NAIZ

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Onkologikoarentzat «konponbidea» eskatu diote Lakuari

Elkarrekin Podemosek mozioa bat aurkeztuko du Gipuzkoako udal guztietan, eta EH Bilduk Osasun Sailaren «utzikeria» salatu du. Bi indar politikoek bat egin dute larunbaterako deituta dagoen mobilizazioarekin

Onkologikoko langileak protestan, 2021eko maiatzean
Onkologikoko langileak protestan, 2021eko maiatzean (Gorka Rubio | FOKU)

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ostiral honetan Onkologikoan egindako prentsaurrekoan salatu du osasun sailaren aldetik, Osakidetzaren aldetik eta Kutxaren aldetik dagoen «noraeza» eta «utzikeria». Lakuako Osasun Sailari, dagokion funtzio publikoa betetzeko exijitu dio.

Hitzarmena 2022.urtean amaituko da, eta Uberaren ustez ulergaitza da oraindik ezer ez jakitea: ez akordioa luzatuko den, eta ezta ez bada luzatzen zer egingo den ere. Osasun Saila «arduragabekeriz jokatzen» ari dela uste du: «Errekurtsoak, azpiegiturak eta profesionalak izanda, herritarrak itxaroten egotea ulertezina da». Adierazi du diru publikoa «zakarrontzira botatzen» ari direla Onkologikoari irtenbide bat eman ezean eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeko dei egin du.


Elkarrekin Podemos-IUk ere bere kezka adierazi du ohar baten bidez, eta mozio bat aurkeztuko die Gipuzkoako udalei Lakuako Gobernuari Onkologikoaren egoera larriaren aurrean konponbidea eskatzeko.

Onkologikoko enpresa-batzordearekin bildu ondoren bultzatutako ekimena da koalizioak egingo duena. Argi du zer eskatzen dion Lakuako Gobernuari: Onkologikoko langileen eta erabiltzaileen ordezkariekin negoziazio mahaia sortzea, zentroak bizi duen «egoera larriari» irtenbidea emateko. Orain arte egindako lotura-prozesuaren azterketa partekatua egin, eta datozen hiru urteetarako lotura-hitzarmen baten proposamena egitea izango litzateke mahaiaren helburua.


Arazorik ez Sagarduiren ustez

Lakukuako gobernuko kontrol plenoa izan da gaur, eta Gotzone Sagarduiri Onkologikoko egoeraren berri galdetu diote. Osasun ahokulariak ukatu egin du Onkologikoak izaera mobografikoa izateari utzi dionik. Eta gehitu du zentro erreferentziala bihurtzeko prozesuan dagoela: «Onkokologikoa minbiziaren aurkako borrokan erreferentzia bihurtzen ari da, eta ez Gipuzkoako biztanleentzat bakarrik».

Horrez gain, tratamentu berriak ere abian jarriko direla esan du Sagarduik: «Osakidetzaren biden tratamendtu eta teknika berriak gehitzen joango gara, protonterapiarena adibidez». Langileei dagokionez, Onkologikoko langileek «egonkortasun» laborala badutela eta badakitela adierazi du.

Larunbatean mobilizazioa

Larunbat honetarako mobilizazioa deitu du Onkologikoko paziente eta erabiltzaileen batzordeak bertako langileekin batera. Osakidetzan integratzea, erreferentziazko zentro «integral» eta «monografikoa» izatea eskatzen dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk 12:00etan Bulebarretik abiatuko den mobilizazioarekin bat egin dute. Eta Elkarrekin Podemosek mozioaren erregistroa egun horretan egingo du, manifestazioaren atarian.