Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Agenda bateratua urrunago eramateko adostasun bila Ipar Euskal Herrian

Euskal Elkargoak alokairu turistikoak mugatzeko araudia onartu zuen, herritarrek bultzaturiko aldarrikapena bere eginez.
Euskal Elkargoak alokairu turistikoak mugatzeko araudia onartu zuen, herritarrek bultzaturiko aldarrikapena bere eginez. (Guillaume FAUVEAU)

Gutxienez Europa mailakoa den egungo krisiaren ondorioek toki nabarmena izanen dute urte politiko berrian Ipar Euskal Herrian. Prezioen igoerak, batetik, eta energiaren kontsumoa murrizteko neurriek, bestetik, diskurtso politikoa ez ezik eguneroko bizitza zeharo astindu dezakete. Are gehiago, aintzat hartuta Parisek ez duela lurralde faktorea erabakimenean txertatu ohi.

Izan ere, testuinguru orokorrari iskin egin ezin zaion bezala, lurralde bakoitzaren irizpideak erdigunean kokatu ezean nekez atzeman daitezke konponbide egokiak.

Piezak, neurri batean, mahai gainean daude. Udan zehar frogatu denez, klimaren erronkari aurre egiteko,  lurrari lotuta egin beharko da. Hots, osasunaren berme diren elikagaien ekoizpena birtokiratzeko helburua lehentasunen zerrendan goialdean agertzen da. 40. urtemugara heldu den ELB sindikatua eta Lurzaindia elkartea Arbonan zein Azkaraten lemazain gisa agertu ostean, erakundeei egokituko zaie lurraren gaineko espekulazioari muga jartzeko konpromiso maila gora eramatea. Landa-eremutik hiriguneetara, garai batean kostaldea astintzen zuen krisia lurralde osoan zabaldu da. Hortaz, herritarrek bultzaturik, agenda bateratu baterako osagai nagusi bihurtu da etxebizitza eskubidea.

Bere ardura utzi aitzin, abuztu amaieran, Eric Spitz prefetak alokairuen iruzurrari aurre egiteko bulegoa sortzeko erabakiaren berri eman zuen. Bere ondorengoak konpromiso hori noraino beteko duen aski fite jakinen da. Nolanahi ere, iazko azaroan 8.000 herritar bildu zuen manifestazioaren ondotik, Se Loger au Pays-Herria Bizi plataformak mobilizazio berri bat iragarri du udaberrirako.

Hitzordu eta erabaki garrantzitsuekin heldu da, anartean, ikasturte hasiera

Irailaren 14an frantses Hezkuntza Ministerioan bilera izanen dute Seaskako arduradunek. Garrantzi handiko hitzordua da, azterketak euskaraz egin ahal izateari eta oro har Michel Blanquer Hezkuntza ministro ohiak jomugan duen murgiltze eredua iraunarazteari begira. Lurra, etxebizitza eta euskara lehen lerroan ezarriz, ondarearen aldeko aldarrikapen soiletik aldenduta, bizitzeko oinarrizko baldintzak aldarrikatzen ditu gehiengo sozialak; bizitza duina helburu izanik, eskubideen arloan kokatua baita eztabaida politikoa aspalditik Ipar Euskal Herrian. 

Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroztik hamaikagarren urteurrena beteko denean, bakea eta elkarbizitza eraikitzeko euskal gizarteak agindutako prozesuaren inguruan zein posizio duen argitu beharko du frantses Estatuak epaitegien bidez. Armagabetze prozesuari bete-betean eragiten dion auzi batekin hasi da iraila eta, uztailaren 23ko blokeatze eguna ohar gisa hartuz gero, guztiz baldintzatu dezake giroa hilaren 22an plazaratuko den ebazpenak, alegia, 32 urte kartzelan daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoek baldintzapean aske ateratzeko eginiko eskaeraren gaineko erabakiak.

Lehentasunak argiak direnez, agenda eguneratu eta “denok batera urrunago” formula garaileari hatsa berrituz, arnasa luzeko erronka hau izanen da: etorkizunari baldintza duinetan heldu ahal izateko, estatus soziopolitikoari buruzko gogoeta saihetsezina itzaletik argitara eramatea.