Alessandro Ruta

Giacomo Matteotti, faxismoaren aurkako ekaitza inperioaren kanpoaldetik

Ordezkari sozialista hau faxismoaren lehen biktima «famatua» izan zen, 1924. urtean. Italiako lekurik pobreenetako batean jaioa zen eta Benito Mussolinik bere hilketa agindu zuen, parlamentariak salaketa ozen egin eta gero. Aurten, Italian, antzezlan batek Polesineko gizona oroitarazten du.

Matteottiren erretratua.
Matteottiren erretratua. (A.R.)

Giacomo Matteotti Italiako edozein hiritan dago, Aostatik Siziliara edota Trentotik Sardiniara. Plaza eta kale askok faxismoaren aurreneko biktimaren izena daramate.

Legebiltzarkide sozialistaren 39 urtetako bizitza laburra baina bizia izan zen, eta bukaerak ere ezaugarri berdinak izan zituen. Diktaduraren kontra egin zituen salaketek bere bahiketa eta hilketa eragingo zuten, baina alde berean faxismoaren benetako aurpegia eta izaera erakutsiko zituzten.  

Bere lurraldeko ordezkaritza harrotasunez zeraman Matteotti: Polesine, Italiako alderik ezezagun eta atzeratuenetako bat. Bertara bisita egitea ezinbestekoa da, dena bertan hasi zelako. Eta bereziki ezinbestekoa aurten, oroitzen duen antzezlana ikusteko aukera ematen duelako: “Il mio nome è tempesta” du izenburu (“Nire izena ekaitza da”).

“Urte askotarako, 9 hilketa”

Faxismoak 1922ko urrian eskuratu zuen boterea, orain dela ehun urte alegia. “Marcia su Roma” antolatu eta gero, Benito Mussolini lehen ministroa bihurtuko zen. Hasiera batean oso jende gutxik uste zuen «alkondara beltz» haiek arriskua izan zitezkeenik. Komunisten kontra borrokatzen zuten eta nolabaiteko egonkortasuna mantentzen zuten, eta horregatik leku askotan ongietorriak izan ziren, batez ere burgeseen artean, jakina.

Bortizkeria –tortura barne– erabiltzen zuten, baina hori ere ez zen arazo, itxuraz. Hilketak edo jipoiak erabili zituzten, Italiako iparraldean esate baterako, beti ere «ordena»ren interes gorenaren alde, eta Estatuak beste alde batera begiratzen zuen.  

Egoera berarentzat emankorra zela laster ulertu zuen Mussolinik. Erreinua ahula zen, gobernuek ez zuten indarrik eta Lehen Mundu Gerraren ondoren gazteek batez ere zerbait aldatu nahi zuten. «Italiarrak gobernatzea ez da zaila, erabilezina baizik». Esaldi hau apokrifoa da, ez dago konfirmatuta alegia, baina oso «mussolindarra» da.

Hasiera batean faxismoak bere alderik «eskuzabalena» erakutsi zuen, behintzat publikoki. Pribatuan, ordenaren sinonimoa indarkeriaren erabilera zen. Bi urtez benetako diktadurarik ez zen egongo ofizialki: aldaketak tantaka etorriko ziren, 1924ko hauteskunde orokorrak heldu arte. Urte hartan Mussolinizaleek maskara kendu zuten, nabarmen; sasidemokrazia alboratu zuten totalitarismoari bide emateko.  

Egoera horretan jende ausarta behar zen, baina honelako gutxi zegoen, besteak beste «squadracce»ei aurre egitea zekarrelako

 

Egoera horretan jende ausarta behar zen, baina oso gutxi zegoen. «Squadracce», legez kanpoko talde faxistak alegia, jardun ilun eta ikaragarria abiatu zuen. Helburua, Mussolini pozik izatea, torturari edota hilketei esker.

Kide batzuek fama handia eskuratu zuten, esate baterako Amerigo Dumini. «Urte askotarako, Dumini: 9 hilketa», zioen bere bisita txartelak, besteen aurrean bere burua aurkezten zuenean.

Kontraesan honetan faxismoak erroak botako zituen. Krimena guztiz onartuta zegoen, ia mesede gisa aurkeztua, erregimena defendatzeko, eta aurkariak guztiz baztertuak eta jazartuak izan ziren. Agertoki honetan ia ahots bakar batek salatu zuen gertatzen ari zena: Giacomo Matteottirenak.  

Iparraldeko Hegoaldean

Polesine Italiako lurralderik ezezagunenetako bat da. Veneto eskualdean dago, eta etenik gabeko denboraren joan-etorriaren ondorioa da.

Bere espetxea, bere kondena, Po ibai handiaren ondoan egotea da, eta leku askotan ur-mailaren azpian ere. Rovigo-ko probintzian Po ibaiaren delta hasten da, hainbat eta hainbat kanal betetzen, Adriatikoa besarkatu arte. Ilargiko alde ezkutuaren antzerakoa da, non mendi bakar bat ere ez den ikusten: Alpeak eta Appenninoak urrunegi daude.

Edozein trumoi, edozein euri-tanta, kezka bilaka daiteke hor. Azken 75 urteotan bi alditan sekulako uholdeak izan dituzte Polesinen, kalte handiak eraginez. Esaterako, 1951. urtean 101 hildako utzi zituzten.

Hezetasuna eta eltxoak errege-erreginak dira hemen Intsekuoek, iraganean, uholdeak bezain kaltegarriak ziren, gaixotasun piloa ekartzen zutelako; malaria, esate baterako.

«Gu iparraldeko hegoaldekoak gara, Italia guztiz ahaztu da gutaz», esan dit gizon batek Fratta Polesinen

 

Fratta Polesine herritxorik interesgarrienetako bat da, eta Giacomo Matteottiren jaioterria izan zena: 2.000 biztanle, orduan behin tren bat Veronatik dator edo Veronara doa, hori baino ez. Beste tokiekiko loturak eskasak dira, autopistarik ez, errepideak zuloz beteta dira, horretarako zenbait baliabide behar direlako, Polesinen ez daudenak.

«Gu iparraldeko hegoaldekoak gara, Italia guztiz ahaztu da gutaz. Ez daukagu inbertsiorik, ez daukagu industriarik, orain dela 50 urte bezala bizi gara», aipatu dit gizon batek, Fratta Polesineko plaza nagusian, taberna baten mahaiaren aurrean eserita, ardotxo bat edaten. Aldaezinezko erritoa.

Gure atzean, beste kanal bat zeharkatu eta gero, bitxikeria bat: Ondareen Unescoren zerrendan dagoen oroitarri bat, Villa Badoer. Nire buruari esan diot: «Ez dut sinisten Unescok Fratta Polesine esistitzen dela dakienik». Edozein kasutan, Villa Badoer ustekabeko maisu lan bat da, Andrea Palladio artista ikaragarriak egindakoa, estilo berezi baten asmatzailea, Vicenza hiriburu duena.

Fratta Polesine dena, kale nagusi batek eta kanal batzuek osatzen dute: c'est tout. Baina kale nagusi honetan beste leku interesgarri bat topa dezakegu: Giacomo Matteottiren etxea izandakoa, gaur egun museoa, lorategi lasai batean kokatua.

Matteottiren etxea, gaur museoa dena. (Alessandro Ruta)

Hiru euro balio ditu sarrerak, eta horrekin hiru solairuko jauregia ikus daiteke. Ordezkari sozialistaren familia Trento aldetik lekualdatu zen hona. Ez zen aberatsa baina astiro-astiro, piano piano, burges mailara, herriko burges mailara, iritsiko zen.

Benetan hunkigarria da nola kontserbatu duten etxea egiaztatzea, ia bizitzeko moduan dago eta. Sukalde erraldoi bat dago hasieran (Matteotti-k beste sei anai-arreba zituen-eta), baina politena  egongela, oraindik garai hartako diskoak gordetzen dituena. Giacomoaren erretratua nabarmentzen da bertan. Albo batean bere liburuak daude, italieraz eta frantzesez, poliglota zelako: politikari eta ekonomiari buruzkoak batez ere.

Matteottiren ezizena “Tempesta” zen, “Ekaitza” alegia. Oldalkorra zen, bere lurraldearen alde zeregin asko zituela benetan uste zuelako. Polesineko egoera orduan, orain dela 100 urte, gaurkoa baino okerragoa zen, noski. Italia uste izan dugu Veneto aldeko guztiak pertsona alaiak direla (Venezia, Verona, Padova, Vicenza, eta Dolomitetan zer esanik ez) baina Polesine beste Veneto bat, da, askoz umilagoa, isiltasuna nagusi den tokia.

Kanpora joan beharrak gogor astindu zuen lurralde. Rovigoko probintziatik ehunka familiek itsasontzi bat hartu zuten Brasilerantz, beren jaioterriko lan baldintzak erabat negargarriak zirelako. Haien semeak edota ilobak Italiara itzuliko ziren, adibidez futbolari gisa: José Altafini, Angelo Benedicto Sormani eta Thiago Motta famatuenak dira beharbada.

Matteottik ezin zuen errealitate latz hau onartu, eta lanari ekin zion. Faxismoa indartzen zihoan bitartean, Polesine Italiako alderik «gorriena» bihurtzen ari zen. Hau ere ordezkari sozialistaren etxe-museoan ondo azpimarratua dago.

Diktadura hemen da

1924ko hauteskunde orokorretarako faxismoak lege berezi bat prestatu zuen: “Legge Acerbo” delakoa. Makurra zen. Besteak beste, boto gehien jasoko zituen alderdiari Legebiltzarreko bi hereneko gehiengoa emango zion. Eta alderdi hori Mussoliniarena zen, jakina; boto gehien jaso zituena, besteak beste jipoi eta beste bortizkeria mota guztiei esker.

Matteottik bazekien eta salatu zuen. Legebiltzarkide sozialista ez zen faxismoaren barrabaskeriak salatzeko beldur. Behin baino gehiagotan, hauteskundeen aurretik eta gero, egin zuen, liburu eta artikuluen bitartez.

Mussolini 1923. urtean, «alkondara beltz»dunekin.

Agindu hau ez zen beharbada Mussoliniren ahotik aterako, baina Matteottik «burua makurtu behar zuen». Zeregina prest zuen Amerigo Duminik, 9 hilketen gizonak: hurrengoa Fratta Polesineko gizonarena izango zen.

1924ko ekainaren 10an Matteotti Erromako Legebilitzarrerako bidean zen. Hizketaldi gogorra prestatua zuen, baina inoiz ez zuen ahoskatuko. Berari egindako azken argazkia, irribarre apal eta triste batekin, testamentu baten antzerakoa da.

Legebiltzarrean Matteottiren hilketaren ardura Mussolinik onartu zuenean, egun horretan hasi zen benetako diktadura

 

Lekuko asko izan zituen ekintzak; askok ikusi zuten Duminiren taldeak Matteotti harrapatzen zuela, indarrez auto batean sartuz. Agian bakarrik bahiketa izan behar zen, baina kotxe hartan faxistek labankadaz hil zuten parlamentaria eta bere gorpua Erromako kanpoaldeko zelai batean utziko zuten, bi hilabete beranduago txakur batek aurkitu arte.

Hasteko prest zegoen diktadura. Testuinguru hartan gogor jokatuko zuen Mussolinik, 1925eko urtarrilaren 3an. Legebiltzarrean Matteottiren hilketaren ardura onartu zuen Duce-ak eta parlamentariak probokatu zituen, heroi baten bila-edo. Baina jakina, ordurako inork ez zuen arazorik nahi, eta horrenbestez egun hartan benetako diktadura, benetako erregimen krudela, hasiko zen.

Matteottiren gorpua Fratta Polesineko hilerrian dago orain. Baina eredugarria izan da haren bidea. Faxismoaren lehen martiri «famatua» izan zen ordezkari sozialista, eta hainbat liburuk bere jardueran sakondu dute.

Aurten Italian antzezlan berezi bat taularatu da, Matteottiren bizitzari buruz: “Il mio nome è tempesta” deitzen dena. Carmen Sepedek idatzi du, Emanuele Gamba zuzendari delarik.
Nahiz eta parlamentari sozialistaren oroimenak Italiako plazak edo kaleak edo monumentuak betetzen dituen, gogoratzea ezinbestekoa da oraindik, zer egin zuen ez ahaztea. Bai Matteotti bai eta bere jaioterria ere, Polesine.