NAIZ

Donostiako erraldoien eta buruhandien historia liburu batean jaso dute

Donostiako erraldoien 40.urteurrena eta hauei dantzarazten dien Itzurun elkartearen 25.urtebetetzea dela eta, hiriburu gipuzkoarreko erraldoi eta buruhandien historia ‘Donostiako erraldoiak eta buruhandiak– Bidaia denboran zehar’ liburuan jaso dute.

Irun eta Donostiako erraldoi eta kilikien topaketa, 2019ko Donostiako Aste Nagusian.
Irun eta Donostiako erraldoi eta kilikien topaketa, 2019ko Donostiako Aste Nagusian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako erraldoien eta buruhandien 40.urteurrenaren eta hauek plazetan dantzan jartzeaz arduratzen den Itzurun elkartearen 25.urteurrenaren harira, Borja Muñozek idatzitako ‘Donostiako erraldoiak eta buruhandiak - Bidaia denboran zehar’ liburuak pertsonaia hauen historia kontatu du bere orrietan.

Astelehen honetan egindako prentsaurrekoan, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, eta Borja Muñozek, Itzurun elkarteko presidenteak eta liburuaren idazleak, publikazioa aurkeztu dute.

Muñozek azaldu du liburu hau «ibilbide atsegin eta bizia» izan dela «hirian estreinakoz XVII. mendean agertu zen konpartsaren tradizio honen historian zehar».

Gehitu duenez, publikazio hau «gazte eta helduek lau metrotik gorako bizilagunak eta haien lagun bihurriak ezagutzeko arrazoi bat aurkitzeko» pentsatuta dago.

Liburuaren hitzaurrea Goiak idatzi du eta Donostiako Festak elkarteak ere erredakziorako laguntza eman du.

Publikazioa Alboka artisautza dendan, Donostiako zenbait liburu-dendatan eta internet bidez erosi daiteke, 'Kilikids.es' webgunean.

Liburua bi hizkuntzatan eskuratu daiteke, euskaraz eta gaztelaniaz, eta bertatik eratorritako irabaziak dohaintzan emango dituzte umeen gaixotasunen ikerketetarako.