Dabid LAZKANOITURBURU

Txinak azenarioa (ekonomia) eta makila (Armada) erakutsi dizkie taiwandarrei

Txinak Taiwanen «ekimen separatistarik» ez duela inolaz ere onartuko ohartarazi du eta beharrezkoa bada «irla kontrolatzeko» indarra erabiliko duela mehatxu egin du. Bitartean, hiru egunetako atzerapenarekin maniobren amaiera iragarri du Pekinek.

Independentziaren aldeko ikurrak Taipei Taiwaneko hiriburuan.
Independentziaren aldeko ikurrak Taipei Taiwaneko hiriburuan. ( SAM YEH | AFP)

Taiwanen independentziaren aldekoei ez die inolako marjenik utziko Txinak eta irla bereganatzeko «indarraren erabilera» mahai gainean dagoela ohartarazi du.

Txinako Armada maniobra militarrak egin ditu aurreko ostegunetik Taiwaneko itsasartean AEBtako Ordezkarien ganberako presidentea den Nancy Pelosik irla bisitatu ostean.

Wahintonen politikari boteretsuenen artean hirugarrena den Pelosi speakerraren bisita probokaziotzat jo zuen Pekinek, AEBek Taiwaneko Gobernuarekin inolako harreman ofizialik ez izateko konpromisoa dutelako.

Keinu ekonomikoak

Taiwani buruzko Auzien bulego txinatarrak «liburu zuria» kaleratu du gaur Pekinek irla bereganatzeko aholkuekin, eta lehenik eta behin pizgarri ekonomikoak eta lurralderako «segurtasun eta duintasun» gehiago proposatzen du, baina presio militarra areagotzearen alde azaltzen da bide batez.

«Bategite baketsuaren aldeko eremu handi bat eratzeko prest gaude, baina sasi-independentzia moduko zeozer eratzeko helburua duen inolako ekimen separatistarik ez dugu onartuko»,  ohartarazi du, eta «indarra erabiltzeari ez diogu uko egingo eta beharrezkoa bada neurri guztiak hartzeko prest gaude», gaineratu du.

Hori bai, «neurri zorrotz hauek elementu separatisten probokazioei edota lerro gorriak zeharkatzeko prest dauden indar arrotzei erantzuteko baino ez ditugu erabiliko», azaltzen du «liburu zuriak».

Txina eta Taiwanen arteko harremanek okerrera egin dute Tsai Ing Wen PDP Alderdi Demokratiko-Progresista eta soberanistaren buruzagia 2016an lehen ministro bilakatu zenetik. Izan ere, ez dute onartzen Taiwan Txina denik.

Gero eta gehiago dira ideia horrekin bat egiten duten taiwandar gazteak.

Maniobren amaiera

Txinako Armadak duela astebete ekin zizkion eskualde horretan inoiz egin dituen maniobra militar erraldoienei. Irlaren blokeoa eta inbasioa irudikatu dute.

Aurreko igandean amaitzekoak ziren baina jarraitu egin dute astelehenean eta asteartean.

Txinak bere amaiera iragarri du azkenean gaur asteazkenean, baina bezperako operazioen bideoak kaleratzen jarraitu du.

Taiwanek ez du maniobra txinatarrak bukatu direla iragarri eta bere frogekin jarraitzen du, inbasio bati nola aurre egin irudikatzeko eta ikasteko.