NAIZ

Eutanasia: Belgikako Estatuko 20 urtetako irakaspenak, sendagile baten ahotan

Badira 20 urte eutanasia legeztatu zela Belgikan. Marc Decrolyk, eutanasiak burutzen dituen medikuak, prozedura zertan datzan azaldu dio AFPri, eta, bide batez, arauaren garrantzia azpimarratu du.

Marc Decroly medikuak 100 paziente baino gehiago lagundu ditu bere bizitza amaitzen.
Marc Decroly medikuak 100 paziente baino gehiago lagundu ditu bere bizitza amaitzen. (John THYS | AFP)

Belgikako Estatuan eutanasia 2002ko maiatzaren 28an despenalizatu zen, Herbeheretan baino bi hilabete beranduago. Horretarako argitaratutako testuan, eutanasiaren eskaerak «borondatezkoa, hausnartua, errepikatua eta kanpoko presiorik gabekoa» izan behar du.

58 urteko Marc Decroly mediku jeneralistak eutanasia etxean egiten du, eta berarentzat «inork ezin dio pazientearen nahiari aurka egiten» legeak ezarritako baldintzak errespetatzen badira. «Eutanasiarena ez da inoiz erraza, baina pazientearekin eta haren familiarekin egiten dugun prozesu oso baten amaiera da. Zerbait lasaitasunez ixteko modu bat da», azaldu dio medikuak AFPri.

Eutanasia onartua dago biztanle belgikarren artean; izan ere, joan den apirilean eutanasiaren aurka egin zen manifestazio batek 350 lagun baino ez zituen bildu.

Horrela, 2021ean 2.700 eutanasia deklaratu ziren Belgikan (heriotza guztien %2,4), gehienak 60 eta 89 urte bitarteko pazienteentzat; eta kasuen %84an «epe laburrerako» heriotza espero zen, Kontrol Batzorde Federalaren arabera. Berrogeita bederatzi kasu ez-egoiliarrei egin zitzaizkien, horien artean 40 frantsesei. Erdiak baino gehiago (%54) pazientearen etxean egin ziren.

Decroly medikuak azaldu duenez, «eutanasiarena ez da inoiz erraza, baina pazientearekin eta haren familiarekin egiten dugun prozesu oso baten amaiera da. Zerbait lasaitasunez ixteko modu bat da». «Oso aberatsa da giza terminoetan. Emozio horiek guztiak hautematen ditugu, hazten gaituzte, aurrera eginarazten digute, apur bat hobeak egiten gara, hori espero dut behintzat», gehitu du AFPri eskainitako azalpenetan.

Pazientea entzutea

Berarentzat, eutanasia jaso behar duten pazienteak ez dira salbatuko dituzten pertsonak baino garrantzitsuagoak, «egoera desberdinetan» daudela argitu du. Bere aburuz Belgikako legea «oso ona» da, ez baitu gaixoa bakarrik uzten.

Hala ere, medikuak berak ezetz esan diezaioke prozesuari, beste kide batzuekin kontsultatu ostean. Decrolyk behin egin behar izan zuen hori; izan ere, pazientearen familia zen erabakia hartu zuena, eta ez gaixoa bera. «Ikusi nuen ez zuela sufritzen eta ez zuela hiltzeko gogorik».

Hortaz, berarentzat garrantzitsuena eria entzutea da. Eutanasia pratikatzera paziente baten etxera iristen den bakoitzean, erabakiari buruz hitz egiten du berriz berarekin. «Medikuarengana iristen denean, pazienteak bere bizitza fidatzen digu. Hemen, bizitzatik heriotzerako urratsa berarentzat eta ingurukoentzat ondo joatea nahi dugu», baieztatu du.

Bi alditan egiten da eutanasia. Lehenengoan lasaigarriak eta, gero, substantzia hilgarriak infusatzen ditu medikuak. Bigarrenean, aldiz, familiarekin hitz egitea eta hileta-zerbitzuak deitzea dagokio profesionalari.