Arnaitz Gorriti

Zarauzko korapiloa Urdaibairen azken txanpa bikainak askatu du

Cabok balizarekin talka egin ostean, ohorezko txanda erlojuaren aurka jokatu behar izan da. Orio joan da aurretik ia beti, baina azken luzean hartu dute aurrea Bermeok eta Hondarribiak. Euskotren Ligan, Tolosaldeak puntu bat kendu dio Donostiarrari eta maila mantentzeko dema igandean erabakiko da.

Azken luze bikaina eginda, ezusteko garaipena erdietsi du Urdaibaik Zarauzko aurreneko jardunaldian.
Azken luze bikaina eginda, ezusteko garaipena erdietsi du Urdaibaik Zarauzko aurreneko jardunaldian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arraunean ezustekoek bihotzekoaren efektu beretsua dute. Bizitzaren harmonia goitik behera apurtzen dute eta kluben interesek aurrera jarraitzea nabarmen zailtzen dute. Baina nolabait, kostata bada ere, azkenean ikuskizunak aurrera jarraitu behar eta tira, azkenean estropada jokatu da. Baina Zarauzko XLV. Banderaren aurreneko jardunaldiak badu irabazlea, Urdaibai, hiru segundu eskaseko aldeaz Hondarribiarekiko, azken txanpan «Bou Bizkaiak» eta «Ama Guadalupekoak» ia irabazle zirudien Orio gainditu ostean.

Noski, horrek esan nahi du lau puntuko aldea atera diola Bermeoko taldeak Hondarribiari, eta zortzi dagoeneko Donostiarrari, borrokatik kanpo geratzen ari den ontziari. Hori bai, Zarauzko XLV. Ikurriña Urdaibai, Hondarribia zein Oriok berdin berdin irabazi dezakete.

Gaitzerdi, bigarren txandan Cabo da Cruzi gertatu zaiona gertatu eta gero. Izan ere, aurreneko kaletik joatea egokitu zaion Cabo da Cruzek nahikoa lan izan du estatxari eusten hasiera emateko eta barrualdeko ziabogan balizarekin trabatu da, hain zorte txarra izan eta baliza hondoratzea eraginez. Izan ere, nahiz eta olatuen koefiziente baxu xamarra izan, itsaso oso petrala egokitu zaie Eusko Label Ligako arraunlariei, batez ere barruko aldean, zeinetan egundoko olatu eta zuloak aurkitu dituzten bidean.

Horiek hala, ohorezko txanda hasi aurretik ordezko baliza bat jartzen ahalegindu dira eta jarri badute ere, azkenean hirugarren kaletik erlojuaren kontrako formatoan egin behar izan da ohorezko txanda. Itxura denez, Hondarribiak –aurreneko kaletik arraunean egin behar zuena– ez du baimenik eman ohiko estropada paraleloa jokatu dadin.

Hala, Orio, Donostiarra, Hondarribia eta Urdaibai abiatzekoak ziren, hurrenez hurren, sailkapen nagusiarekiko atzekoz aurrera. Hala ere, kluben arteko eztabaida eta Getariatik abiada bizian ekarri duten bandera. Hala ere, balizek lerrokatzea galdu omen dutela-eta, azkenean, behin eta betiko, erlojupeko formatoan egin da ohorezko txanda, laugarren kaletik bada ere.

Eta azkenean, estropada

Kale ezberdintasunik gabe, denboren erreferentzia baino ez da geratu eta aurreneko ziabogan Donostiarrak egin du denborarik onena, nahiz eta laugarren egin duen Urdaibai lau segundu eskasera baino ez den geratu.

Popariko olatuak baliatu behar, kalea defendatzeko beharrik gabe. Zentzu horretan, Orioko «mirotzek» erakustaldi eder askoa eman dute aurreneko popari horretan, hiru arerioei bi trainerutik gorako aldea atera baitie. Esan gabe doa orduarte denborarik onena zeukan Zierbena airean pasa dutela.

Ezustekoa, ustez, pixkanaka egikaritzen hasi da Orioren alde, aurtengo Eusko Label Ligako aurreneko estropadan gertatu zen legez, erlojupekoan Chris Boardmanen antzeko espezialista bihurtu zaiguna aurtengo udan. Zentzu horretan, «mirotzek» nahikoa ederki bideratu dute hirugarren luzean beraien garaipena; hala adierazi dute gainomtzeko patroiek ere, liga sailkapenerako puntuei begira jarri baitira.

Baina azken luzean dena aldatu da. Urdaibaik asko sakatu du azken txanpa horretan, igandeko jardunaldiari begira eta sailkapen nagusiko erronkan begirada finkatuta. Orioren errenta ezustean dexente murriztu da, eta Donostiarra «mirotzen» atzetik sailkatu bada ere, Eusko Label Ligako bi oilarrak falta ziren sartzeko. Ehuneneko gutxi batzuen aldeagatik bada ere, Hondarribiak bota du oriotarren marka, baina azken txanpa bikaina egin eta gero sartu da «Bou Bizkaia» Zarauzko korapiloa nolabait askatuz.

Sesioa Lekittarra eta Ondarroarekin

Aurreneko txanda bera ere nahikoa aintzat hartzekoa izan da. Ondarroak sartu du branka aurreneko luzetik, eta printzipioz Lekittarra, santurtzi eta Ares baino askoz hobeto aritu bada ere, azken luzean Isuntza bere pareraino hurbildu da, olatuak baliatuta.

Alabaina, Ondarroaren kaletik hurbildu zaio Lekeitioko trainerua «Antiaguako Amari», eta Ondarroak bere kalea defendatzeko lehia horretan ez du zalantzarik egin eta sakaka atera du Isuntza. Lekeitiarrek ez dute edonola alde egiterik nahi izan eta azkenean palek elkar jo dute. Ondarroaren kalean izan denez, epaileek bandera horia atera diote Lekittarrari eta hiru segunduko zigorra jaso dute azkenean. Ondarroak, hori gutxi ez eta, olatu eder apare bat atera ditu eta ziztu batean egin du hanka.

Lekittarraren zorionerako, ziabogetan batere txukun aritu ez den Santurtziri alde nahikoa eta gehiago atera dio eta hala, sailkapen nagusian hiru puntura hurbildu zaio Isuntza «Itsasoko Amari», nahiz eta oraindik Lekeitioko taldea azkenaurreko postuan dagoen.

XLV Zarauzko Ikurriña, aurreneko jardunaldia:

1- Urdaibai 20:39.88

2- Hondarribia 20:43.24

3- Orio 20:43.40

4- Donostiarra 20:51.47

5- Zierbena 21:00.64

6- Getaria 21:10.50

7- Ondarroa 21:14.40

8- Lekittarra 21:25.34

9- Cabo 21:30.26

10- Santurtzi 21.39.84

11- Kaiku 21:47.30

12- Ares 22:01.44

Eusko Label Liga:

1- Urdaibai 161 puntu

2- Hondarribia 157 p.

3- Donostiarra 153 p.

4- Orio 139 p.

5- Getaria 95 p.

6- Kaiku 81 p.

7- Zierbena 80 p.

8- Ondarroa 69 p.

9- Cabo 69 p.

10- Santurtzi 62 p.

11- Lekittarra 59 p.

12- Ares 44 p.

Tolosaldea ez dago etsitzeko

Euskotren Liga Oriorentzat erabakita egonagatik, Zarauzko XIV. Banderak erakutsi du interesgunerik, Donostiarra eta Tolosaldearen arteko lehiari dagokionez batik bat, azken postuari ihes egiteko. Tolosaldeak izan du Donostiarrari bi puntuak kolpetik kentzeko aukera, baina era berean, azken metroetan Donostiarrak ere bertan izan duela hirugarren postua.

Azkenean, laugarren postu horri hanka egiteko lasterketa ero horretan, Donostiarrak puntu bakarreko aldea ateratzen dio Tolosaldeari. Beraz, igande eguerdiko bigarren jardunaldian erabakiko da zeinek libratuko duen Euskotren Ligako hirugarren postua eta zein joango den play-offetara ETE Ligako eta Galiziako Ligako hirugarrenarekin.

Ikurriñaren aurreneko jardunaldi honetan Oriok ohiko moduan aurrean hartu du, baina interesa atzean finkaturik egonda, bistakoa izan da Tolosaldea indartsuago abiatu dela, Donostiarra olatuekin eta korronteekin sufritzen aritu delarik. Akordatzerako, Tolosaldeak ontzi bateko aldea atera dio «Bantxari». Itsaso mugitu batean arraunean, postuan aurreneko luzean garbi asko finkatu dira.

Ziabogan, ordea, Arraun lagunak ez da oso fin aritu Tolosaldeak aldea murriztu dio, Donostiarra laugarren postura kateatuta geratu den bitartean. Esan gabe doa Oriok, ziabogaren ostean hiru traineruren aldea atera ostean, eguneko estropada bideratuta laga duela, are gehiago Zarauzko XIV. Ikurriña bera.

Tolosaldea piztu egin da iazko txapelduna ontzi betera bakarrik ikusi ostean. Kosta egin zaio ordea, aldea murriztea eta, berarentzat okerragoa izan dena, Donostiarra atzetik aurrera inguratu zaio estropadaren azken metroetan.

Komeriak izan ditu, izan ere, azken metro horietan Tolosaldeak, Oriok ere izan dituen moduan, estropada eremua oso zikina aurkitu dute eta olatu eta olatu artean, «zuloan» sartuta

XIV. Zarauzko Ikurriña, aurreneko jardunaldia:

1- Orio 11:21.62

2- Arraun Lagunak 11:32.58

3- Tolosaldea 11:37.82

4- Donostiarra 11:41.76

Euskotren Liga:

1- Orio 50 puntu

2- Arraun Lagunak 41 p.

3- Donostiarra 20 p.

4- Tolosaldea 19 p.