Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Urdaibai gailendu da Aresen eta are liderrago jarri da; Santurtzik kolpea jo du

Hondarribiarrak saiatu dira bermeotarrei eusten baina bizkaitarrek aldeak handitu dituzte bigarren ziabogarako. Hala, sailkapen nagusian puntu bat gehiago atera die "Ama Guadalupekoari" (4). Behealdean, Santurtzik kolpea jo du jaitsierako play-offak saihesteko, Lekittarraren kalterako.

Urdaibaiko eskifaia, Igor Aranberri patroiaren aginduei so; atzean Hondarribia dutela.
Urdaibaiko eskifaia, Igor Aranberri patroiaren aginduei so; atzean Hondarribia dutela. (@ACTTRAINERAS)

Urdaibairen indarrari eutsi diezaiokeenik ez dago. Edo oso nekeza egiten da. Saiatu da gaurkoan, Aresko estropadan, Hondarribia, bermeotarrekin parez pare arraun egiten (2 eta 3. kaleetan lehiatu dira) baina soilik bi luze iraun dute gipuzkoarrek. Urdaibaik zalantza ezina den garaipena eskuratu du eta are liderrago jarri da, hiru estropaden faltan, bigarrenari lau puntuko aldea aterata.

Ohorezko txandako bi ontzi onenek erdiko eremutik egin dute arraun eta Donostiarrak laugarren kaleko baldintza eskasak pairatu behar izan ditu. Hala, Kaiarribako ontziak ezin izan du garaipena borrokatu, ezta hurbildu ere. Oriok bukatu du hirugarren lehen kaletik lehiatuta.

Aresko estropada eremuan bi interes gune zeuden, etxeko traineruari merezitako txalo zaparrada eskaintzeaz harago –larunbat honetan meritu handiko estropada egin du, gainera–. Goialdean, Urdaibairen nagusitasuna Hondarribiak apurtu zezakeen edo ez ikusteko grina zegoen. Gipuzkoarrek puntu asko galdu zituzten Getariako Ikurrinan, ziaboga gaizki hartu eta denbora galdu zutenean. Ordura arte, parez pare zihoazen Bermeo eta "Ama Guadalupekoa" baina akats hori geroztik, sailkapenean aurrea hartu zuten bizkaitarrek eta ordutik ez dago nork geldituko duenik.

Indar erakustaldia ematen du astebururo eta Aresen ere halaxe izan zen. Irten ordurako, bi segundoko aldea atera die ontzi guztiei, erritmo oso altua inposatuz. Soilik Hondarribiak eutsi dio baina indarrak bi luze iraun dizkie. Bigarren ziaboga hartu eta segidan, aldeak handitu ditu Urdaibaik eta koska zabaltzen joan da. Azken luzean 10 segundoko aldea atera badute ere, azken txanpan hortzak estutu eta azkenerako, 8 segundora sartu da Hondarribia.

Santurtzi, birtualki salbatuta

Goialdeko dema Urdaibairen alde jausi bada, behe aldekoa Santurtziren aldekoa izan da, ezbairik gabe. "Soterak" ere bigarren kaletik egin du arraun eta bere arerio zuzen Lekittarrak, laugarrenetik. Baldintzak ez ditu alde izan Isuntzak baina santurtziarren estropada ere goraipatzekoa izan da.

Txanda bereganatu du, nagusitasunez, eta oxigenoa hartu du. Jaitsierako play-offak saihesteko borroka betean zeuden Santurtzi eta Lekittarra –lau puntuko aldea "Soterarentzat"– eta Iker Zabalaren mutilek ez dute azken estropadaraino itxaron nahi izan. Beste bost puntu atera die lekeitiarrei –Kaiku eta Getaria sartu dira tartean– eta Ondarroarekin berdinduta, bederatzi puntuko aldea ezarri dute jaitsiera play-offekiko.

«Ezbehar bat gertatu beharko litzateke egoera iraultzeko eta hori ere ez dugu nahi», onartu du zintzotasunez Osertz Alday Lekittarra ontziko entrenatzaile eta arraunlariak. «Beste sentsazio batzuk bilatu nahi genituen baina ez dugu gure bertsiorik onena eman. Baldintzak ere agian ez ziren onenak...», adierazi du baina ez du aitzakitzat erabili. Segituan, kirol legez, Santurtzi zoriondu du eginiko estropadarengatik.

Lekittarra laugarren kaletik makal aritu bada –baita Donostiarra ere–, ez da izan Getariaren kasua. Bigarren txandan bigarren egin baitu, Kaikuren aurretik, sinatzen ari den denboraldi paregabearen erakusle gisara. Cabok irabazi aipatu txanda eta bosgarren postuan bukatu du. Aitzakiarik ez duen porrota, bestalde, Zierbenarena izan da. Bigarren kaletik –Santurtzi eta Urdaibairen kale beretik– azken egin du, ez soilik bere txandan, baita Aresko Banderan oro har ere. Galipoek nabarmen egin dute behera denboraldiko bigarren zatian, justu Santurtzik hartu duen norabidearen aurka. 

Igande honetan Cabon jokatuko da denboraldik 16. bandera. Lider den Urdaibaik beste kolpe bat eman lezake edota Hondarribiak itxaropenerako argi izpi bat utzi. Lekittarrak jaitsierako play-offak jokatu beharko dituela ziurtatuko da eta baita Aresek maila galduko duela ere –hau jada jakina zen–.

Aresko XV. Bandera, sailkapena

1. Urdaibai 19:44.52

2. Hondarribia 19:53.28

3. Orio 20:01.82

4. Donostiarra 20:02.96

5. Cabo 20:21.78

6. Santurtzi 20:24.50

7. Getaria 20:25.70

8. Kaiku 20:28.34

9. Ares 20:28.94

10. Ondarroa 20:30.90

11. Lekittarra 20:47.08

12. Zierbena 20:51.04

Eusko Label liga, sailkapen orokorra

1. Urdaibia 184 puntu

2. Hondarribia 180 p.

3. Donostiarra 172 p.

4. Orio 158 p.

5. Getaria 107 p.

6. Kaiku 94 p.

7. Zierbena 88 p.

8. Cabo 80 p.

9. Ondarroa 74 p.

10. Santurtzi 74 p.

11. Lekittarra 65 p.

12. Ares 49 p.

KAE1 ligarako igoera fasea

Kantabriako Colindres herrian, bestalde, KAE1 ligarako igoera fasea jokatu da. Lapurdik zuzenean lortu zuen igoera pasa den astean –eta beste bandera bat erdietsi du KAE2rako puntuagarria izan ez den estropadan– eta play-offa jokatzen zutenen artean, Donostiarra izan da azkarrena.

KAE2 ligako bigarrena KAE1 ligako 10. eta 11. sailkatu Camargo eta Busturialdea baino hobeto aritu da erlojupekoaren aurka jokaturiko estropadan. Donostiarrek 20:53.81 denbora egin dute eta beraz, lau puntu erdietsi dituzte igandean Erandion jokatuko den bigarren jardunaldirako.

Bigarren izan da Camargo, 9 segundora. Busturialdea eta Mutrikuko ontziak indarrez pare pare aritu dira baina bizkaitarrek, segundo batengatik, bukatu dute hirugarren.

Lau ontzi hauetatik bakarrak lortuko du hurrengo urtean KAE1ean lehiatzeko txartela.

Play-offeko lehen jardunaldiko sailkapena

1. Donostiarra 20:53.81 (4 puntu)

2. Camargo 21:02.44 (3 p.)

3. Busturialdea 21:13.53 (2 p.)

4. Mutriku 21:14.61 (1 p.)