Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Maria Elorza
‘A los libros y a las mujres canto’ filmaren zuzendaria

«Saiatu behar dugu liburuek benetan bizitzen lagun gaitzaten eta ez hil gaitzaten»

Etxeko liburu apalategia gainera erori zitzaion egun batean Maria Elorzaren amari. Liburuek hil dezakete? Laguntzen digute bizitzen? Askeago egin gaitzakete?, hauek egileak ‘A los libros y a las mujres canto’ filmean luzatutako galderak.

Maria Elorza zinema zuzendaria.
Maria Elorza zinema zuzendaria. (Jon URBE | FOKU)

Etxean liburuz beteta zeukan apalategia gainera erori zitzaion amari. Eskuko behatza puskatu eta betirako okerra geratu zaio, egun haren lekuko. «Grabatu egin nuen liburuak nola gelditu ziren. Erdi txantxetan hasi nintzen zerbait egingo nuela esanez eta aldi berean ikus-entzunezko bat egin nezakeela pentsatuz grabatzen hasi nintzen etxeko liburuen inguruan, literaturaren inguruan. Grabatzen joan nintzen ahala ikusi nuen hor bazegoela interesatzen zitzaidan zerbait eta zabaldu nuen pertsonaien espektroa eta joan nintzen amaren hainbat lagunen etxera», gogoratu du.

Antonia Deias, Loreto Casado, Viki Clarademunt eta Waltraud Kirste dira lau emakumeak. Eta kamera aurrean elkarrizketak egiten, Anne Elorza, Mariaren ahizpa. Azken honek italieraz egiten du amarekin eta bi hizkuntzak, italiera eta gaztelera, entzun daitezke Txintxua Films-ek ekoitzitako lanean. New Directors sailean da lehian.

Hainbat tokitan egin ditu Maria Elorzak grabazioak, Donostia, Zarautz, Pasaia, Esparza, Turrillas, Bilbo, Madrid, Suancesen. Baita Italian ere.

Elorzatarren ama literatura irakaslea da eta inguruan ditu literaturaren arloan lan egiten duten emakumeak edo literaturarekiko interesa dutenak. «Txikitatik ezagutzen ditudan emakume kuttunak banituen, familiarteko pertsonaiak», kontatu du.

Amari gertatutako anekdotatik abiatu eta proiektua haziz joan zen. «Amaren lagunen etxean ez bakarrik liburuek, baita horrekin lotutako koadroek, paretetan zintzilik zeuzkaten gauzek, arropek ere zeukaten presentzia etxeetan. Filmikoki materiala egon zitekeela ikusi nuen eta irudi horiek pantailara eramateko aukera bazegoela», adierazi du.

Liburuek hil dezakete? Laguntzen digute bizitzen? Askeago egin gaitzakete? Hauek dira Elorzak mahai gainean jarri dituen galderak. «Saiatu naiz liburuaren goraipamen oso sinplista egiten eta alderdi desberdinak azaltzen. Agian liburuek hil ere egin dezakete, zergatik ez? Bi gauzak batera izan daitezke. Baina sinesten dudanez bizitzan lagunduko digutela, iruditzen zait hortik jo behar dugula. Saiatu behar dugu liburuek benetan bizitzen lagun gaitzaten eta ez hil gaitzaten. Bi aurpegiak dituzte liburuek eta saiatu behar dugu deskubritzen nola lagunduko diguten».

Bilaketa zabala

Behin irudiak grabatuta nola pasa hori dena zinemara? Hortxe gakoa. «Nik neure iruditerian zinemari lotuta ditutan hainbat irudi bilatzen hasi nintzen. Loretok, filmeko elkarrizketatu batek, esaterako, surrealismoarekiko interes handia dauka eta begi baten koadroa dauka etxean. Nik Buñuelen begia irukatzen dut, ezin du bestela izan. Eta antzeko loturak eginez joan nintzen. Eta artxiboetan denetarik bilatzen hasi nintzen gero. Bideo zientifikoak, unibertsoari lotutako irudiak, Borgesen ‘La biblioteca de Babel’-en testuari lotutakoak, publizitatea, 30. hamarkadako etxeko grabazio zaharrak… denetarik. Denbora asko pasa nuen irudi horien bila. Horrez gain pertsonaiek kontatutakoari tiraka hainbat tokitara joan nintzen, saiakera kutsua duten pasarte batzuk sartzeko», kontatu du.

Hori denarekin muntaia lana, sekulakoa. «Izugarria izan da. Bilaketan ere badago, baina horri guztiari egitura ematen izan da batez ere lana. Off ahotsak asko lagundu du egituratzen. Gauza asko kanpoan geratu dira, noski. Dispertsoegi izan ez zedin ahalegina egin dut», azaldu du.

Literaturarekiko maitasunaz harago zer daukate komunean lau emakumeek? «Literaturarekiko ikuspegi oso anitza dute lau emakumeek. Bat aktibismotik ari da, bestea irudimenari lotuta, eta bada memoriari lotuta bizi duena ere. Komunean daukatena da laurek bizi izan dutela euren bizitzaren parte garrantzitsua literaturaren bitartez. Eta literatura ikusten dute ez denbora pasa bezala bakarrik, bizitzan zoriontsuago, askeago izateko modua bezala eta hein batean mundua aldatu ala hobeagoa egiteko bide bezala. Bakerako, zorionerako, elkarbizitzarako bidea, eta ezagutzarako, noski».

«Gure bizitza oso mugatua da, kasu askotan gure irlan bizi gara –bidaiatu dezakegun arren–, gure gorputzean bizi ditzazkegun esperientziak mugatuak dira baina irudimenarekin askoz harago joan zaitezke. Mentalki oso esperientzia anitzak izan dituzten emakumeak dira eta hortik harago asko amestu dute; barne bizitza oso aberatsa izan dute», gaineratu du.  

Eta zinemara itzulita, irudiek garrantzi handia izan dute euren bizitzetan. «Irakurtzen joan diren heinean imajinatzen zuten guzti hori eurekin daukate beti eta horrek ere zinema egiteko aukera ematen zidan».

Erresistentzia

«Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume-armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimoa da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa», dio Elorzak filmaren aurkezpenerako idatzitako testuan.

Izan ere, isilpeko erresistentzia egin dute emakumeek. Hautu politikoa. «Literaturaz bizitzeak ematen die mundu hobea egin nahiarekin erresistentzia egiteko borondatea. Eta letrak oso abandonatuta daude unibertsitateetan eta irakurketaren gainbehera dago. Beraiek ere galera horren kontra egin behar delakoan daude. Ez dauzkagu medio asko baina bakoitzak duen bere etxetik eta daukan boteretik egin dezake: liburuak mantendu, liburuez hitz egiten jarraitu, jada modan ez dauden gai askori buruz hitz egin dezakegu… Literaturan edo zineman egile ospetsuak ezagutzen ditugu baina ez haren atzean berak bezain lan garrantzitsua egiten dutenak. Zer da garrantzitsuagoa, liburua idatzi duena ala liburu hori mugitu, maitatu eta gordetzen duena hemendik lau belaunalditara existitzen jarraitzea ahalbidetzen duena. Biak dira baina bigarrena ez da egunkarietako azaletan ateratzen».