NAIZ

Garikoitz Aspiazu Espainiaratu dute Auzitegi Nazionalean epaitzeko

Garikoitz Aspiazu agintari espainolen esku utzi dute gaur Auzitegi Nazionalean epaitua izateko. Madrilen dagoen Soto del Realeko kartzelan egongo da irailaren 13an hasiko den epaiketen zain. ETAk Bilbon 2002an egindako atentatu batengatik epaituko dute euskal presoa.

Garikoitz Aspiazu Auzitegi Nazionalean. (POOL EFE)
Garikoitz Aspiazu Auzitegi Nazionalean. (POOL EFE)

Frantziako agintariek Garikoitz Aspiazu Estatu espainolaren esku utzi dute astelehen honetan. Espainiako Barne Ministerioko iturriek Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez, Madrilen dagoen Soto del Realeko kartzelan egongo da errepresaliatua Auzitegi Nazionalean izango den epaiketaren zain.

Vocentok adierazi duenez, ETAk egindako hainbat ekintzaren ondorioz auzipetuta dago Aspiazu, haien artean Bilbon 2002ko urtarrilaren 12an egindako atentatu batengatik. Auto batek eztanda egin zuen Bizkaiko hiruburuko erdigunean eta kalte materialak eragin zituen. Atentatu honen epaiketa iraialaren 13an hasiko da Auzitegi Nazionalean.

Epaile espainiarrek sei hilabeteko lekualdatzea eskatu zieten agintari frantsesei, baina Parisko Apelazio Auzitegiak bi hilabeterako entregatzea erabaki zuen joan den urtarrilean.

Laugarren aldiz Auzitegi Nazionalean

Ez da lehen aldia Garikoitz Aspiazu Espainiaratzen dutena epaitua izateko. 2009an, 2015ean eta 2019an ere Auzitegi Nazionalean agertu behar izan zuen. Azken urte horretan Aspiazuk eta Asier Arzalluzek ukatu egin zuten Bizkaian egon izana ETAk Lidon epailea hil zuenean.

Epaileak absolbitu egin zituen Aspiazu eta Arzalluz, Jose Maria Lidonen senideek egindako identifikazioa «fidagarria» ez zelako.