NAIZ

Arbonako lurrak espekulaziotik salbuan jartzeko parioa egin du Safer egiturak

Lurzaindia elkarteak luzaturiko eskaerari erantzunez Arbonako Berroeta bidean salgai diren lurrak laborantzakoen prezioan lehentasunez erosteko erabakia hartu du espekulazioaren aurkako borrokan zeresan handia duen Safer egiturak. Hilabeteko epea du saltzaileak bere hautua jakinarazteko.

Lurzaindia elkarteko eta ELB sindikatuaren ordezkariak, irailaren 8an, Arbonan eginiko agerraldian. Patxi BELTZAIZ
Lurzaindia elkarteko eta ELB sindikatuaren ordezkariak, irailaren 8an, Arbonan eginiko agerraldian. Patxi BELTZAIZ (Patxi BELTZAIZ)

ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak iragan irailean 8an eskaera luzatu zioten Safer egiturari Arbonako Berroeta auzoan salgai diren lurrak laborantzakoen prezioan lehentasunez erosteko erabakia hartu zezan.

Ostiral honetan jakitera eman denez, atzoko egunez notarioaren aurrean jakinarazi zuen Saferrek bere hautua hori zela.

Gauzak horrela, Arbonako Berroeta bidean kokatzen den lau hektarea lur laborantza lurren prezioan saltzeko hilabete bateko epea izanen du Yves Borotra jabeak.

Finean, lurren jabeak bi aukera ditu: edo proposamena onartzen du, edo osotasuna erosteko eskatzen dio Saferrari, laborantza xedea duten lau hektareak, baina baita hiru milioi euro nahi zituen prezioan eraikiak diren hiru etxeak ere.

«Bistan da ezin izanen dugula parte hori eskuratu», adierazi du Jean-Claude Saint-Jean, Saferraren Euskal Herriko batzorde teknikoko lehendakariak, kazeta.eus atariak jaso duenez.

«Presioa da gainerakoa eginen duena» gehitu du saltzailearen erantzunari buruz ilusiorik egin gabe.

Iazko urtean garaturiko okupazio eta mobilizazio azkarrari esker orduko salmenta etetea lortu bazen ere, Yves Borotra jabeak berriz salgai ezarri ditu eraikinetako bat eta lur sail osoaren lau hektarea.

Hiru milioi euro galdegiten ditu eta Pariseko bikote bat presta litzateke erosteko.