Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Esther Arrojeria: «Liga hamabi taldetara murrizteak berdintasuna areagotu du»

Bera Berak Logroñora bidaiatuko du larunbat honetan Grafometal La Riojaren aurka indarrak neurtzeko (19.00etan). Ligako laugarren jardunaldia izango da eta soilik Rocasak irabazi ditu aurreneko hiru partidak. Esther Arrojeria usurbildarraren ustez, «ligan dagoen berdintasunaren» erakusle da hori.

Esther Arrojeria, Elxen aurkako partidan, Gaskan.
Esther Arrojeria, Elxen aurkako partidan, Gaskan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bera Berak ez zuen nahi bezala hasi liga txapelketa etxean Malagaren aurka galdu ostean. Arerio zuzenak dira andaluziarrak eta azken urteetan estu hartu ohi izan dute talde donostiarra –2020eko Superkopan gailendu zen, urte horretan berdinketa erdietsi zuen Donostian–. Dena dela, hiriburu gipuzkoarrean oraindik irabazi gabe zegoen Malaga eta azkenean, irailaren 2an balentria egin zuen.

Porrot horretatik ikasita, hurrengo bi jardunaldietan sendotasunez aritu dira donostiarrak, egungo liga txapeldunaren indarraz. Esther Arrojeria kapitainak azaldu du lehen jardunaldi horretan defentsan ez zutela gehiegi asmatu, «ez ginen gustora geratu eta hurrengo bi partidetan gure izaera gehiago mantendu dugu». «Defentsa oldarkor bat mantendu dugu, bai 5-1eko sisteman Granollersen aurka eta baita 6-0koan Elxen kontra ere», azaldu du usurbildarrak.

Hirugarren sailkatua da Bera Bera, Rocasa –hiru partidak irabazi dituen partida– eta Aula Valladoliden –bi garaipen eta berdinketa bat– atzetik. Soilik kanariarrek irabazi dituzte orain arteko partida guztiak eta Arrojeriaren ustetan «ligan dagoen berdintasunaren» erakusle da hori. «Lehen bi jardunaldietan ez zen partidarik bukatu hiru goleko aldea baino gehiagorekin. Liga hamabi taldetara murrizteak hori ekarri du, berdintasuna areagotzea eta partida bakoitza final bat izango balitz moduan jokatu behar izatea», iritzi du.

Logroñora bidaiatuko du asteburu honetan talde donostiarrak (larunbata, 19.00etan, Kirol Jauregian), igo berri den taldea da errioxarra. Grafometal La Riojak ez du partidarik irabazi baina maila ona erakutsi duelakoan dago Arrojeria. Gainera, Aula Valladoliden aurka garaipena eskuratzetik gertu egon ziren –azkenean berdindu egin zuen–. Usurbildarra, gainera, ziur dago «beraien zaleen aurrean gauzak ez dizkigutela batere erraz jarriko. Gainera beti gehitzen zaio faktore bat, garela pasa den urteko txapeldunak eta beti gose gehixeagorekin hartzen gaituzte aurkariek».

Nolanahi ere, argi dauka beraien lana ondo egiten badute «bi puntuak Donostiara ekartzeko moduan» egongo direla eta «helburua hori da, guk gure maila ematea».

Pertsonalki, «pozik» agertu da usurbildarra. Taldean jokalari gakoa da, kapitainetako bat da, eta azken bi urteetan lesioak alde batera utzi eta jarraitutasun handia ari da izaten. Horren erakusle da Espainiako selekzioaren deia. Mediterranear Jokoetarako taldean ere sartu zen baina oraingoan, Europako txapelketa prestatu asmoz jokatuko duten torneorako deitu dute eta hori urrats bat gehiago da lehen lerroko gipuzkoarrarentzat.