Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Aberatsa banintz

Haunditzen zeranean ikasiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun», esango zion anaia nagusiak, nonbait, beren ama hizkuntzan edo gaztelaniaz, euskal futbol talde bateko jokalari gazteari, Espainiako Gobernuko presidenteari zergak jaisteko eskatuko liokeela esan zuenean. Duela pare bat asteko kontua da, baina nik asteon izan dut sareetan hedatu omen zen horren berri.

Ez nator mutil horri kargu hartzen, ezta hurrik eman ere (ez naiz futbolaria, futbolzalea ere gero eta gutxiago, baina betidanik eta oraindik ere talde horren zalea naiz, zalantzarik balego ere). Ez, mutil hori ez da ezeren salbuespena. Futbolari gazteek, futbolari gehienek, eliteko kirolari gehienek, aberatsek eta aberats ustekoek oro har pentsatzen dutena baino ez zuen esan. Ez da, ez denez, bakarra, badakit hori pentsatzea dela ez dakit normala baina bai ohikoena. Aberats kontzientzia baitauka. Hogei urte baino ez ditu eta aberatsa da edo hala uste du. Urte batzuk barru, aberatsago eta hedabideen aurrean zailduago, ez du halakorik esango, baina bai kirolarien karrera oso motza dela, eta gero urte asko izango dituela aurretik (pentsa gazte gehienek zenbat urte dituzten aurretik, eliteko kirol karrera motzik gabe).

Jarraitzaile asko dituzten pertsonak dira, eta irabazteko eskatzen zaie. Beren kirol modalitateko lehiak irabazteko, eta diru asko. Jarraitzaile askok zergak zerbait kaltegarria diren ideia bere egingo dute, aberats izan gabe. «Nire faboritoak zureak baino auto, etxebizitza, neska (hara, neska kirolariak ere badira, baina ez da gauza bera, ez dute dirutza berdina kobratzen, maiz lehia gehiago irabazita ere) gehiago ditu». Beren idoloarentzat txarra dena denentzat da txarra, eurentzat bai behintzat.

Tristeagoa da zergak ordaintzeko ere ez daukana zergen aurka agertzea. «Ez daukanari ezin diote dirutzarik kendu», esango du dirutza «kendu» diotenak, «hola bai, bizi leike arazorik gabe». Besterik ere entzuten da zergen aurkako kexak direla eta: «Nahiago nuke nik 63 euro itzuli beharrean milioi bat kenduko balidate».