Garazi Castaño

«Entrenamenduetan gustura nabil eta hori islatzeko asmoarekin nabil»

Donostiako Victoria Eugenia antzokian 706 puntu bildu eta Irungo finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu du Jone Uriak. Oholtza gainean gorputzaldi onarekin sentitu zuen bere burua eta hala jarraitu nahiko luke.

Audio_placeholder

«Entrenamenduetan gustura nabil eta hori islatzeko asmoarekin nabil»

Loading player...
Jone Uria bertsoalria Victoria Eugeniako saioan
Jone Uria bertsoalria Victoria Eugeniako saioan (Iñigo Uriz, Foku)

Oso rol ezberdinetatik abestu zuen Jone Uria algortarrak Victoria Eugenia antzokian Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko saioan, pasa den urriaren 8an. Politikari eskuindarra, supermerkatuko langilea...egindako lanarekin gustura geratu zen eta oholtza gainean sentitutako gorputzaldi hori mantendu nahiko luke Irungo saioan ere, azaroaren 5ean. Aurten abenduaren 18ko finalean gutxienez bi bertsolari berri egoteak bertso maila igoko duela uste du, «borroka egongo da» esan du Kultur Haria saioan.

Larunbatean, Victoria Eugenia antzokian lortu zenuen zure pasea. Zer moduz sentitu zinen oholtzan?

Oso eroso egon nintzen eta nahiko lasai. Beno, txapelketa bat dela kontuan hartua, txapelketan inoiz ez gaude lasai. Baina horiek denak kontuan hartuta nahiko lasai egon nintzen eta zailtasun handirik gabe lanean zentratzeko . Hori eskertzekoa da beti eta zentzu horretan pozik nago lortu nuelako gorputzaldi onean egotea.

Rol ezberdinetan aritzea egokitu zitzaizun.

Politikari eskuindarrarena nik aukeratu nuen. Errazagoa irudi zitzaidan hortik karikaturizatzea eta hortik eraikitzea kritika bat egitea, umoretik. Baina bertsolariok ohituak gaude paper ezberdinak hartzera eta ezberdinagoak badira, hobeto. Batzuetan gertatzen da ama, amona, alaba papera tokatzea eta zailagoa egiten da. Nire kasuan oso ezberdinak ziren hirurak eta ez nuen batere zailtasunik izan batetik bestera salto egiteko eta bakoitzaren azalean jartzeko.

Batzuetan ba ematen du errazago izan beharko lukeela norberarentzako gertuagoa den pertsonaia baten azalean kantatzea, baina ez du zertan. Hain zaizu eguneroko iruditzen ahal zaizula ez dagoela ezer berririk esateko. Urruneko paperetan konkreziora joateko erraztasun gehiago daude.

Donostian, beraz,  eroso. Txapelketari dagokionez zer erronkekin ekin zenion?

Bizkaiko txapelketatik ia-ia segidan etorri da Euskal Herrikoa. Atseden handirik gabe. Baina egia da aurretik baneramala atseden luze bat txapelketarik gabe. Egia da pandemiak urtebete luzatu duela atsedenaldia baina esango nuke niri on egin didala horrek. Horri esker bizkaikoa beste gorputzaldi batekin kantatu nuen, beste patxada batekin, gustura eta eroso sentitu nintzen. Eta beldurra  nuen ea gorputzaldi hori galdua ote nuen, eta momentuz ez zait iruditzen hala denik. Orain, saiatuko naiz gorputzaldi horri eusten luzarorarte.

Azaroaren 5ean kantatuko duzu Irunen. Oholtza konpartituko duzu Sustrai Colina, Ane Labaka, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallusekin. Nola aurreikusten duzu saioa?

Lehen fasearen helburu bat izan ohi da norbera nola dagoen egiaztatzea. Eta tira, bada tenperatura hartzeko modu bat.  Zentzu horretan Irunera goazen bost tenperatura hori hartuta goaz. Gorputzaldi aldetik, antzera egoteko saiakera egingo dut, behar bada batzuetan apur  kontzentratuago baina nire burua gehiegi estutu gabe. Aldarte lasaian egon nahiko nuke baina aldi berean Txapelketa ahaztu gabe. Entrenamenduetan gustura nabil azken boladan eta hori islatzeko asmoarekin nabil.

Irungo taldeari dagokionez aitzakiarik ez dagoela uste dut. Ofizioetarako oso talde polita tokatu garela uste dut, aukera denak dauzkagu saio polita egiteko eta horrek beti laguntzen du norberarena ere ondo egiteko.  Gero,  ahal bada bigarren bueltara pasa, hobeto. Denek dugu gustuko  goian ibiltzea eta ni ere hala joango naiz.

Orokorrean, txapelketarekin, zein da zure sentsazioa?

Nik uste dut bero datorrela. Bestela ere bada berritasun bat. Finalean bi leku berri egotea nobedadea da. 2001etik ez da hori gertatzen, nik memoria daukadanetik finalista bakarra aldatu da eta aurten badakigu gutxienez 2 aldatuko direla, eta horrek berritasunaz gain morboa ere ematen dio. Iruditzen zait maila dagoela eta borroka egonen dela. Finalerako txartela lortzeko borroka estua izanen da, norberak bere burua estutuko du eta horrek bertsogintzaren mailak gora egitea eragingo du. Nik uste dut Txapelketa oso ona ikusiko dugula. Bestetik, gatozen lekutik gatoz eta jendea gogoz zegoen Txapelketa iristeko, nabaritzen da jendea gogoz dagoela. Ni Lizarran eta Donostian izan naiz eta publikoa oso bero sumatu dut, bietan bukatu dira sarrerak eta hori seinale ona da.

Aurten Imanol anaia ere Txapelketan aritu da. Bizipen konpartitu hori nolako da? 

Egia da Bizkaikoetan ohituagoa nagoela berarekin kantatzera, noiz edo noiz elkarrekin topatu baitugu elkar. Esperientzia bezala ez da bereziki gustagarria. Imanolen saioetan, ia-ia, ia gabe egia esan, nire saioetan  baino urduriago jartzen naiz. Oholtzan zaudenean zure buruaz aparte beste batekin kezkatzea ez da erreza. Euskal Herrikoan ez dugu inoiz elkarrekin kantatu, eta aurten bai, egia da denbora gutxirako...baina elkarrekin entrenatu dugu.  Nire larunbateko poza pixka bat joan zitzaidan larunbaterakoarekin, baina esperientzia polita izan da oso oso gertukoa duzun norbait aditzea. Nork berak kantatzen duenean ez zara hain kontziente zenbat sufritzen duen besteak.