traineruak etxeko estropada irabazi du eta lidertzan jarri da bakarka, puntu bateko aldea ateraz Arraun Lagunaki. Gizonezkoen «Ama Guadalupekoa»k, aldiz, urteko lehen garaipena eta bandera lortu ditu, baina Donostiarrak, gaur bigarren, lidertzan jarraitzen du.

Nadeth Agirre Orioko patroia bere arraunlari bat zoriontzen aurreko estropada batean.
Nadeth Agirre Orioko patroia bere arraunlari bat zoriontzen aurreko estropada batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Estropada erakargarriak utzi dizkigute Orioko urek larunbat honetan. Orio, etxean, eta Hondarribia izan dira garaileak Euskotren eta Eusko label Ligetan, hurrenez hurren. Traineru horiko emakumeek, gainera, lidertza berreskuratu dute bakarka eta "Ama Guadalupekoa" ontziak kolpe handia eman du mahai gainean, baina Donostiarrak lidertza mantentzea lortu du.

Euskotren Liga: Orio, nagusi etxean

Telebistako arazoak tarteko –Euskotren Ligako estropada amaitu denean konektatu ahal izan du ETBk–, Oriok etxean irabazi du Orioko XXII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina X. Bandera. Garaipenak, gainera, beste sari garrantzitsu bat eman die gipuzkoarrei: liderrak dira bakarka, puntu bateko aldea ateraz gaur bigarren izan den eta Oriorekin lehia bizia mantentzen ari den Arraun Lagunaki. Donostiarra hirugarren izan da eta igo berria den Tolosaldeak laugarren postuan amaitu du.

Hasiera-hasieratik nabarmendu da Nadeth Agirrek zuzentzen duen trainerua. Lehenengo ziabogan azkarrena izan dira horiak (5:23ko denborarekin), zazpi segunduko aldea ateraz Arraun Lagunaki, hamar Donostiarrari eta atzerago iritsi da Tolosaldea.

Bigarren eta azken luzean Oriok hortzak estutu ditu gehiago eta garaipenak ez dio ihes egin, etxean garaipen polit eta garrantzitsua lortuz.

Eusko Label Liga: Hondarribia, gogotsu eta bikain

Aurreko txandan beste lau traineruek egindako maniobra berarekin hasi dute estropada. Hau da, itsasorantz joaterakoan ontzi guztiek estriborrera jo dute. Urdaibai izan da ziaboga lehena egiten, baina Hondarribia eta Donostiarra, orden honetan, oso denbora gutxian errepikatu dute maniobra. Oriok, aldiz, segundo gehiago behar izan ditu, sei hain zuzen ere.

Momentu horretan ikusten zenez, txanda eta estropada garaipena hiru traineruren artean zegoen: Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra. Ordena, aldiz, zein izango zen? Orio, berriz, bosgarren posturaino jaitsi da, Zierbenaren atzetik, denbora guztiak kontuan hartuta.

Bigarren luzean Hondarribiak aurrea hartu du, baina biraketa egiterakoan, Donostiarra azkarragoa izan da. "Ama Guadalupekoa" gehiago ireki da maniobra egiterakoan olatu batengatik, baina ez du abiadura galdu eta gertu izan du Donostiarra hurrengo luzean.

Une gozoa bizi dute momentu horretan berdeek. Lider jarri dira hirugarren eta azken biraketa egin baino lehen, eta baita lehenak atera biraketa ostean. Garaipena eskura zuten Ioseba Amunarrizen arraunlariek, baina biribiltzea falta zitzaien. Denboraldiko lehen bandera nahi zuen, baina "Torrekua II.a" ontziak ez du amore eman eta oso zaila jarri dizkio gauzak.

Bi traineruak asko gerturatu dira elkarren artean azken metroetan, epailea gertu egon da, baina bakoitzak bereak egiten jarraitu dute eta Mikel Orbañanosek entrenatzen duen taldeak ez du aukera pasatzen utzi lehen garaipena lortzeko. Donostiarra bigarren izan da eta lidertzari eutsi dio. Urdaibaik hirugarren amaitu du eta Oriok laugarren postua eskuratu du, bai txandan eta baita estropadako sailkapen nagusian.

Bigarren txanda: olatu onaren zain

Zierbenak hartu du protagonismoa, beste hiru traineruei aurre hartzean estropada guztian. Kaikuk bigarren postuari eutsi dio eta hirugarren eta laugarren postuetarako Santurtzi eta Getaria aritu dira.

Aipatzekoa da hirugarren luzean, itsasorantz joaterakoan, Zierbena laugarren kaletik bosgarrenera joan dela, Santurtzi hirugarrenetik laugarrenera eta Getaria bigarrenetik hirugarrenera, baina Kaikuk ez du estrategia hau erabili eta bere kalean mantendu da.

Ondo atera zaio maniobra hau, azken luzean txandaren garaipenerako lehian aritu baita. Oraingoan kontrako norabidea hartu dute denek, lurrerantz, eta Jose Luis Kortarenek presioa sartu diote Zierbenari, segundo bateko aldea besterik ez zegoela bien artean. Baina Zierbenak olatu ona hartu du 300 metro baino gutxiagoren faltan eta nahikoa izan da txandako garaipena lortzeko. Atzerago, Getaria, 14 segundora, eta Santurtzi, 25era, helmugaratu dira.

Lehen txanda: berdintasuna eta abordaia

Lehenengo txanda oso orekatua hasi da baita ere. Pentsa, lehen ziabogara iristeko 300 metroren faltan, lau traineruak segundo batean zeuden. Ondarroa izan da azkarrena, Ares, Lekittarra eta Caboren aurretik.

Ondarrutarrek lidertzan jarraitu dute hurrengo bi ziabogetan, baina ezin izan dute estropada apurtu. Are gehiago, beraiei "apurtu" diete helburua. Izan ere, azken biraketan, buelta eman diote estropadari. Lekitarrak lehena egin du maniobra, Aresen eta Caboren aurretik, eta Ondarroa laugarren geratu da.

Hala ere, azken luzean inork ez zuen amore eman nahi eta gutxitan gertatzen den gauza bat ikusi da helmugaratzeko oso metroren faltan: lau traineruak kale berean sartu dira, Lekittarrak irabazi egin du txanda, baina Ares eta Caboren artean abordaia egon den bitartean, Ondarroak hirugarren amaitu du.

Zenbait minutuko tartea hartu dute epaileek gertatutako maniobraren aurrean erabaki bat hartzeko, eta azkenean Cabo eta Ares deskalifikatu dituzte. Beraz, punturik gabe joango dira bi galiziarrak Oriotik.

Beste kategoriak

Pedreñan ETE Ligako estropada izan da, eta bertan Hondarribia nagusi izan da. "Ama Guadalupekoa" trainerua II. Bandera Marina de Cudeyon azkarrena izateaz gain, liderra da bakarka orain denboraldiko zazpigarren proba ospatu ostean.

Gipuzkoarrek zazpi segundoko aldea atera diote Deusturi eta hamar Hibaikari. Zumaia, Zarautz, Hernani, Ondarroa, Castro eta Portugalete sailkatu dira ondoren.

Gauzak hala, Hondarribiak 57 puntu ditu eta hauexek jarraitzen dute sailkapen nagusian: Hibaika (55), Deustu (50), Zumaia (42), Ondarroa (35), Zarautz (28), Hernani (26), Castro (14) eta Portugalete (8).

Bestalde, Pedreñak etxean irabazi du KAE1 Ligan. Zortzi segundoko aldea atera dio Deusturi eta hamaika Zarautzi. Arkote, San Pedro, Orio B, Castro, San Juan, Busturialdea, Zumaia, Camargo eta Hondarribia B izan da sailkapena.

Hori bai, San Pedrok KAE1 Ligako lider jarraitzen du sei estropada ostean. 63 puntu ditu eta honakoek jarraitzen diote: Zarautz (59), Arkote (58), Pedreña (54), San Juan (48), Castro (34), Hondarribia B (32), Deusto eta Zumaia (31), Camargo (29), Orio B (17) eta Busturialdea (12).