Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Urdaibaik urtea errematatu du Portugaleten nagusitu eta bere zortzigarren liga irabazita

Urdaibai nagusitu da Portugaleten jokaturiko erlojupekoan eta beraz, Eusko Label ligako txapeldun berria da. Barrurako lehen luzean aldeak handitu ditu –ontzi bateko tartea atera dio arerio zuzen Hondarribiari– eta ez du utzi ezustekorako tarterik. Denboraldia biribildu du "Bou Bizkaiak".

Urdaibaiko arraunlariak liga garaipena ospatzen Portugaleteko ibaian.
Urdaibaiko arraunlariak liga garaipena ospatzen Portugaleteko ibaian. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Denboraldi-aurrean gure luzerik txarrena izaten zen bigarrengoa eta horretan landu dugu, gure bertute bilakatzeraino», onartu du Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak liga irabazi berritan. Izan ere, "Bou Bizkaiak" estropada asko apurtu ditu barrurako luzean eta Portugaleteko erlojupekoa ez da salbuespen izan. Hala, denboraldiko zazpigarren garaipena poltsikoratzearekin batera, historiako zortzigarren liga erdietsi du Bermeoko klubak.

Lehen ziabogan denbora berdina markatu dute Orio, Urdaibai, Hondarribiak eta Kaikuk –azken hau lehen txandan aritu da eta azkenean seigarren postua berreskuratu du, gaurko jardunaldian laugarren eginda–. Bigarrengoan, baina, "Bou Bizkaia" segituan hasi da aldeak handitzen. Luze erdian ontzi bateko tartea atera dio Hondarribiari eta ziabogara iritsi denerako, bostekoa izan da errenta.

Garaipena bideratzen hasi da Iker Zabalak gidatutako taldeak eta ez dio utzi aldeak handitzeari. Soilik hondamendi batek saihestu ahalko luke bermeotarren garaipena. Azkenerako zazpi segundoko aldearekin irabazi du "Bou Bizkaiak". Denboraldiko zazpigarren garaipena izan da eta sasoi guztiak erakutsitako erregulartasunak bere zortzigarren liga irabaztera eraman du.

«Zorionak baita ere Hondarribiari, sekulako denboraldia egin du eta gu bezainbeste merezi izan du irabaztea», adierazi du kirol lege handiz Gorka Aranberrik. Getariako banderan, bigarren ziabogan, eginiko akats larria gogotik ordaindu du ontzi gipuzkoarrak eta zarauztarrak hori gogoan izan du. Hala, azkenera arte borrokatu dutela zorionak helarazi dizkio bere arerio zuzenari.

«Atzoko [Bermeoko] bandera irabaztea soilik falta izan zaigu», esan du barre artean "Bou Bizkaiako" patroiak. Segidan onartu du taldeari ezin zaiola gehiago eskatu –Liga, Kontxa, Euskadiko txapelketa irabazi ditu Urdaibaik–.

Iker Zabala entrenatzaileak ere Hondarribia zoriondu nahi izan du arerio oso gogorra izan delako. Nolanahi ere, uste du bere taldeak «azkarrago arraun egin dezakeela». Zabala Santurtzirekin dena irabazi ostean itzuli zen Bermeora eta onartu du «ondo entrenatu gabeko» taldearekin egin zuela topo. «Zaila da urte batean dena iraultzea eta horregatik uste dut indartsuagoak izan gaitezkeela», adierazi du ETBko kameren aurrean.

«Ahaleginak egitera etorri gara eta pozik goaz», adierazi du, bestalde, Orbañanosek, Hondarribiko entrenatzaileak eta beraz, bere arraunlariak ere zoriondu nahi izan ditu. Era berean, irabazleari ere zorionak helarazi dizkio.

Getariako akatsaren harira, gipuzkoarrak adierazi du kirolean «pasatzen diren gauzak» direla eta «zailtasun horiek gainditu behar» direla. «Saiatu gara maila ematen, aurkari gogor bat izaten eta uste dut lortu dugula», azaldu du. Zazpigarren aldiz jarraian bigarren postuan bukatu du liga "Ama Guadalupekoak".

Kaiku eta Getaria, maila onean

Denboraldi honetan Urdaibairen garaipena ez ezik, igo berriak izan diren Getaria eta Kaikuren sasoi bikaina ere nabarmendu egin behar da. "Esperantzakoak" bosgarren bukatu dute liga eta Zarauzko Banderako zein Kontxako bigarren jardunaldian, ohorezko txandan ere tokia egin zuten. Aise lortu dute salbazio eta gora begira aritu dira une oro.

Sestaoko klubak, bestalde, mendeurrena ospatuko du datorren sasoian eta denboraldi honen bukaeran indarrak apur bat apaldu bazaizkie ere, azken jardunaldian laugarren egin eta arantza kendu dute, sailkapen nagusiko seigarren postua berreskuratuz.

XLVIII. El Corte Ingles Bandera - Portugaleteko Bandera

1. Urdaibai 19:22.64

2. Hondarribia 19:30.14

3. Orio 19:36.06

4. Kaiku 19:47.70

5. Donostiarra 19:49.14

6. Getaria 19:56.56

7. Zierbena 20:11.04

8. Cabo 20:15.16

Eusko Label liga, sailkapen nagusia

1. Urdaibai - 218 puntu

2. Hondarribia - 215 puntu

3. Donostiarra - 200 puntu

4. Orio - 184 puntu

5. Getaria - 128 puntu

6. Kaiku - 113 puntu

7. Zierbena - 111 puntu

8. Cabo - 98 puntu