Oihane Larretxea
Donostia

Labo XL jaialdia, arte eszenikoetan begirada alternatiboei ateak irekitzen

Proposamen alternatiboak dituzte, beraien begiradak garaikideak dira eta oholtzara eramaten dituzten obrak ere halakoak dira. Ohiko zirkuituetan ikusi ezin direnak eskaintzen ditu Labo XL jaialdiak Donostian, aurten laugarren edizioa ospatuko duenak. Urriaren 19tik 22ra izango da.

Ana Barrantes eta Ion Estala, LABO kultur egitasmoaren sortzaile eta kudeatzaileak.
Ana Barrantes eta Ion Estala, LABO kultur egitasmoaren sortzaile eta kudeatzaileak. (Iñigo Uriz | Foku)

Ohiko zirkuituetan ikusi ezin direnak jasotzen ditu Labo XL jaialdiak, programazio estandarretan sartzen ez direnak eskaintzen dituelako. Laugarren edizioa ospatuko du aurten, datorren hilabetean, eta maiatza eta ekaina bitartean jaso zituzten lanen kalitatea eta aniztasuna ikusita, jaialdiak orain arte izan dituen hiru egunei bat eranstea deliberatu zen. Laugarren edizioak, beraz, lau egun izango ditu.

Donostiako espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdia da Labo XL, eta urtean zehar LABO proiektuak barnebiltzen duen egitarau oparo baten ginga da. Hiriko espazio berriak arakatzea gustuko du Ion Estala eta Ana Barrantesek sortu eta kudeatzen duten kultura ekimenak.

Astelehenen honetan eman dituzte edizioaren nondik norakoak Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, hori izango baita, besteak beste, jaialdiak hartuko duen eszenatokietako bat.

«Oso proposamen interesgarriak jaso ditugu, begirada berritzaileak daude, asko esateko eta aportatzeko dutenak. Lanak jasotzeko epea itxi genuenean konturatu ginen kalitate horri lekua emateko ezinbestekoa zela egun bat gehitzea», adierazi dute. Hala, urriaren 19tik 22ra bitartean, programa oso bat garatuko da.

Sarea handituz doa, eta horren inportantzia nabarmenduz, aurreratu dute hiriko bi espazio berri gehitu direla artistek beren lanak erakuts ditzaten. Hala, Convent Gardeneko Kripta itzuliko da, lehenengo edizioko esperientzia errepikatuz, eta Victoria Eugenia Club ere atxikitu da. Gainera, lanerako espazio berriak gehitu dira, hala nola Tabakalerako dantzarako Platoa eta Sortzaileen Gunea.

Era berean, Dabadaba, Emaus Social Factory eta aipatu dugun Kutxa Kultur gunea ere dira agertokien maparen parte.

Programazioaren xehetasunak labo.eus atarian daude dagoeneko, eta aurreratu dutenez, 17 performance eta dantza emanaldi eskainiko dira, pieza birtual bat, bi lantegi, bi topaketa profesional, liburu aurkezpen bat, eta DJ saio bat.

Estatutik zein Euskal Herritik etorriko dira Donostiara konpainiak, eta emankizun horietatik lau estreinaldiak izango dira Estatu espainiarrean. «Askorentzat Labo XL da Donostiara beren emankizunarekin etortzeko aukera bakarra», adierazi dio Naiz-i Barrantosek.

Ohiko zirkuitoen nortasunek zaila, ia ezinezkoa, egiten dute halako autoreek beren lanak zabaldu ahal izatea. «Aukera paregabea da», berretsi dute, gero eta lan talde handiago denaren balioa goraipatuz. Zentzu honetan, lankidetzak handituz doaz urtez urte, eta aurten, kasu, Circula! (Dantzaren sektoreko profesionalen mugikortasuna errazten duen estatuko programa) edo Caceresko DZM dantza-jaialdiarekin zubiak eraiki dituzte.

Eszenara igoko diren 31 antzezleetatik 18 emakumezkoak dira, eta sortu diren 17 performance eta dantza emanaldietatik 10 emakumeek egindakoak dira. «Eduki aldetik aniztasun handia dago, ezin da laburpen bat egin edo deskribapen amankomun bat», adierazi dio hedabide honi Estalak. «Gorputza eta espazioaren garrantzia bai dira elementu inportanteak guztietan, hori bai», zehaztu du.

Alejandra Balboa dantzariak ‘Vertebrata’ aurkeztuko du. (Angel SOUSA)

Formatu aldetik, badira obra oso laburrak, ordu laurden irauten dutenak, eta beste batzuk, luzeenak, ordubete luzatzen direnak. Obra espazioetara egokitzen dira, ez delako gauza bera Emausen aritzea, edo Victoria Eugenia Clubean. Edozein kasutan, ez dira agertoki handietarako sortutako proposamenak.

Kartela eta sarrerak

Aurtengo kartela Oihana Vesga dantzariaren irudiak hartu du eta, tradizioari eutsiz, berea izango da jaialdiaren programazioa inauguratzeko ardura. Urriaren 19an izango da, 12.30etan. ‘Altzoan altzoan esaten dit’ eta ‘Bragas y Celine’ aurkeztuko du Kutxa Kultur Plazan. Jaialdiaren irekiera ekitaldia ordu-erdi lehenago izango da.

Urdin kolorea nagusitzen den kartelean eta dantzariaren aurpegia biderkatuta ikusi daiteke, asmoa arte eszenikoen kolektibo osoa irudikatzea baita. Kolorearen hautua ere ez da kasualitatea. «Pakea transmititu nahi dugu, atsedena, sosegua. Oso urte zailak izan dira sektorearentzat, naturaz oso prekarioa den sektorearentzat. Etorkizunera begiratu nahi dugu, zerura, eta eguzkiaren energia jaso. Indartuta itzuli nahi dugu, komunitatea bizirik gaudela erakutsi nahi dugu», azaldu du Estalak kartelaz.

Sarrerak gaurtik aurrera salgai daude LABO egitasmoaren web atarian, eta hiru dira formulak. 45 eurotik aurrera egun guztietarako bonoa eskuratu daiteke, eta honek emanaldi guztietaz gozatzeko aukera ematen du. Hogei eurotik aurrera egun batez eskaintzen den guztia ikusi ahal izango da eta hamar euroren truke emanaldi bakoitzera joan ahal izango da.